Berri guztiak

Pobreziaren aurkako eta iraunkortasunaren eta genero-berdintasunaren aldeko borroka lehentasuna izatea ezinbestekoa da

Horixe da Jaime Atienzak defendatzen duen tesia. Atienza Oxfam Intermon-eko Garapen eta Zorraren Finantzazioaren arduraduna da, eta Donostiako Miramar Jauregian egongo den “La Agenda 2030 y el Futuro de la Financiación del Desarrollo” ikastaroaren zuzendaria.

Barack Obamaren administrazioarekin alderatuta, Donald Trump presidentearen administrazioak bat-bateko aldaketa suposatu du, eta horri gainbegiratu bat eman dio. Obamak elkarrizketa aldeaniztuna eta Txinarekiko lankidetza indartu zituen, baita eskuhartze militarra saihestu ere. Trumpekin, ordea, gauzak errotik aldatu dira, “lagun vs. etsai” politika areagotu baitu, haustura aldebakarrak burutu baititu, eta lehenagotik ez zeuden babesak eman baitizkio Israeli, zeinak nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak diren. Iranekin eta Errusiarekin egindako hitzarmen bereiziak, arma nuklearrak ez ugaritzekoak, era aldebakarrean puskatu zituen, baita klima-aldaketaren aurkako Parisko Akordioa ere.

Trumpek brexita babestu izana europar boterea ahultzen saiatzeko zeinu argitzat du Jaime Atienzak, Europa, mundu-mailako potentzia gisa, momentu zailean dagoenean. Haatik, nazioarteko harremanetan eta giza eskubideen borrokan mundu-mailako lehen potentzia izaten jarraitzen du. Jaime Atienzaren ustez, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agenda aukera paregabea izan daiteke Europarentzat lidergo hori berritzeko eta AEBen kontrabotere bihurtzeko.

Txina mundu-mailako bigarren ekonomia gisa agertu da, gero eta eragin handiagoa duen nazioarteko inbertsio bati esker, zeina ez den, ordea, dohaintzetan oinarritzen, kreditu-eragiketa mistoan baizik. Europak lehen potentzia izaten jarraitzen du garapen-bidean dagoen herrialdeen finantzazioari dagokionez, eta giza eskubideen aldeko ikuspegi irmoa du; Txinaren inbertsioen kasuan, aldiz, ez da hala.

Baina Jaime Atienzak bulkada nazionalista eta esentzialistetan jarri du kezka, horiek baitira Europako botere-sektoreetan sartu direnak eta Afrikarekiko erlazioak are gehiago kalte ditzaketenak. Finantzarako instrumentu berria fintzen ari da Europa, hainbat urtetako finantza-markoaren barruan. Diru gutxiago eskainiko du dohaintza puruetan, eta, gehiago, kreditu-eragiketa mistoetan”.

Aipaturiko hainbat urtetako finantza-markoan, giltzarria izango da EBak pobreziaren aurkako eta iraunkortasunaren eta genero-berdintasunaren aldeko borroka ziurtatzea. Horrela, EBak mundu-mailako ekintzaile gisa duen hegemonia mantenduko du, giza eskubideak eta 2030 Agenda izanik bere iparrorratza. Txinaren zabalkunde komertzial eta ekonomikoaren aurrean eta AEBen “lagunak vs. etsaiak” politikaren aurrean.

Garapen-bidean dauden herrialdeei dagokienez, eta, batez ere, Saharaz hegoaldeko Afrikari dagokionez, azken urteok aukera gehiago ekarri dituztela aitortu du Atienzak. Txina eta beste potentzia batzuen sarrerak finantzazio-oinarria handitzea ahalbidetu die afrikarrei eta haien mendekotasuna dibertsifikatzea. Halaber, nazio-mailako eta nazioarteko banku berriak sortu dira (New Development Bank eta Asian Infrastructure Investment Bank (AIIB).