Berri guztiak

Gorputz Heziketa: genero-estereotipoen eta genero-desberdintasunaren habia

Metodo horietako bakoitzak ekarpen bat egin zuen genero-estereotipoak indartzeko. Hala, curriculum-ak banatzen gintuen eta jendartearen idearioan gizonaren eredu bat sortu zen, hainbat ezaugarri izanda: indartsua, azkarra, bizkorra, oldarkorra, garailea, ausarta, abila, arina… Eta, haren itzalean, emakumearen eredu bat ere sortu zen, honako ezaugarri hauek izanda: oso sentibera, pasiboa, delikatua, zaintzarako egokia eta zaindu beharrekoa, iniziatiba gutxikoa, koldarra, hiztuna, estetikoki ederra… 

Hala, emakumea gizona baino ahulagoa izatea “naturala” zela ulertu nahi izan zuten batzuek, eta primeran etorri zitzaizkien teoria horiek gizonen hegemonia justifikatzeko, biologiak desberdintasunak markatzen zituela esateko eta hala, determinismo biologikoaren eskutik, emakumeek hainbat ekintzetan parte ez hartzea zilegi zela azpimarratzeko. Teoria horiek, generoaren banaketa bitarraren baitan,  gizon-emakume guztiak homogeneizatzen zituzten, kontuan izan gabe sexu bakoitzaren barruan dauden ezberdintasun antropometrikoak.

LOGSErekin (1990), Gorputz Heziketako klaseak misto bihurtu zirenean, gizonezkoen curriculuma hartu zen kontuan, emakumeen tradizioa kontuan izan gabe, eta aukera berdintasun faltsu batean oinarrituta. Emakumeak curriculumetik desagertuta egon dira eta daude gaur egun. Ez da kontuan hartu neskak eta mutilak ez zeudela botere maila berean eta, hala, neskek hainbat diskriminazio pairatu behar izan dute.

Irakasleok hainbat aurreiritzi mantentzen ditugu oraindik, eta, horiek ekiditeko, Madrilgo Hezkuntza Ministerioak emakumearen zuzendaritzapean eginiko PAFIC gida aurkeztu da, hainbat aholku ematen baitute: Gorputz Heziketaren programazioa egiterako garaian irakaslearen rola nolakoa izan behar den, arauak nola aldatu behar diren, irakaslearen estrategiak eta helburuak nola planteatu behar diren, zer baliotu behar den, eta abar. Horren guztiaren inguruan eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko gomendioa ematen dute.

Jolastokia dela eta, sorrera zein den azaldu da; XIX. mendeko higiene-beharretik dator ideia, eta ikaskuntza esperientziala bultzatzeko asmoz sortu ziren. Haatik, XX. mendearen bukaeran, patioak estandarizatu ziren, eta porlanez eta marrez bete ziren. Ekintza hegemoniko bat sustatu zuen horrek: futbola. Horrek pertsona askoren bazterketa ekarri du eta gutxi batzuen ahalduntzea. Ikerketan oinarrituta, alternatiben premia azpimarratu eta gero, alternatibak proposatu dira. Gure jolastokiak eraldatzera animatu nahi ditugu irakasleak, eskolako eremu hori ere irakasleen ardura baita.