01.Feb.2019

Nola bizi dolua eta galera ikastetxean

Atxikimenduz elkar-loturik izaten gara maite ditugun pertsonekin eta horrek mesede baino ez digu egiten bizi ahal izateko.

Foto dolua

Horregatik, maite dugun pertsona galtzean edo berarengandik urruntzean, dolua bizi izaten dugu. Orduan, galera horretan, prozesu egokitzaile bat bizi behar izaten dugu. Aipatu prozesua ez da gaixotasuna, nahiz eta batzuetan egoera horretara irits daitekeen. Pertsona guztiek ez dute era berean bizitzen eta adierazten, bakoitzak bere erara bizi izaten du. Mingarria da eta gure mendebaldeko gizartean, sarri, ez du lekurik. Lekua egin ordez eta dolua bizi duten pertsonaren bidaide izan ordez, pertsona bizipen mingarri horretatik urrundu eta prozesua behar bezala garatzea ukatzen zaio.

Dolua prozesua era, egoera eta testuinguru ezberdinetan bizi izaten da.

Ikastetxeetan, hezkuntza komunitateek, dolu-egoerak bizi izaten dituzte, irakasle eta ikasleek ere. Komunitate-kideen eta aiton-amonen heriotzek, maskoten hiltzeak, emigrazioak eta familia-banaketek dolua, galera eta mina sortzen dituzte. Prozesu horietan ematen diren bizipen eta bizitzeko-erak desberdinak dira, protagonistak ere .

Doluaren aniztasuna aintzakotzat hartuz, “NOLA BIZI DOLUA ETA GALERA IKASTETXEAN” on-line ikastaro honetan, ikastetxeetan, ikasleek maite dituzten pertsonen galerak sortutako min eta ondorioz, bizi izaten dituzten dolu-prozesuetan oinarrituko gara: ikastetxeetan hainbat pertsona bizi duen prozesu horren jabe egin eta horren aurrean jarriko gara; enpatiaren eskutik prozesu horiek heldu eta era egokian bilakatzeko segurtasun afektiboa langai izango dugu; dolu-prozesuaren oinarri teorikoak ezagutuko ditugu; eta bizi- ikaskuntza horretan bidaide izateko eta bizitzarako konpetentzia horren garapenari ere helduko diogu.