11.Eka.2021

“ARIES for SEEA” aplikazioa, BC3ren adimen artifizialeko teknologia iraunkortasunaren zerbitzura

Klima Aldaketarako Euskal Ikerketa Zentroa (BC3) Nazio Batuekin elkarlanean ari da kapital naturalaren balioa neurtzeko, Ingurumen eta Ekonomia Kontabilitate Sistemaren Ekosistemen Kontabilitatearen nazioarteko estandar berriaren arabera (SEEA, ingelesezko siglen arabera).  Prozesu horri esker, ekosistema edo eskualde jakin batean pertsonei onurak ematen dizkieten baliabide natural berriztagarri eta ez-berriztagarri guztiak (landareak, animaliak, airea, ura, lurzoruak, mineralak) kalkulatu daitezke.

BC3ko Ikerbasque irakaslea eta ARIES plataformako ikertzaile burua, Ferdinando Villa, adimen artifiziala (IA) ingurumen-erabakiak hobeto hartzen laguntzeko erabiltzen espezializatuta dago. Aurten, Aritz Pérez Matematika Aplikatuetarako Euskal Zentroko (BCAM) ikertzailearekin batera, "Gizarteen ongizate eta iraunkortasunerako IA" izeneko ikastaro bat zuzenduko du. Ikastaro horretan, BC3n erabiltzen dituzten soluzio teknologikoak azalduko dituzte. 

Villa irakaslearen arabera,  machine learningean oinarritutako IAk, automatikoki ikasten duten sistemak, ezagutza berriak ikasteko orduan mugak ditu, hamaika erabilera eta aplikazio izan arren. Izan ere, iragarpenak egin behar direnean (iraunkortasunaren arloko funtsezko eremu bat) ez dute funtzionatzen. 

"BC3n IAren machine reasoning,  izeneko diziplina erabiltzen dugu. Diziplina hori makina bati ezagutza erabilgarritik abiatuta ondorioak sortzen erakustean datza. Horrek aukera ematen digu giza ezagutza makina batentzat ulergarria izan dadin, eta kontzeptuak formalizatzea eta diziplina erabat desberdinak bateratzea errazten du. Kontu erabakigarria da, etorkizun jasangarria planifikatzeko ezagutzarik egon badagoelako, baina ezagutza hori diziplina eta hizkuntza desberdinetan banatuta dago, eta, beraz, oso zaila da integratzea."

Villaren arabera, ekologia edo ekonomiari buruzko ezagutzez gain, krisi klimatikoari edo soziologiari buruzko ezagutzak ere behar dira hizkuntza berera itzultzeko. "Ezagutzak, datuak eta ereduak, eta teknologiak konektatzen ditugu. BC3n, edozein galdera interpretatzen irakasten diogu makinari, oso zaila bada ere. Horrela testuingurua bere konplexutasunean ulertuko du  eta, aldi berean, emaitza bat sortuko duen algoritmo bat eraikiko du. Ordenagailuari metodologiak, datuak eta testuingurua aukeratzen irakasten diogu, erantzun egokiena emateko. Gure helburua da IA erabiltzea giza adimena interkonektatzeko eta adimen hobea eraikitzeko. Kontua ez da makina baten adimena, baizik eta giza adimen interkonektatua, bikoiztua.".

"ARIES for SEEA" aplikazioa zerbitzu ekosistemikoen edo naturaren onuren kontabilitatea kalkulatzera bideratuta dago. BC3 Nazio Batuek kontratatu dute, mundu osoko gobernu nazionalek beren baliabide naturalak baloratu eta kontabilizatu ahal izateko teknologia eskaintzeko. Tresna horri esker, gobernuek ez ezik, edozein erabiltzailek ere ikus dezake, adibidez, baso-landaketa politika bat. Politika horrek egurra modu iraunkorrean lortzeko, lurzoruaren erabilerek eragin ditzaketen gorabeherak prebenitzeko, uraren kalitatea ziurtatzeko edo balio kulturalak ere ziurtatzeko balioko luke. Nazio Batuen Erakundeak 10 urte daramatza baliabide horiek baloratzeko estandar bat sortzeko lanean, eta duela gutxi BC3ren ARIES tresna kontratatu du, edozein erabiltzailek inplementatu ahal izan dezan.

"Aplikazio honek herrialde eta urte zehatz batean kokatzeko eta ezarritako estandarrari jarraituz gobernuek egindako tauletara sartzeko aukera ematen digu. Hau da, modu kontrastatuan, hautatutako urteetan zehar informazio puntuala zein konparatiboa pila lortzeko moduan. Orain arte horretarako tresna egokirik ez zuten garapen bidean dauden herrialde batzuek - Villa irakasleak azaldu duenez - Ez dute aitzakiarik izango beren kapital naturala kalkulatzeko duten erraztasuna dela eta. 'ARIES for SEEA' edozein herrialdetara edo partikularretara eskuragai dagoen teknologia da, eta iraunkortasunaren ikuspegitik gauzak ondo egiten ari diren ala ez egiazta dezake ".

BC3n garatutako teknologia horrek hainbat aplikazio ditu, denboran zehar hobetzen joango direnak, datuak biltzen jarraituko baitu eta, beraz, ikasten. Teknologia horren azken helburua ezagutza zientifikoa demokratizatzea da, zirkulu txikietan ez dadin geratu eta partekatu.  Horrela, edonork eskura dezake online informazio hori bere ordenagailuaren bidez. Ildo horretatik, Villa irakasleak gogorarazi du BC3 Eusko Jaurlaritzak emandako funts publikoetatik bizi dela. 

ARIES teknologiak klima aldaketaren egoerak aurreikustea ere ahalbidetzen du, datu edo aldagai desberdinak sartuz, lurzoruaren erabileretan aldaketa baten ondorioak kalkulatuz (baso-soiltzea, adibidez) edo lurralde jakin batean egin daitezkeen biodibertsitatearen aldeko apustuak kalkulatuz.  Adibidez, BC3 Urdaibaiko proiektu batean ari da lanean gaur egun, IHOBErekin batera, biodibertsitate-eredu desberdinak aztertzen.