09.Jul.2018

Euskaraz publikoki komunikatzeko zailtasunak

Beatriz Zabalondok eta Eduardo Apodakak Jendaurrean Erabili proiektuaren berri eman dute Soziolinguistika Klusterrak antolatu duen “Jendaurreko euskarazko komunikazioa: praktikatik ikasten” ikastaroan

Gero eta gehiago dira jendaurrean, gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere komunikatzen duten erakundeak. Hala ere, euskararen kasuan, asko dira zalantzak eta zailtasunak dituztenak. Horiek guztiak elkarren artean partekatzeko Soziolinguistika Klusterrak, UPV/EHUrekin elkarlanean, Jendaurrean Erabili izeneko egitasmoa jarri du abian jendaurreko euskarazko komunikazioa errazteko, hobetzeko eta eraginkorrago egiteko. Aipatutako programa izan da, hain zuzen ere, “Jendaurreko euskarazko komunikazioa: praktikatik ikasten” ikastaroko lehen bi saioetako ardatza.

Lehenengo saioan, proiektuaren zuzendaria den Euskal Herriko Unibertsitateko Beatriz Zabalondok, egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu. Zabalondok azaldu duenez, “Jendaurrean Erabili egitasmoa ez da berez sortutako proiektua; EraLan izeneko egitasmo batean oinarritzen da. Egitasmo horrek hizkuntza normalizaziorako planak onartuta dituzten lan munduko erakundeetan euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko zein aldagaiek hartzen duten parte aztertu zuen eta, 2011 eta 2013 bitartean garatu zen hirugarren fase batean jendaurreko ekitaldiei, nagusiki prentsaurrekoei, arreta ematea erabaki zen”. Ideia horretan oinarrituta abiatuko da Jendaurrean Erabili ekintza ikerketa parte-hartzailea.

Zabalondok egitasmoaren ezaugarriak azaltzen jarraitu du bere hitzaldia. Hizlariaren esanetan “egitasmo honek ikertuaren parte-hartze aktiboa eskatzen du. Gainera, ikerketaren gaia diren pertsonei errealitatea eraldatzeko eskubidea aitortzen zaie”. Ezaugarrien artean, “ekintza-gogoeta-ekintza kiribila sortu behar” dela azpimarratu du Zabalondok eta horrela, “ikaskuntza kolektiborako tresna bilakatuko da”. Testuinguru teoriko horretatik, Etienne Wengerrek azaldu zituen Praktika Komunitateak sortuko lirateke. Komunitate horiek talde irekiak dira eta parte-hartze eta konpromisoaren arabera egituratzen dira. Jendaurreko Erabilera egitasmoaren kasuan hiru lirateke proiektua osatzen duten geruzak: talde nuklearra, komunitatearen lagunak eta periferia edo outsider-ak.

Talde nuklearra bederatzi erakunderekin eratu zen (ADEGI, AEK, Athletic Club, EiTB, ELA, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea) eta gaur egun, jada, 23 erakunde daude. “Horiek guztiek euskarazko jendaurreko komunikazioaren inguruan hausnartu eta ekiteko espazio bat eratu dute. Esperientziak elkar trukatu, zalantzak partekatu, zailtasunak identifikatu, eta soluzio posibleak diseinatu eta abian jartzeko esparrua eratu da” azaldu du Zabalondok.

Bigarren saioan, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Fakultateko irakasle Eduardo Apodakak egitasmoaren testuingurua azaldu du. Testuinguru horrek bi alderdi ditu. Alde batetik, egitasmoaren barne testuingurua edo oinarri epistemologikoak azaldu ditu eta, bestetik, testuinguru zabalago bat non egun diren hizkuntza politikak aztertu dituen.