26.Uzt.2018

Memoria Historikoaren Politika Publikoak

Memoria Historikoa berreskuratzeko hainbat ideia oso presente eduki behar ditugu. Historialariei eta arkeologoei esan nahi dizuet nigan aliatu handia izango duzuela, kontuan izanda nik egindako proiektu propioak eta baita gobernu berriak ahalbidetzen ari den ekintza guztiak gai honen inguruan. Memoria historikoa serio hartu behar dugu duintasun kontu bat delako eta, azken batean, giza-eskubideen kontua. Nire ekarpena hiru edo lau hausnarketa historiko orokorretan eta Kongresuan aurkeztuko dugun lege-proiektuan egituratuko da.

Errepresioa da mahai gainera ekarri nahi dudan lehen kontzeptua: askotan errepresioaz mintzatzean, errepresio fisikoa datorkigu burura. Dakigunez, errepresioak Mugimendu Nazional deitu zenaren kontrako ideiak zituztenei inolako irtenbiderik ez uzteko erabili zen erreminta da. Horrela, indarkeria fisikoa zeharkako elementu bihurtzen da Frankoren erregimenaren periodo osoan. Aldi hori, gogora dezagun, 1936ko estatu kolpearekin hasten da, momentuan zegoen legaltasun errepublikar osoa deuseztatzeko: hau da, mugimendu errepublikarra eta langileena suntsitu eta horrekin batera erakunde berriak desagerrarazi. Hau guztia ez zen berria. Izan ere, xix. mendeko bukaeratik garatzen ari ziren ideia eta proiektu hauek, baina Franko eta bere jarraitzaileek honen gailentasuna ez zuten gustuko eta protagonismoa kendu nahi izan zioten.

Aipagarria da nekazaritzaren kontua, zentzu honetan. Askotan Errepublikaren garaian abiatutako Nekazal Erreformaren Legeaz hitz egiten da, baina nire ustez, askoz garrantzitsuagoa da Largo Caballeroren gobernuak abiatutako Udalerrien Legea, bereziki Andaluziako kazikeek zuten hegemonia eta boterea apaltzeko. Honek kazikeen eta euren inguruan eragin zituen galeren ondorioz, sektore horietako pertsonak Frankoren mugimendura gehitu ziren, hala prozesu berrizale hau defendatzen zutenak gelditu ahal izateko. Eta mugimendu hau indartzen joan zen heinean, errepresioa handitu zen ere: zuetako askok gogoratuko du Mola jeneralak 1936ko apirilean eta ekainean emandako aginduak disidente guztiak fisikoki desagerrarazteko (errepublikanoak, nazionalistak, sozialistak, komunistak…).

Errepresio hori ez da espontaneoa, baizik eta antolatua. Dekretuen bidez moldeatzen joan zen urteetan zehar, baina helburua beti berdina zen: Errepublikaren erakundeak eta legaltasuna deuseztatzea. Zapalketa honi gehien mesedetu zion sektorea armada izan zen, falangisten eta Eliza Katolikoaren laguntzaz baliatuz.

Errepresioaren fenomenoak hiru oinarri ditu: fisikoa (exekuzioak, fusilamenduak, espetxeratzeak, kontzentrazio-esparruak), garbiketa-prozesu profesionalena eta ekonomikoa (ondasunen konfiskazioak, zigor ekonomikoak), azken honek bere goreneko momentua 1939ko otsailaren 9ko Erantzukizun Politikoen Legearekin ikusiko duela. Errepresioaren azken adierazpen honi askotan ez zaio garrantzi handia ematen pertsonen hainbeste desagerpen fisikoren artean, baina oso aipagarria da aspektu hau kontuan hartuta 350.000 pertsona baino gehiagori egotzi zitzaizkiela erantzukizun politikoak, 17 suposiziotan oinarrituz. Eta horrelako legeak dira zergatik iraun zuen hainbeste erregimena aditzera ematen digutenak. Izan ere, honela kontrol handia usatzen zen gizartearen gainean. Guzti honek alor juridikoan ere izan zuen isla, Masoneria eta Komunismoaren Errepresiorako Auzitegi berezia zegoela, beste adibide askoren artean.

Hauek guztiak, laburtuz, gauza berdinaren aurpegi desberdinak dira, zeinaren helburua erregimenaren idiekin ados ez zegoena harrapatzea baitzen, baita 1936ko uztailaren 18aren aurretik kontrako aldeari nolabait lotuta zegoen oro.

Baina zer gertatu zen errepresio honen biktima guztiekin? Asko eta asko hobi komunetan dautza. Hobi komunak dituen herrialde bakarra gara Europan gaur egun. Nik beti galdetzen diot nire buruari: nola liteke posible demokrazia bat hobi komunen gainean sostengatzea? Honek atzerriko lider politikoak harritzen ditu. Momentu honetan 2.000 eta 3.000 artean dago hobien kopurua, eta hobien mapa eguneratu behar dugu. Baita biktimen zentsua ere, Frantzian ez bezala, hemen ez daukagulako gerran hildako pertsonen zerrendarik monumentuetan. Andaluzian (zonalde frankistan) 57.000 pertsona baino gehiago exekutatu ziren. Non daude pertsona horiek? Zonalde errepublikanoan ere pertsona askoren (8.700) eskubideak urratu ziren, baina horiek zenbatuta daude, Frankok martxan jarritako Kausa Orokorraren Legeari esker. Hau da, asimetria esanguratsua dago bando bateko eta besteko biktimen trataeran. Horrela, esan dezakegu Frankoren erregimenak, Eliza Katolikoaren laguntzaz, distortsionatutako memoria ofizial manikeoa eraiki zuela, zeinean euren hilak beti oroituko ziren.

Kattin Txiki (Oiartzun)

Zentzu honetan, aipagarria da Paloma Aguilar historialariak egindako ekarpena Trantsizioko lehen urteetako garaiaren testuinguruan: “bando galtzailearen aitorpen-falta, bereziki maila lokalean, lazgarria da oraindik. Inori ez zaio ezkutatzen herri eta hiri askotan existitzen jarraitzen den asimetria handia Gerra Zibileko biktimei omenaldia egitean. Gainera, argi dago borondate politikoa falta dela omenaldia publikoa emateko gerran galdu zutenei eta diktadurak zapaldutakoei”.

Honek garamatza memoriako politikak aztertzera. Hauek Trantsizioaren lehen urteetan jartzen dira martxan, eta garatzen dira 2007ko Memoria Historikoko Legera iritsi arte. Hemen geldialdi bat egin nahiko nuke komentatzeko Trantsizioko lehen aktoreen artean, hegemonikoak erregimenaren erreformistak direla, eta ez ezkerra, esan ohi den bezala. Eta rol hori bando berdinak hartzen badu, problema bat daukagu: ez dute gertatu zenaren kondaira aldatuko. Alemanian eta Italian kondaira aldatu zuten, iraganarekin hautsiz eta estatu berriaren oinarriak ezarriz. Hemen ez, eta horrela oso zaila da aldaketa handiak egitea. Dena den, pauso batzuk eman ziren, hala nola, Amnistia Legea, zeinari esker ETAko, FRAC-eko, etab. preso batzuk libre geratu ziren. Hori konponketa handia da: batetik, askatasuna ematen duelako; bestetik, eskubide pasiboak ematen dituelako.

Garai hartan asko idazten hasi zen fenomenoari buruz; kaleen izen asko aldatu ziren; buruzagi errepublikano batzuen gorpuak aberriratu ziren, Largo Caballeroren kasuan bezala; eta erreparazio ekonomikoak ere ematen hasi ziren: militar errepublikanoei, karabineroei, garbiketa-prozesuak jasandako irakasleak bezalako profesionalei, gerrako alargunei, gerrako haurrei, umezurtzei… 1978-2006 aldian, 16.361.000.000 euro ematen dira erreparazioetan. Ez zen nahiko izan, baina jada ahalegin bat ikusten dugu. Horrez gain, gorpu asko atera ziren hobietatik 1983. urtera arte (zehaztasun zientifiko handiz egin ez bazen ere), bereziki Extremaduran.

Honekin guztiarekin esan nahi dut Frankoren heriotzaren ondorengo lehen urteetan oso era aktiboan saiatu zirela memoria historikoa berreskuratzen. Zergatik gelditu zen hori guztia ondoren? Nire ustez, puntu klabe bat dago istorio honetan: Tejeroren estatu-kolpearen saiaketa. Nik pertsonalki askotan galdetu diot Felipe Gonzalezi zergatik berak ez zituen memoria berreskuratzeko politikak abian jarri. Berak esaten zuen arrazoi nuela, egin behar izan zela zerbait, baina Gutiérrez Melladok behin hala mintzatu zitzaidan: gerrako gaiak alde batera utzi behar dira. Horrelako mentalitateengatik gelditu zen prozesu guzti hori. Prozesu horretan nik berak parte hartu nuen, Granadan egindako Gerra Zibilaren 50. urteurrenaren ondoriozko zeremonia antolatuz, eta antolamendurako ez genuen inolako subentziorik jaso. Memoria, jadanik, historialarien kontua zen besterik ez, eta biktimak ahaztuta zeuden.

Testuinguru honetan errebisionismoaren sendotze-politika hasten da, 1980ko hamarkadaren bukaeran eta, bereziki 1990ko hamarkadan, eskuin politikoa sendotuz. Historialariok gustuko dugu datak jartzea: nik lehen Tejeroren estatu-kolpearen data askotan jartzen nuen, eta orain, beste bat jartzen dut: diktadorearen heriotzaren 20. urteurrena. Oso esanguratsua da momentu hau, handik aurrera hasten baita frankismoa hain txarra ez zeneko ideia zabaltzen, frankismoa edulkoratzen hasten da. Eta hasten da ere Gerra Zibilaren erruduna Errepublika deneko ustea definitzen (berez, Errepublikaren kontra altxatzen den armadaren zati bat da errudun).

Momentu horretan, preseski, dagoeneko 1996. urtean gaudela, eskuin politikoa iristen da boterera, politika errebisionisten irmotzea dakarrena. Orduan da “ez da iragana nahasi behar” bezalakoak entzuten hasten garenean, biktimak hobietan dauden bitartean. Hamarkada horretako azken bosturtekoan, ordea, jakin-min handiko mugimendua hastan da sortzen; bando galtzailearen biktimen duintasun berreskuratu nahi izatearen mugimendua, alegia. Honek rol garrantzitsua jokatzen du historialariok “iloben belaunaldia” deitzen dugu horretan. Momentu horretan hasten dira zehaztasun zientifiko handiagoko hobietatiko gorputzen ateraldiak, memoriaren berreskurapenerako elkarteak agertzen dira pixkanaka… horrela, guzti hau mugimendu sozial bihurtzen  hasten da, eta ez hori bakarrik, baizik eta gizarte-agendako gai izatera pasatzen da. Egunkarietan presenteago hasten da egoten eta autonomia erkidegoek gaian esku hartzeko lehen urratsak ematen dituzte. Erreparazio-forma osagarriak ematen dira, estatuak emandakoez gain. Laburbilduz, biktima errepublikanoen duintasuna berreskuratzeko prozesua jartzen da martxan.

Mugimendu guzti honen gabe, nire ustez, 2007ko legea ezinezkoa izango litzateke. Mugimendu sozial bihurtu ondoren, alegia, elkarte asko eta asko agertu ondoren, giza-eskubideak aldarrikatu ondoren… eta hori guztia NBEren doktrinarekin bate egiten duela ulertzen denean (egia, justizia, erreparazioa…), 20007ko legea martxan jartzen da. Honek Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimak duin egitearen oinarriak ezartzen ditu, eta momentu horretara arte egiten ez ziren praktikak ahalbidetu zituen: esaterako, deshobiraketak, nahiz eta askotan elkarteen eskumen izaten bukatu edo familiek modu pribatuan ordaindu behar izan (dena dela oinarriak ezarri ziren), estatuak eginkizuna bere gain hartzearen ordez.

Testuinguru horretan, biktimen bulegoa irekitzen da, subentzioak ematen hasten dira, betiere egiaren ezagutza bermatzeko helburuarekin. Legea onartu zenetik 10 urte pasa direla, zer esan dezakegu? Nire ustez, ez da nahiko izan, ez baitzuen ahalbidetzen planteatzen zituen helburuak betetzea. Horrek legearen erreforma integral bat egitearen eginbeharra jartzen digu eskuartean. Horretarako kontuan eduki beharrekoa honakoa da: planteatzen ziren helburuak betetzea oztopatzen dituzten gutxiegitasunak aldatzea; NBEren eskakizun iraunkorrak eta nazioarteko beste organismoek planteatzen digutena; autonomien arteko desberdintasunak fenomeno honen trataeran, izan ere, lege autonomiko batzuk estatu-mailako legea baino haratago doaz; garrantzi handiagoa ematea elkarteen eskakizunei eta erreforma-proiektu honetan parte har ditzan ahalbidetu dezagula, estatu-mailako memoriako kontseiluetan egon daitezen utziz. Hau horrela, nola izan beharko luke legearen erreforma?

Mahai gainean jartzen dugun lehen gauza salbuespeneko auzitegiak deuseztatzea da. Arestian jada hitz egin dut hauei buruz, bereziki aipagarri izanik Komunismo eta Masoneriaren Errepresiorako Auzitegia eta beste hainbat, Erantzukizun Politikoko Auzitegia eta Ordena Publikoko Auzitegia bezala. 2007ko legeak zioen auzitegi horiek eta euren erabakiak sasikoak eta bidegabekoak zirela, baina hori urratsa erdizka besterik ez ematea da: hainbat epailerekin (Baltasar Garzón, Martín Pallín…) puntu honen birmoldaketan lan egin dugu auzitegi hauen epaien baliogabetasun totala lortzeko.

Aldatu nahi dugun bigarren puntua da desagertutako pertsonak bilatzea ezinbesteko elementu bezala. Orain arte, bilaketa hauek eremu pribatuan egon dira, elkarte eta familien eskutik, baina NBEk eta beste erakundeek planteatu diguten bezala, uste dugu prozesu horren buruan Espainiako estatua egon behar duela. Hala izango da, baina ez estatuaren eskumen esklusibo izanik, baizik eta lankidetzan estatu osoko autonomien gobernuekin, foru aldundiekin eta elkarteekin. Hau da, estatuko politika bat abiatzea, zeinean guztiek hartzen duten parte, baina aldi berean estatu bera den guztiaren lider. Eta zein izango da metodologia? Modurik hoberena da lurraldeetako organismo judizialekin lan egitea. Izan ere, orain arte planteatu dugun bezala, arazoak izaten ari gara justiziarekin eta fiskalekin. Zergatik ez dira epaileak lan honetan jarduten edozer desagertu bilatzen duten era berean? Prozedura Kriminalaren Legearen 15. eta 18. artikuluekin bat etorriz hau posible egin dezakegu. Hau lehenbailehen egin beharrekoa da, eta ez aldi luzean, demokrazia guztiz ezartzeko ezinbesteko baldintza baitugu. Antzeko zerbait egin nahi dugu lapurtutako haurtxoekin.

Bestetik, Egiaren Komisioaren gaia planteatzen dugu. Dakigunez, eskuin politikoak gogor kritikatzen du ideia hau, baina NBEk zioenez, Espainiak duen arazo handienetako bat memoriaren zatiketa da. Zatiketa hori leuntzeko beste herrialdetan egin dena egiaren komisioak abiatzea da. Askoei hau akto sinboliko hutsa iruditzen zaie, baina guk uste dugu horrelako aktoak iraganeko haustura atzean uzteko benetako borondatez eginez gero, benetan emaitza onak lor ditzakegula, baita ere demokraziarekin, bere erakundeekin eta giza-eskubideekin konpromisoa hartzeko. Izan ere, egiaren komisio ororen bukaeran txostena egiten da, non era guztiz objektiboan idazten den eta indarkeriaren prebentzioa, bakearen kultura eta giza-eskubideen babesa sustatzen den. Honekin guztiarekin estatuko biktimen zentsua egin nahi dugu, baina horretarako, Euskadiko zentsuarekin koordinatu behar dugu ere, epaitegietatik pasa zirenen eta garbiketa-prozesuak jasan zituztenen izen guztien konstantzia egon dadila. Baita behartutako lanekin egindako eraikinen konstantzia ere. Horrelakorik ez da inoiz planteatu, eta nire ustez Gerra Zibiletik gainditu gabe dugun asignatura da.

Gainera, ondasunak kendu zizkieten pertsonei hauek bueltatzea planteatu behar dugu, nahiz eta askok esan hori ez dela bideragarri orduan estatua eroriko litzatekeelako. Izan ere, konfiskaturiko jabetza publikoko ondasunak berreskuratu badira, zergatik ez berreskuratu jabetza pribatukoak? Hainbat ikerketa dago honen inguruan jada, eta beste herrialdetan egin den bezala, pixkanaka, iniziatiba hau garatzen saiatuko gara.

Horrez gain, memoriako lekuen sorrera ere kontsideratzen ari gara. Eta baita Valle de los Caídos-en birplanteamendua: esanahi frankista kendu eta estatu mailako memoria-zentro bihurtu behar dugu, eta horretarako Frankoren gorpua handik atera behar da. Beharrezkoa da ere bisitariek jakitea nor dagoen han lurperatuta, gaur egun ez baitago nahiko informaziorik. Kulturako proiektu asko jarri behar dira martxan.

Orokorrean, eta bukatzeko, 2007ko legea birmoldatzeko sinbolo frankistak kendu behar ditugu herrialde osoan eta santzioak jarri, ez baitago horrelako legerik santziorik gabe (beharrezkoa da orain arte gertatu dena, udaletxe batek izen frankista izatea, ordea, gehiago ez pasatzeko). Faxismoa, nazismoa eta frankismoa bateraezinak dira. Ezin dira egon frankismoaren apologia egiten duten elkarteak Espainian.

Gure planteamendua erakunde guztiekiko lankidetzan oinarritzen den proiektu barneratzailea da, eta bada garaia horrelako zerbait saiatzeko, demokrazia nahiko solidoa daukagulako dagoeneko. Deshobiratzeak ez dira eskuin edo ezkerreko kontua; duintasun demokratikoko kontua dira. Honekin ez ditugu zauriak irekitzen, baizik eta ixten. Prozesu lazgarri guzti honi amaiera jartzeko era bakarra gorpuak hobietatik ateratzea eta familiei bueltatzea da. Eskerrik asko.