21.Jun.2019

Harrera on batek integrazio-politika on batekin zerikusia du, eta horretarako balio behar luke

Harrera-sistema bat txarra, ona edo erdipurdikoa izan daiteke, baina zerbaitetarako balio behar du, helburu bat eduki behar du.

Gizarte guztiak dira eta izan dira anitzak. Aniztasuna ez da fenomeno moderno bat, edo azken urteetakoa. Arlo horretan, gizarte modernoak ez dira bereziak aurrekoekin konparatuta.

Aniztasuna eta dibertsitatea nabariak diren gizarte batean bizi garela ebidentzia bat da. Eta munduaren bilakaera kontutan hartuta, gauzek hala jarraituko dutela dirudi. Gure gizarte hau beti izan da anitza, gizarte gehienen antzera. Europako zati txiki bat gara, eta Europako beste lurraldeetan gertatu den bezala, migrazio diferenteen topaleku izan gara historian zehar.

Aniztasuna preziatzen dugu, onerako denean, edo beste modu batera esanda, berdintasuna eta diferentziari buruzko balore judizioa, ongia edo gaizkiari buruzko balore judizioaren menpe dagoenean. Horrela ba, aniztasuna guztiontzat aberasgarria izan dadin, ondo kudeatu beharko dugu gaia, kontuan hartuz normalean arazoa ez dagoela diferentzien objektibotasunean, hauei ematen diegun garrantzia politikoan baizik.

Joan zen mendeko 50. hamarkadan, milioika migrari abiatu ziren Europako iparraldeko estatuetarantz. Errefuxiatuek, desplazatuek, kolonietatik etorritakoek, Europa Hegoaldeko eta Afrika eta Asiako langile migrariek osatu zuten mugimendu erraldoi hori. Hogeita hamar milioi pertsona iritsi zirela kalkulatzen da, eta haietatik hogei milioi migrazio-helmuga horietan geratu zirela.

Gure gizartea anitza izan da beti, eta joan zen mendeko laurogeiko hamarkadatik aurrera etorritako migrariek aniztasun berri bat erantsi diote.

Immigrazio berri horrek, gaur egun jarraitzen duenak, hiru ezaugarri nabari ditu:

Etorri direnak eta etortzen jarraitzen dutenak atzerritarrak direla zentzu politiko eta administratiboan.
Herrialde diferente askotatik etorri direla.
Immigrazioa bera ere oso anitza dela.

Etorkin berri horiek atzerritarrak dira; ez dute, guk bezala, nazionalitate espainola, eta horrek ondorio politiko, sozial, ekonomiko eta ideologiko nabarmenak ditu beraien egoeran. Atzerritar izatea, edozein tokitan —hemen eta beste edonon—, ondorioz kargatutako egoera bat da.

Estatu modernoetan, den-denetan, Europan, Afrikan, Asian edo Amerikan, zentzu juridiko-politikoan, atzerritar izateak hiritar oso ez izatea dakar. Eta horrek, nahi eta nahi ez, ondorio garrantzitsuak ditu bizitzaren arlo askotan.

Immigrazioaren aniztasuna

Immigrazioa anitza da, eta anitzak dira migrazio-proiektuak, eta aldakorrak, egoera politiko eta ekonomikoari lotuak, azken krisialdian behin baino gehiagotan ikusi dugun bezala. Beren egoera juridiko-administratiboak ez dira berdinak. Bestalde, jatorrizko esperientzia sozialak, politikoak eta erlijiosoak ez dira berdinak, ezta elkartu eta antolatzeko moduak ere. Are gehiago, denboraren poderioz, integrazio sozial eta kultural maila ezberdinetan daude. Hau guztia kontuan hartu beharrekoa da harrera ona egin ahal izateko.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, 163.000 mila atzerritar (hau da, nazionalitate espainola ez dutenak) inguru bizi dira, populazioaren % 7,4. Atzerrian jaioak 221.000 inguru dira, baina horietatik askok eta askok nazionalitate espainola eskuratuta dute jada, eta utzi egin diote atzerritar izateari, zentzu juridiko-politikoan hiritar oso bihurtu direlako.

Egokitze- eta integrazio-prozesuak

Egunero ikusten dugunaren arabera, etorkizun guztiek oso egokitze-prozesu gogorrak eramaten dituzte aurrera. Gizarte ezberdin batera datoz, eta gauza asko, neurri batean edo bestean, ezberdinak dira hartaz: eguneroko ohiturak, lan-orduak, lan-harremanak, lan egiteko moduak, jakiak, jaiak, sozializazio-esparruak, bizitzaren eguneroko antolaketa, administrazioarekiko harremanak, araudi sozialak, hizkuntza kasu askotan, seme alaben eskola eta abar luze bat. Moldaketa prozesu hori aurrera eramatea, kontuan harturik askotan eguneroko bizitzan jartzen zaizkien oztopoak, ez da batere erraza. Azken finean, bizitzaren esparru asko berrantolatu behar dituzte, normalean bereziki lagungarria ez den eremu sozial berri batean.

Baina egokitze-prozesu hori hankamotz geratuko litzateke beraien ahalegin soila izango balitz. Guk ere, autoktonoek, bertakoek, ahalegin bera egin beharko dugu egoera berrira egokitzeko. Gainera, gehiengoa izanik, guri dagokigu bitartekoak jartzea egokitzapena aurrera eramateko. Eragina dugu beraien egoeran, eta baita beraiek gurean. Etorkinen, immigranteen, presentziak erauzi egiten du autoktonoen egoera, orokorrean eta arlo konkretuetan, betiko ohiturak aldatuz eta, batzuetan, duten portaerengatik harridura sortuz. Gizaki izateko beste modu batzuk daudela ikusten laguntzen digute. Azken finean, guztiok gara desberdinak, heterogeneoak eta exotikoak. Jendartea homogeneizatzeak, “gu” homogeneo bat bilakatzeak, “besteen” bazterketa edo kanporatzea suposatuko luke.

Hizkuntza- eta nazionalitate-aniztasuna

Gaur egun, 163.233 pertsona atzerritar bizi dira EAEn, 121 nazionalitate ezberdinetakoak. Horrek, esan gabe doa, gurea ez den bestelako hizkuntzak erabiltzen dituztela esan nahi du. Estatuak, ordea, ez dira neutralak hizkuntzen gaiari dagokionez. Gainera, etorkinak, hiritarrekin era guztietako erlazioak mantentzeko,  behartuta daude gutxienez hizkuntza ofizial bat erabiltzera.

Estatu modernoetan ez da gauza bera hiritar izatea edo ez. Hiritartasun osoa nazionalitatearekin eskuratzen da, bereziki eskubide politikoak eta, halaber, lanpostu konkretu batzuetan jarduteko eskubidea: funtzionarioa izateko eskubidea, hain zuzen.

Migrazioen logikan oso barneratua dago egoera berrietara egokitzeko borondatea. Badakite bizitza berri bat antolatu beharko dutela, harreman berriekin, eta askotan hizkuntza berriekin topo egingo dutela. Orokorrean, egokitze- eta txertatze-prozesu horretan ez dira gutxiengoak osatzen, nahiz eta teorian posible izan. Gaur egun, eduki komunitarioa duten aldarrikapenen artean, ez da ikusten jatorrizko hizkuntzei estatus berezia ematearen aldekorik; bai, ostera, praktika erlijiosoak onartzearen aldekoa.

Aurreko guztia kontuan hartuta, integrazioaren alde egiteak, ondokoa eskatzen du:

Kultura publiko komun partekatuaren aldeko jarduna, gizartea guztion parte hartzearekin osatzeko.
Immigranteen kultura eta identitate espezifikoak onartzea, gizarte aniztasunaren legezko parte bezala, giza eskubideetan eta demokraziaren honako printzipioetan oinarrituta, besteak beste: askatasun pertsonala, autonomia pertsonala, emakume eta gizonezkoen berdintasuna, laikotasuna eta askatasun erlijiosoa.

Nortasun anitzak, mestizoak dituzten pertsonen onarpena, kontuan hartuz lagungarri izan daitezkeela elkarrizketa eta zeharkako elkartasunak errazteko.