19.Abu.2019

Bikotekidea kontrolatzeko asmoaren eta beharraren sorburua ez da teknologia, norbera baizik

Genero-indarkeriaren forma guztiak ez dira era berean gaitzesten, eta tratu txarrei loturiko portaera guztiak ez dira hala identifikatzen

“Nerabeen arteko erlazioetan, izaera fisikoa eta sexuala duten jokabide bortitzak ez dira tratu txarrak ezaugarritzen dituztenak; ez erlazioaren hasieran, behinik behin. Gehienetan portaera psikologiko sotilagoak izaten dira nagusi, hala nola bikotekidea kontrolatzea, senide eta lagunengandik aldentzea, iraintzea eta gutxiestea”. Horixe azpimarratu du Alazne Aizpitartek “Violencia de género y sexual en adolescentes y adultos: víctimas y agresiones” Ikastaroan.

“Genero-indarkeria” entzuten dugunean, guztiz ulertzekoa da gogora etortzen zaizkigun irudiak oso kasu larriekin lotzea: adibidez, jipoi bat edo baita hilketak ere. Haatik, garrantzitsua da gogoratzea ekintza horiek maiz icebergaren punta besterik ez direla. Egoera horretara iritsi orduko, litekeena da lehenago indarkeria psikologikoan oinarrituriko portaerak egotea, hala nola beheramenduak, irainak, eta, batez ere, gehiegizko kontrola. Horren ondorioz, gertaera ankerrenei aurre egiteko gakoetako bat tratu txar psikologikoen prebentzioa da.

Kataluniako Oberta Unibertsitateko, EHUko eta Bartzelonako Institut Interpersonaleko irakaslea da Aizpitarte, eta nerabeen arteko bikoteetan indarkeria psikologikoa indarkeria ohikoena dela azpimarratu du. Bikote ez osasuntsuen azpitalde bat bakarrik iristen da portaera larriagoetara eta gizartearentzat ikusgarri direnetara. Indarkeria fisikoa ez da bat-batean agertzen bestelako eraso-formarik gabe, batez ere indarkeria psikologikoaren eskutik joan ohi baita.

Nerabeen bikoteetako indarkeria psikologikoa berebiziko arrisku-faktorea da portaera bortitzak agertzerako orduan, hala nola jipoitzea edo sexu-harremanak edukitzera behartzea.

Genero-indarkeriaren gobernu-ordezkaritzak Azterketa Soziologikoen Zentroarekin batera egindako estudioaren arabera (“genero-indarkeriaren hautematea gizartean”), gazteen artean, nahiz eta emakumeen % 96k eta gizonen % 92k genero-indarkeria onartezintzat jotzen duten, indarkeriaren forma guztiak ez dira era berean gaitzesten eta tratu txarrei loturiko portaera guztiak ez dira hala identifikatzen. Gazteen artean, hirutik batek saihestezina edota onargarria dela uste du “bikotekidearen ordutegiak kontrolatzea”, “bikotekideak familia eta lagunak ikustea galaraztea”, “bikotekideari ikasten edo lan egiten ez uztea” edo “egin ditzakeen edo egin ezin ditzakeen gauzak zeintzuk diren esatea”.

Aipatu azterketa beraren arabera, hiru gaztetatik batek ez ditu genero-indarkeriaren formatzat hartzen kontrolari loturiko portaerak.

Sare sozialek daukaten rolari dagokionez, Alazne Aizpitartek honako oinarria hartu zuen abiapuntutzat: nerabeak teknologia berriekin hazi dira, eta alferrikakoa da erabilera desagerrarazten saiatzea. Erronka, ordea, teknologiaren erabilera ona sustatzea da eta jokabide batzuek ondorioen inguruan hausnartzea, dela online dela offline.

Komenigarria da argitzea sare sozialek eta telefonoek ez dutela berez kontrolatzaile edo jazarle bihurtzen bikotekidea. Izan ere, erabiltzen errazak diren erremintak dira jada kontrolatzaileak diren eta haien bikotekidea kontrolatzeko beharra sentitzen duten pertsonentzat. Teknologia berriek nahi hori hauspotzen dute, baina bikotekidea kontrolatzeko asmoa eta beharraren sorburua ez da teknologia, norbera baizik.

Azterketa ezberdinen arabera, kontrolatzaileek oso profil argia omen dute: jeloskorrak dira, askotan oldarkorrak, mesfidatiak inguruarekin eta bikotekidearekin, beren buruarekiko irudi negatiboa izan ohi dute, autoestimu baxua, eta abandonuak eta erlazioa amaitzeak beldurtzen dituzte, besteak beste.

Alazne Aizpitarteren aburuz, kontrolatzeko joerekiko izan beharreko kezka nagusia ez da maiztasuna, baizik eta jendeak nola hautematen dituen. Nerabeek kontrolez beteriko portaerak normalizatu dituzte, eta bikotekidearekiko maitasunaren eta pasioaren ikur gisa ikusten dituzte.

Ohikoak dira halako iruzkinak: “uneoro deitzen dit nitaz kezkatzen delako”; “pila bat maite nauelako da jeloskorra”; “ez litzaidake batere gustatuko nire bikotekidea jeloskorra ez izatea, ezertxo ere axola ez diodala adieraziko lukeelako horrek”.

Hainbestekoa da normalizazio-puntua, non jeloskortasunaren ondorio diren erreakzio bortitzak eta erasokorrak ez dituztela gazteek zigortzen, harreman erromantiko batean egon behar duen pasioaren isla baitira haien ustez. Horren ondorioz, maitasun erromantikoaren inguruko sinesmenak ere arrisku-faktore garrantzitsu bilakatzen dira, pasioaren, zeloen eta liskarraren aldibereko existentziaren beharra era positiboan hautematen baita.

Garrantzitsua da azpimarratzea jarrera eta sinesmen horiek, osasuntsuak ez diren harremanetakoak, mutilek zein neskek izaten dituztela, erlazio bai heterosexual bai homosexualetan, nahiz eta era desberdinetan materializatzen diren.

Aizpitarte irakasleak, bestalde, argi esan du “nerabeak morboan eta liskarrean oinarrituriko reality show batzuen jomuga direla. Eredu eta mezu horiek xurgatzen dituzte egunero, gehienetan eredu kaltegarri horiek zalantzan jarriko dituen heldurik edota ekimen hezitzailerik gabe”.

Eredu horiek, hortaz, harreman “normal” edo “ideal” gisa barneratzen dituzte, nerabezaroa bezalako momentu kritikoan, non harreman erromantikoen egiturak sortzen diren. Galdera ezberdinak planteatu zituen adituak: inork azaldu ote zigun maitemintzean sentituko genuena? Nola ezberdindu ditzakegu harreman erromantiko osasuntsu bat eta ez den bat?

Kontuan hartu behar dugu miatzeko joera geldiezin batekin iristen direla haurrak nerabezarora, sexu-grina esnatzen ari deneko momentuan eta oraindik ere heldugabeak eta emozionalki ezegonkorrak direnean. Bide horri heltzen diote “entrenamendu-esparru” konplexu horretan aurrez aurre aurkituko duten egoera mordoari aurre egiteko gida, kanalizazio eta heziketa nahikorik gabe.

Gauzak horrela, nerabezaroa eboluzio-prozesu bat da, eta haren ezaugarriek zaurgarritasun handia sortzen dute jendarte talde horrentzat.

Hala eta guztiz ere, Alazne Aizpitartek adierazi du “berri onak ere badirela, neurozientziek erakutsi baitute nerabezaroa ikasketa handiko prozesua dela eta aldatzeko aukerez jositako eboluzio-prozesua, eremu sozioemozionalari eta pertsonen arteko erlazioen alorrari dagokion neuroplastikotasun handiari esker”.

Argi dago, hortaz, prebentzioa martxan jartzea beharrezkoa dela nerabezaroaren hasieran edo baita lehenago ere. Helburua tratu onen eta bikote-harreman osasuntsuen sustapenean oinarrituriko heziketa bat bideratzea da. Bide horretan garrantzitsua da haurrek beharrezko gaitasun sozioemozionalak garatzea, etorkizunean beharbada aurre egin beharko dieten egoera berri eta konplexuak oztopo izan ez daitezen.

Ezinbestekoa da kontzientziazioa eta erregulazio emozionala lantzea, besteekiko enpatia eta errespetua sustatzea, laguntza-jarrera eta jarrera berdinzalea bultzatzea, online zein offline izaten diren jarrera batzuen ondorioen inguruan gogoeta eginaraztea, baita nerabezaroko errusiar mendian izaten diren sentimenduak (haserrea, amorrua, tristezia, euforia eta frustrazioa) era egokian kanalizatzen laguntzea.