06.Jul.2016

Sena, erritmoa eta literatura haurraren garapenerako

Haurra jaio aurretik, haur-amaren arteko lotura handia da: soinu erritmikoak direla, bibrazioa dela… horrek guztiak haurrak hautematen ditu, eta bide paraleloak erabiltzen dira mundu osoan; ez da kasualitatea, gizakiaren premisa da. Lehenengo pertzepzioek zerikusia dute biologia eta antropologiarekin: erritmo errepikakorren atzean, zerbait ezaguna dago. Eta egitura kognitiboak garatzen laguntzen du, baita seguru sentitzeko eta pausatzeko aukera ematen ere. “Erritmoa da ikaste prozesuko elementurik oinarrizkoena. Eta unibertsala da”. Horiek dira Itziar Zubizarretak botatako hitzak, “Haur Literatura 0-8 urte bitartean” UPV/EHUko Uda Ikastaroan, Donostiako Parte Zaharreko Haur Liburutegian.

Oihana Etxegibel, Itziar Zubizarreta eta Juan Cruz Igarabide

Giza senak agindutakoa egitea. Hori da Zubizarretaren aburuz, haurraren garapenerako gakoa; gako primitiboa, alegia, “sostengu fisiko eta emozionala ematea haurrari”. Haur-amaren arteko harremana estua izaten da arnasa, xuxurla, soinu, jolas eta kantu txikiek laguntzen baitute hori horrela egiten. Edonola ere, haurra gurasoengandik aldentzearen garrantziaz ere mintzatu da idazlea, objektu berriak erakustearen beharrezkotasunaz, mundua ezagutu dezan: “Amak ez du haurra beretzat, beregandik alde egiten ere erakutsi behar dio”.
Pertzepzio horretatik pausu bat ematen laguntzen du haur poesiak, hain justu, senak agintzen diona garatzen laguntzen dio. “Haurrak erritmo bat du, amaren senak ezagueraren bideak erakusten ditu, eta literaturak hori garatzeko bide ematen du”. 


Gaitasunak hiru norabidetan garatzen ditu gizakiak: afektiboki, moralki eta intelektualki. Aldi berean gauzatzen dira, eta egitura kognitiboak eraikitzen laguntzen du. Norabide horien oinarrian, ordea, hizkuntza dago. Eta beste hainbat funtzio betetzen ditu haurrarengan; esate baterako, harreman pertsonalak sortzen ditu, mundua ordenatzen eta azaltzen laguntzen dion harreman intelektualak garatzeko aukera ere ematen dio, baita jolasteko ere. Funtzio ludikoa litzateke azken hori: “Haurrarentzat hizkuntza jostailua da, bere buruarekin jolasteko eta mundua eraikitzeko aukera ematen diona; ahoarekin, adibidez, esanahiak bilatzen ditu, eta jolas horretan ikasten du zer dagoen ongi eta zer gaizki”.
Haur literaturaren oinarrian zer dagoen eta haurraren garapenerako irizpideak zein diren landu dituzte ikastaldiko lehen saioan. Zubizarretarekin batera, Juan Kruz Igerabide poeta eta Oihana Etxegibel narraziogilea ere egon dira .


“Nahasten ari gara literatura, liburugintza eta haur literatura; izan ere, narrazioa baztertzen ari gara, irudiak bailiran tratatzen baititugu, estatikoki, eta ez gara jabetzen hurrengo orrialdea aurrekoaren jarraipena dela”, azaldu du Zubizarretak.


Juan Kruz Igerabidek erreferentzia egin dio zirkunstantziaren garrantziari. “Hizkuntzak, gramatikak, bide ematen dio haurrari kontzientzia historikoa garatzen”, hau da, “nor”, “nori”, “nork” soilik galdetuz, horri erantzuteko gaitasuna lantzen dute, eta urrats hori handia dela dio. “Niretzat literatura ez da arte apaingarri bat, aurrez aipatutako guztia baizik. Haurtzarora bueltatzea da. Erritmoan beste erritmo bat ere badago, emozioekin mugitzen dena, barne erritmoarekin. Kosta egiten zaigu, ordea, hori identifikatzea”, dio Igerabidek.
Funtsean, intuizioari tokia egin behar zaiola azaldu du Itziar Zubizarretak, eta senak agintzen digunari kasu egin. Horrela, jolas hori garatu ahalko da; poesiak bide aberatsak erakusten ditu, sen horri jarraituz, haurrari bestelako tresnak eskaintzeko. “Erritmoa da tresnarik apartena, markatu egiten baitu haurraren irakaspena. Literaturak, ordea, ez du a prioriko kontua izan behar, erritmoaren ondorengoa baizik”.