Berri guztiak

Indarkeria gazteen arteko harremanetan: iturri psikologikoak, detekzio azkarra eta prebentzioa.

Erasotzaileei dagokienez, indarkeria ohikoagoa da nortasunean hainbat anomalia (inpultsibotasun altua, haserrekortasuna, enpatia falta, autoestimu baxua), asaldura psikopatologiko (alkohol- eta droga-abusuak, jeloskorkeria patologikoa), eta indarkeriarekiko jarrera positiboa badituzte, baita aurretik izandako erlazioetan indarkeria erabili badute ere. Biktima gazteei dagokienez, biktima izateko probabilitatea handitu egiten da gaztetan hasten badute erlazioa, defizit psikologiko batzuk badaude (autoestimu baxua, gabezia afektiboak eta asertibitate-arazoak), babestuko dituen familia- eta gizarte-sare bat falta badute, jokabide arriskutsuak hartzen badituzte edo toxikomano artean ibiltzen badira. Horixe zioen Enrique Echeburuak, «Violencia de género en menores y adolescentes » ikastaroan («Genero-indarkeria haur eta nerabeetan»).

Egungo erronkarik garrantzitsuena bikotearen baitako indarkeria prebenitzea da, bikote gazteen artean batez ere. Momenturik inportanteena harremanaren hasiera da, orduan baitu emakumeak hautatzeko askatasun gehien, eta orduan ari baitira elkar ezagutzen. Batzuetan, senak, zeinak radar baten moduan funtzionatzen duen, harremanean zerbait arraroa dagoela esaten dio emakumeari, eta seinale batzuek alarma pizten dute. Orduan ezagut ditzake emakumeak bikotekidearen oinarriak, eta jakin ea bere printzipioekin bateragarriak diren ala ez, sentimenduez eta harremanaren pasioaz haratago. Azken horiek desioek ezkutatzen duten errealitate negatiboa ez ikusi nahi izatea ekar dezakete.

Nerabeen harremanetako indarkeria prebenitzeko helburua duten programek emaitza oso onak izaten dituzte. Programa horien xedea harremanetako indarkeriaren inguruko ezagutza handitzea, indarkeriaren iturburu diren jarrerak aldatzea eta genero-estereotipoen inguruko mitoak eta uste ustelak gutxitzea da. Horren guztiaren ondorioz, nerabeek indarkeriazko portaerak identifikatzeko gaitasun handiagoa lortu dute, eta beharrezkoa denetan laguntza eskatzearen aldeko jarrera garatu dute, komunikaziorako gaitasuna eta liskarrak konpontzeko jarrera hobetzearekin batera. Bukatzeko, programa horietan parte hartu zuten nerabeek jokabide biolentoetako inplikazioa gutxitu dute, bai biktima bai erasotzaile moduan.

Prebentzio-programa orok bikotekidearen aurkako indarkeriak izan ditzakeen forma ezberdinen inguruko heziketa eskaini behar du. Gainera, indarkeria mota horrek izan ditzakeen aldaerak ulerrarazi behar ditu eta arrisku-faktoreak nola identifikatu behar diren azaldu. Halaber, beharrezkoa da hezkuntza parekide eta ez-sexista sustatzea, gizarte-baloreak (errespetua, maitasuna, tolerantzia, barkamena, erantzukizuna, enpatia…) oinarritzat dituena. Eta, bukatzeko, komunikaziorako gaitasunak eta arazoak konpontzeko gaitasunak irakastea da xedea, harreman osasuntsuak eratzeko, zeinek komunikazioa ahalbidetzea eta liskarrak konpontzeko nahia izango dituen oinarrian.