Berri guztiak

Uda Ikastaroak Fundazioak eta Beasaingo Udalak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute

Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan, gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune.

Uda Ikastaroen Ibiltaria programaren helburuetako bat ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea da, eztabaidak sortzen diren lekuetan aztertzeko gai bakoitza.

Bere aldetik, Beasaingo Udalaren asmoa da ezagutzaren erreferentzia bihurtzea Igartzako monumentu multzoa.

Horregatik, bi erakundeek indarrak batu dituzte XXXVIII. edizioko bi uda ikastaro egiteko Beasainen:

“Fabrikazio Gehigarriaren eragina industrian” (ekainak 27)

Iñaki Zabalo Goiherriko Herrien Ekintza Fundazioko zuzendari nagusiaren gidaritzapean, ikastaroak aztergai izango du fabrikazio gehigarriak industrian duen inpaktua. Teknologia hauek gero eta aplikazio handiago dute industria sektorean eta negozio ereduei, prozesuei, makinei eta profesionalei eragiten diete. Fabrikazio gehigarriak aukera ematen du produktu berri eta eraginkorragoak sortzeko, pertsonalizatuak eta errespetutsuak ingurumenarekin. Ondorioz, industria arloko enpresa asko prozesu hauek ezartzen ari dira. Ikastaroan, teknologia gehigarrien inpaktua aztertzeaz gainera, gaur egungo prozesuak deskribatu eta diseinu aukerak zehaztuko dira.  Halaber, industrian arrakasta izan duten kasu praktikoak erakutsiko dira.

“Prebenitu daiteke Alzheimerra? Egungo erantzun bat medikuntzak eta gizarteak partekatzen duten desafio bati” (irailak 12)

Pablo Martínez-Lage neurologoak zuzenduko duen ikastaro honen helburua da alzheimerraren prebentzioaren egungo egoera aztertzea. Gipuzkoan martxan jarri diren azterketen eta proiektuen emaitzek –hala nola Gipuzkoa Alzheimer Proiektua, Deban eginiko azterketa epidemiologikoa, GOIZ-BEASAIN narriadura kognitiboaren detekzio goiztiarrerako programa…– agerian utzi dute euskal herritarren interes bizia beren garun osasuna eta arriskuak ezagutzeko eta gaixotasunaren prebentzioaren ikerketari ekarpen eskuzabal, arduratsu eta solidarioa egiteko Ikastaroak aurre egin nahi dio alzheimerrak erremediorik gabeko fenomeno gisa duen irudi etsiari. Dagoeneko metatu den ezagutzak eta gaur egun martxan dauden ikerketek etorkizun itxaropentsua iragartzen dute, baina beharrezkoa da azterketa gehiago eskala handian egitea, biztanleria lagin askotarikoetan eta era askotako esku hartzeen bidez.

Martxoaren 29an, programak argitaratu eta matrikula epea zabalduko da.