14.Api.2016

Europa bat batean kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa aurkeztu da

Gaur aurkeztu da Donostia 2016ren egoitzan 'Europa bat-batean', UPV/EHUko Uda Ikastaroak, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Donostia 2016ren eskutik. Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusia, Andoni Egaña Mintzola Ahozko Lantegiko patronatukideak, Carmen Agoues UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak eta Arrate Illarok Europa bat-bateaneko talde antolatzaileko kideak hartu dute hitza.

Prentsaurrekoaren argazkia

Badira hogei urte bertsolariak nazioartera salto egin eta kantu inprobisatua duten beste kulturetako inprobisatzaileekin abestu eta topaketak egiten dituztela.
2003an egin zen Donostian, lehenengo aldiz, Ahozko inprobisazioa munduan izeneko nazioarteko topaketa Bertsozale Elkarteak antolatuta. Lau kontinente eta hamaika herritako kideak etorri ziren gurera. Elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko eta bat-batekoari buruzko kontzientzia hartzeko pizgarri izan zen. Aberasgarria oso.
Harrezkeroztik, bertsolariek atzerrian hainbat jardunalditan parte hartu izan duten arren, ez da gurean besterik antolatu. Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuko testuingurua bat-bateko kantua ezagutzera emateko abagune ederra dela iritzita, Mintzola Ahozko Lantegiak eta DSS2016EU-k elkarlanean, nazioarteko hainbat ordezkari gonbidatu ditugu Europa bat-batean izenburupean 2016ko uztailaren 11tik 16ra Donostian gauzatuko den kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketara. Topaketa horren harira, gainera, 2015eko udazkenean jardunaldiak gauzatu ziren Leonen eta Bartzelonan eta orain, 2016ko udaberrian, girotze saioak egingo dira Euskal Herriko hainbat txokotan.
Parte hartuko duten ordezkarien artean, besteak beste, Sardinia, Kurdistan, Galizia, Kanariak, Herrialde Katalanak, Gales, Austria, Zipre, Kuba, Mexiko eta Euskal Herriko inprobisatzaileak izango dira. Horiekin batera, nazioarteko hainbat adituk hartuko dute parte antolatu diren hitzaldi eta mahai inguruetan.
Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, gutxiengoan dauden hizkuntzen testuinguruen eta ahozko tradizioaren arteko erlazioa, ezagutzen ez ditugun kantu inprobisatuen deskripzioak eta genero-ikuspegia izango dira Europa bat-batean egitasmoaren baitan eskainiko diren hitzaldi eta bat-bateko saioetan landuko diren gai ardatzak.
Mintzola Ahozko Lantegian 2014ko abenduan ekin zitzaion Europa bat-batean egitasmoaren antolakuntza lanei. Borondatezko zein soldatapeko kideez osatutako ehun bat laguneko lan taldeari esker gauzatu ahal izango da eta, besteak beste, tokian tokiko eragile eta bertso-eskolen laguntza ezinbestekoa izango da.

Egitaraua eta matrikulak