28.Nov.2018

Izan al daiteke hitanoa emakumeak boteretzeko tresna bat, sexismoaren aurrean?

“Zenbateraino hika Azpeitian?” (Olatz Altuna Zumeta eta Garbiñe Bereziartua Etxeberria)

Aurkezpenari hasiera Bereziartuak eman zion, orain arte hitanoaren inguruan egin diren ikerketak aipatuz. Ikerketa horien artean aipatu ziren Euskal Herriko Soziolinguistika Klusterrak Azpeitian eta Usurbilen hitanoaren presentzia kuantifikatzeko egindako ikerketak eta horien berri eman zuen Altunak. Lekukoa berriro ere Bereziartuak hartu eta Azpeitiko hitanoaren erabileraren gainean egiten ari diren ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen. Erabilitako metodologiaren deskribapena eginez hasi zen eta segidan hainbat punturen inguruan ateratako emaitzak plazaratu zituen. Ikerketan ateratako ondorio batzuk neska eta mutilen arteko desberdintasuna eta belaunaldien artean dauden desberdintasunak izan ziren. Amaitzeko hausnarketarako eta eztabaidarako puntuak jarri zituen mahai gainean: hitanoa izan ote daiteke gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko tresna? Hitanoa norentzat izan daiteke baliagarria? Nola egin behar litzateke transmisioa? Zuzentasunez hitz egitea oztopoa al da? Generoen banaketa binarioa auzitan jartzen ari den garaiotan zein leku hartu beharko luke hitanoak? Euskararentzat mesede izan ote liteke?

“Hitanoa bertsolaritzan: genero-begiradak” (Beñat Muguruza Aseginolaza)

Muguruzak hartu zuen hitza bigarren aurkezpenean. Lehenengo, berak egindako ikerketa kuantitatiboa izan zuen hizpide. 1986tik honako Bertsolari Txapelketa Nagusietan botatako bertsoetan hikako aditz-formen presentzia aztertuta ateratako datuak erakutsi zituen, presentzia oso baxua izan arren azken urteetan goranzko joera erakusten duten datuak. Bigarren zatian bertso munduko hainbat pertsonari egindako elkarrizketetan jasotakoak mahaigaineratu zituen, horien artean: Uxue Alberdi, Xabier Amuriza, Miren Artetxe edota Aitor Sarriegi. Honelako gaiei buruz esandakoak helarazi zituen: emakumeekin hika egiteko ohiturarik eza, bertsolari-estiloen arteko talka, sinesgarritasuna, transgresioa, ahalduntzea, botere-harremanak edota binarismoa.

“Arratiako noketaren galera XX. mendean zehar” (Karlos Aretxabaleta Ormaetxea)

Aretxabaleta bere gaia kokatzeko Arratiako testuinguru linguistikoa eta Arratiako hitanoaren ezaugarriak azalduz hasi zen. Nokaren atzerakadaren atzean egon litezkeen arrazoiak gogorarazi zituen, esaterako: elizaren debekua, emakume asko hirigunera neskame joan izana, kalean gizonen arteko tokak toki gehiago hartu izana (emakumeak etxean zeuden bitartean) edota baserri girotik kanpo tratamendua baztertu izana (prestijio txarragatik). Bere ustez XX. mendearekin etorritako aldaketek Arratiako zimendu soziolinguistikoak astindu zituzten, baserri kultura galtzen joan zen, eta horrekin batera hitanoa ere bai, bereziki noka.

“Antzuolan noketan: zer gertatzen da?” (Onintza Legorburu Larrea)

Legorburuk Antzuolan kokatu zuen hitanoaren gaia. Honako galderarekin eman zion hasiera bere aurkezpenari: Izan al dute eraginik genero rolek hitanoaren erabileran Antzuolan?. Aurkezpenaren amaieran baiezkoa erantzun zion galdera horri, beti baten galeran eta bestearen biziraupenean. Baina tartean erantzun horretaraino iristeko arrazoiak eman zituen.

“Hizkuntza mudantza” kontzeptuari lotuta, zukatik hikarako saltoa identitatearekin lotuta egin ohi dela aipatu zuen. Hizpide izan zituen baita ere transmisioan egon den etena eta agian berdinen arteko transmisioa kontuan hartzeko beharra, euskararen galeran emakumeei errua egotzi izana edota generoen arabera egiten den espazio publikoa eta pribatuaren arteko banaketa. Hizkuntzaren sozializazioa eta hizkuntzekin batera doazen balioak ere kontuan hartu zituen, esanez noka ez dela ezkontzen feminitate hegemonikoaren baloreekin.

“Hitanoaren erabilera: ikuspuntu desberdinak” (Josune Zabala Alberdi, Bernardo Atxaga eta Amelia Barquín López)

Barquínek eman zion hasiera aurkezpenari. Euskara beste hizkuntza batzuk bezain sexista ez den usteari heldu zion. Eta genero hizkuntza ez izan arren edo maskulino orokorrik ez izan arren zenbait egoeratan jokabide sexistak badaudela azaldu zuen, esaterako: hitanoa erabiltzea erabaki den publizitate kanpainetan toka egin izan dela (Erretzeari utzi iezaiok), abesti askotan ere toka erabili izan dela (Kanta zak euskalduna, kanta zak hire herrira) eta esaera zaharretan ere bai (Emaileari emok, egileari egiok). Horrekin batera esan zuen euskararen baitan hitanoa dela genero morfologikoa daukan dimentsio bakarra. Hala ere, aipatu zuen hizkuntza erromanikoetan binarismoari alde egitea zaila bada ere euskara hizkuntza “queer”agoa dela.

Ondoren Atxagak heldu zion lekukoari. Baudelaure-en hitzak ekarriz hasi zen: infinitoaren ideia bat hartzeko nahikoa litzaiguke itsas mila bat ikustea. Atxagak, berak ikusten duen millari buruz hitz egin zuen. Eta literaturako zenbait pasartetan kokatu zuen hitanoa. Lehenik, Gabriel Arestik itzuli zuen Blas de Oteroren olerki batean. Hurbiltasuna lortzeko helburuz hitanoa erabili omen zuen Arestik, hurbiltasuna, burkidetasuna edo kamaraderia. Bigarrenik, Arestik egindako beste itzulpen bati buruz aritu zen: Nazim Hikmet-en Taranta-Babu-ri gutunak izeneko maitasun poemak. Kasu horretan ere hurbiltasuna adierazteko noka erabili zen. Hirugarrenik, Cervantes-en Vizcaíno ekarri zuen gogora. Pertsonaia mota bat karakterizatzeko tresna moduan aurkeztu zuen hitanoa, gure kasuan Pello Kirten deitu geniezaiokeena. Pertsonai mota horri hizkuntza marka bat ezarri izan zaio hitanoarekin (pertsonai planoa, geografiaren gune batera eramaten gaituena). Hala ere, esan zuen errepresentazioak askotan jan egiten duela errealitatea eta Pello Kirten ez dela hika egiten duen bakarra.

“Hitanoa eskolan lantzeko egitasmoa: Azpeitia eta Zumaia” (Josune Zabala Alberdi eta Olatz Bengoetxea Manterola)

Egitasmoaren historia eginez hasi zuen tartea Zabalak, 2009tik hasi eta gaurdaino. Egitasmoan hiru figurak parte hartu dute: bi herrietako euskara teknikariak, ikastetxeetako ordezkariak eta hasiera batean Mintzolako eta ondoren Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Bigarren Hezkuntzako 4. mailara arte erabiltzeko materialak sortu dituzte, urte bakoitzeko bi material, bakoitza 5-7 ordukoa. Material horren ezaugarrien artean hauek aipatu zituen Bengoetxeak: ikuspuntu eraikitzailea eta komunikatiboa edukitzea, herriko hitanoa eta herriko erreferentziak erabiltzea, ludikoa izatea, ahozkoak toki esanguratsua izatea eta curriculumera egokituta egotea. Orain artekoak ikusita atera dituzten ondorioen artea positiboak eta negatiboak bereizi zituzten. Negatiboen artean: formakuntzak ekarri izan dituen zailtasunak, jendearen aurreiritziei aurre egin beharra, egitasmoa beste herrietara zabaldu ez izana edota  ikerketen falta. Eta positiboen artean: esperientzia pilotua izan arren oso emankorra izaten ari dela, lankidetzan garatuz doan proiektua dela edota bai irakasle eta bai ikasleak motibatuta ikusten dituztela.

“Ba al dago hizkuntza neutrorik? Euskara generoaz ere mintzo da” (Jaime Altuna Ramírez, Jone Miren Hernández García eta Iñigo Beitia)

Antropologia feminista ikerketa taldeko hiru kideek hartu zuten hitza hurrengo tartean. Hernandez abiatu zen, antropologia feminista eta hizkuntzen erabilera uztartzen dituzten teoriak mahai gainean jarriz, Lakoff bezalako adituak aipatuz. Bere iritzian hitanoa ate bat bezala da, ireki eta mundu oso bat erakusten duena; altxor bat, beste mila gairi buruz gogoetan egiteko.

Teoria orokorretatik euskarara salto egin zuen Altunak.  Besteak beste honakoak galdetu zituen: Nola definitu nahi dugu hitanoaren erabilera? Alegia, gizarte justu baten ikuspegitik nolako hitanoa beharko genuke? Horri erantzuna eman nahian bi alderdi aipatu zituen: kidetasun alderdia eta botere alderdia. Lehenengoari dagokionez, euskararen biziberritze prozesuan hitanoaren sustapena oso erabilgarria izan daiteke, baina oraingoz batik bat mutilen artean ematen da kidetasun alderdi hori. Eta nola planteatu hitanoa ikuspegi horretatik? Noka sustatuz? Toka murriztuz? Noka guztientzat zabalduz? Botere alderdiari dagokionez, estatusa markatzearekin zerikusia dauka eta hor ikusi egin beharko litzateke hitanoak dituen arauekin zer egin.

Beitiak Eskoriatzan hitanoari buruz egindako ikerketaren berri eman zuen. Bere lanean ateratako ondorio nagusiak lau dira: (1) gazteek hika euskalduntasunarekin edo autentikotasunarekin lotzen dutela; (2) beste batzuek zakartasunarekin lotzen dutela eta hor jendeak daukan iruditeriaren pisua nabari dela; (3) tradizionalki gaizki ikusia egon dela eta hor galdetzen zuen ea hikaren erabileraren eta klase sozialen artean lotura egiterik egon ote litekeen; eta (4) etxeko transmisioan etena egon dela ikusi zuen.

“Aizank hi mainontzi” (Andoni Egaña Makazaga eta Elixabet Pagola Apezetxea)

Jardunaldiaren amaieran bertsolarien txanda izan zen. Pagolak Hernanin gauzatutako noka ikastaroaren berri eman zuen lehenengo. Emakumeen artean erabat galduta dagoen eremuan hainbat gauza pentsatzeko beta eman zien ikastaroak, horietan lehena hau: hitanoa zertarako erabil genezake? Hortik abiatuta esan zuen garaiak aldatzearekin batera hizkuntzek ere aldatzen joan behar dutela eta hitanoaren kontu honetan mutilek haizea alde daukaten arren neskek kontra daukatela.  Hitanoa bertsoetara eramateko aurkitzen dituzten egoerez ere aritu zen, besteak beste: bertsolari gehienek tratamendu hori kontrolatzen ez dutenez bat-batekoa den jardunean indar asko galarazten duela, pertsonaiei sinesgarritasuna emateko erabilgarria izan litekeela, bertsolaritzan hitanoa ikuskera jakin batekin lotu ohi dela baina horrek ez daukala horrela zer izanik eta pedigri kontuetan sartzea arriskutsua izan litekeela.

Egañak eman zion amaiera jardunaldiari. Bertsogintzan hitanoa gutxitan erabili izan dela esanez abiatu zen, eta horren arrazoi bat eman ere bai: bertsolariak, bata besteari jardun arren, beti publikoari ari direla. Gutxi egin arren salbuespenak ere ekarri zituen gogora, besteak beste Lasartek edo Lazkao Txikik beren buruari hika egindako kasuak. Esan zuen, baita ere, gertatu izan litekeela hika egindako testuinguruetako bertsoak guganaino iritsi ez izana.

Hitanoak bertsoak osatzeko garaian metrika eta errimei zailtasuna eransten diela aipatu zuen, baina nokako formak gutxiago hausten duela errima sistema ere bai, n-z bukatzen diren hitzekin moldatzea errazagoa delako. Egañaren kezka ez da hitanoak bertsoari garo-usaina ematen al dion ala ez, baizik hika egiteak bertsoari noiz gehitzen dion eta noiz ez. Dena dela, belaunaldi berriek hika gehiago egingo duten ustea dauka, euskara garatuago egongo delako. Bere iritzian gauzak diferente egingo dira edo gauza diferenteak egingo dira.

Etiquetas: