30.Nov.2018

Bizikasik, ikastetxea biolentzia zona askea izatea du xede

Bizikidetzaz hitz egitean, gizakiaren eraketan oinarrizko funtzioa betetzen duen osagai batez ari gara. Norberaren burua ezagutu eta norberarekin harremantzeko gaitasunaz gain, ingurua eta besteekin era positiboan harremanak ezartzeko gaitasunaren garapenaz ari gara.

  • Besteekin batera era positiboan bizitzea, tokiak konpartitzea, kultura desberdinen arteko bizikidetasun baketsua izatea, garapen emozionala, giza trebezien eskurapena, pertsona guztien duintasuna defendatzea, ekitatea, inklusibitatea eta elkarrekiko errespetua dira bizikidetzarekin lotzen diren zenbait kontzeptu.

Galtung soziologoaren iritziz, pertsona batek zenbait aldagai direla medio, ezin dituenean bere gaitasun guztiak garatu, biolentziaren existentziaz hitz egiten ari gara. Eskola jazarpena horren adibide argia da. Biolentzia erabilita biktimizazio eta jokabide erasotzaile dinamiketan murgilduta dauden ikasleak mugatuta eta erabat baldintzatuta dute beraien gaitasunen garapen orekatua eta harmonikoa.

Eskola jazarpena fenomeno sozial konplexu eta paradoxikoa da. Menderatze-menpekotasun eskeman eta isiltasunaren kodean oinarritua, asko eta anitzak dira bertan eragiten duten aldagaiak. Horrez gain, barne kode eta dinamika batez hornitua dago, ezkutuan gertatzen da, detektatzen zaila da, eta min handia eragiten die inplikatutako pertsona guztiei, eta baita hezkuntza sistemari berari ere.

Fenomeno sozial horri aurre egiteko, Bizikasi, EAEko Hezkuntza Sistemako Ikastetxe Publikoetan eskola jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako 2017-18 ikasturtean ezarri eta 2019-2020 ikasturteen artean garatuko den ekimena da. Era antolatuan, doituan eta hezkuntza neurriak ikasle guztiontzat paradigmatik abiatuta, eskola-jazarpenari aurre egin nahi dio prebentziotik prebentziorako bideari ekinez. Halere, jazarpen egoerak izango balira, kasuaren ebazpena ikuspegi ekologiko-sistemiko batetik esku hartu eta taldeko elkarbizitza positiboa berreskuratzeko hautua egiten du.

Bizikasik ikastetxea biolentzia zona askea izatea du xede eta horri ekiteko helburu nagusi bat izango du:

Ikastetxeak garapen pertsonal zein sozialerako ikasteko espazioa izatea, eta espazio horretan, eskola komunitateko kide guztiek ezagutzaren eta denboran iraungo duen konpromiso partekatuaren bidez, gune hori elkarbizitza positiborako eta jazarpen egoerekiko tolerantziarik izango ez duen testuinguru seguru bihurtzea.

Bizikasi hiru esku-hartze mailatan antolatzen da.

Lehendabiziko mailan, probentzio kontzeptua agertzen da. Jazarpena ekiditeko erarik eraginkorrena prebentzioa da baina, horretarako, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoaren eskuetan estrategia, egiturak, antolaketa eta metodologia neurriak eta tresnak jartzea. Horrez gain, ikasleen arteko harremanen kalitatea ezagutzeko komunikazio kanalak zehaztu eta balizko jazarpen egoerak detektatzeko eta ebaluatzeko estrategiak sendotzea izango da egiteko nagusi bat. Hori da, hain zuzen ere, probentzioarekin adierazi nahi dena. Hori eginez, hezkuntza komunitateko eragile desberdinak ahalduntze prozesu batean arituko dira eta prebentzioari era doituan ekin ahal izango zaio. Azken finean, ekimena ikuskera proaktibo batez hornitzeko hautu garbia egiten da.

Bigarren esku-hartze mailan, jazarpenaren aurrean esku-hartze zuzenari ekingo zaio egoerak eta arrisku-faktoreak identifikatu eta tratu txarren susmoa dagoenean esku hartzea. eskola-jazarpen kasuak deuseztatzeko eta hirugarren maila ebaluazioari ekiteko esku-hartzea gauzatuko da.

Horri guztiari era antolatuan eta doituan ekiteko ikastetxe bakoitzak BAT taldea (Bullyingaren  Aurkako Taldea) eratuta izango du.Talde hori izango da ikastetxeko erreferentzia nagusia eskola jazarpen kasuen ebazpena lideratzeko.

Esku-hartze maila horiek abiapuntu izanik, ekimenaren ezartze prozesuan hamar klabe azpimarratuko dira. Oinarri edo klabe horien betetze mailarekin ekimenaren nolabaiteko inplementazio neurria norainokoa izan den antzemateko aukera izan dezakegu.

  • Ikuskera eta hizkuntza berbera Hezkuntza Komunitate osoan.

Hezkuntza komunitateko partaideak, hau da, irakasleak, ikasleak, irakasleak ez diren langileak eta familiak, bizikidetza positiboa, jazarpenaren kontzeptualizazioa eta ebazpen prozesuetan erabiliko den eredu eta ikuspegia ezagutzeko eta konpartitzeko eskuratze prozesua.

  • Hezkuntza komunitateko eragileen eta Hezkuntza zerbitzuen prestakuntza.

Ikuskera berberarekin baina eremu bakoitzera egokitutako prestakuntza saioak egitea.

  1. Hezkuntza Ikuskaritza
  2. Berritzegunetako aholkulariak
  3. BAT Talde Dinamizatzaileak
  4. Irakasleak
  5. Ikasleak
  6. Irakaslea ez den pertsonala
  7. Familiak
  • Ikastetxea, inguru segurua.

Ikasleen ongizate emozionala garatzea da hezkuntza eremuan ari garenon eginkizun nagusietariko bat. Helburua lortzeko denon artean eraiki beharko dugu bizikidetza positiboan eta tratu onean oinarritutako eskola inguru seguru eta abegikorra.

  • Hezkuntza neurriak eta eredu errestauratzailea  jazarpen kasuen ebazpenean.

Erantzukizun partekatutik abiatuta, bizikidetza positiboa berreskuratzeko ereduaren aldeko hautua.

  • Ikuspegi sistemiko-ekologikoa.

Jazarpen prozesuaren ebazpenari ekiteko ikuspegi sistemiko-ekologikotik abiatuko da. Testuingurua eta elkarren arteko harremanak kontuan izanik, eta lan bateratu eta koordinatua bermatuz bizikidetza positiboa berreskuratzeko dinamikak garatuko dira.

  • Egiturak eratu ikastetxean

Ikastetxe bakoitzean Elkarbizitzaren Behatokian baitan txertatuta  BAT taldea eratzea. BAT talde hori izango da alde batetik, jazarpen kasuen ebazpena lideratuko duen taldea eta bestetik, elkarbizitzarako eta jazarpen egoerak prebenitzeko  proposamenak egingo dituena.

  • Lan bateratu eta koordinatua Hezkuntza Ikuskaritza eta Berriztatze Pedagogikoaren artean.

Zerbitzu bien arteko lan koordinatua bai prestakuntza prozesuetan zein jazarpen kasuen ebazpenean.

  • Ikasleen prestakuntza eta ahalduntzea.

Ikasgelan sistematikoki lantzeko material curricularren bitartez, ikasleak ahaldundu banakako zein kolektiboki hartutako konpromisoen bitartez beraiek izan daitezen jazarpenarekin lotutako jokabideak moztuko dituztenak.

  • Familien partaidetza eta inplikazioa.

AMPA eta Elkarbizitzarako Behatokiaren bitartez, partaidetza eta erantzukizun partekatua sustatzea. Alde batetik, ikastetxeak prestakuntza eskainiko du bizikidetza positiboaren inguruan eta bestetik, laguntza eta  aholkularitza emango die zuzenki jazarpen egoeretan murgilduta dauden familiei, kolaborazioan oinarritutako hezkuntza esku-hartzearen bidez.

  • Ekimenaren ezartze prozesuaren ebaluazioa.

Ikastetxean, Berritzegunean eta Hezkuntza Ikuskaritzan diseinatu eta ezarriko dira barne eta kanpoko ebaluazioak.

Hamar klabe horietan argi azaltzen da, denon artean eta denokin batera eraiki behar dugula eskola jazarpenari aurre egingo dion “konstruktua”. Espazio askeak, seguruak eta abegikorrak eraiki behar ditugu. BAT ikastetxeak izateko lan luzea, amaiezina, baina zalantzarik gabe, merezi duena.

 

Etiquetas: