14.Aza.2019

Zer Jan Halako Euskal Herria! - Elizondon Nekazaritza Politika Bateratuaz aritu gineneko Kronika

“Nekazaritza Politika Bateratuaren eredu berriak landa eremu bizia lortzen laguntzen al du?”. Plazaratutako galderak interesa bazuen, aretoa ikusi baino ez zegoen, guztiz lepo; eta partaideen aldetik, oso profil anitzak: baserritarrak, nekazaritzako teknikariak, nekazaritza sindikatuetako kideak, eragile sozialak, ikerlariak, sukaldariak, politika publikoetan ardura dutenak… Guztiek bat egin zuten deialdiarekin; hor lehen argazkia.

Jardunaldiaren hasieratik, eta oinarri gisa, zera baieztatu zen: “nola nahi dugun elikatu (osasuntsu eta jasangarri), halakoa izan behar da gure nekazaritza (…)” eta “nazioarteko ikerketei jarraituz, aldaketa jasangarriak lortzeko, nekazaritza ikuspegitik elikadura ikuspegi sistemikora pasatu behar dugu”.

Saioaren lehenengo tartean, marko teorikoa ezagutzeko aukera izan genuen, batez ere gaia gertukoa ez dugunentzako aproposa izan zen. Nekazari Politika Bateratua (NPB) Europan elikadura autosufizientzia lortzeko eta Europako mugak zaintzeko sortu zela entzun genuen. Eta gero, 90. hamarkadan, Europa merkatu librean sartzearekin, mugak hautsi egin ziren. NPBa osatzen duten bi zutabeen datuen azalpena jaso genuen: lehen zutabeak (diru laguntzen %80a batzen duena) abiadura handiko nekazaritza eta eredu industriala laguntzen du, jasangarritasunarekin bateraezina. Bigarren zutabeak (diru laguntzen %20 batzen duena) aurrekoak egindako kalte guztia moldatzen saiatzen da. Beraz, egun, NPBa nekazaritza industrial baten bultzatzailea da. NPBak merkatu librean elikagaien salerosketa esportazio-inportazioetan oinarritzea sustatzen du, nekazaritza espekulatzailea indartuz. Datu esanguratsu bat azpimarratu zen: Hego Euskal Herriko lur-jabeen %10ek 1. zutabeko oinarrizko ordainketen erdia jasotzen dute. Hortaz, beste erdia lur-jabeen %90en artean banatzen da.

Halaber, indarrean dagoen NPBak elikadura-dietetan inpaktu negatiboa duela nabarmendu zen, dietarekin lotutako gaixotasun tasa altuak nekazaritza industrialaren kanpo eragin negatiboa ere badirelako. Baina, hara non, inpaktu negatibook ez dira zigortzen diru-laguntzak ematerako orduan, eta merkatuko prezioetan ez dira ageri (oso merke baitira). Bestalde, kanpo eragin positiboak (elikadura sistema iraunkor batek lortzen dituenak) ez dira saritzen behar bezain beste.

Gainera, nekazaritza eredu honek sektorearen maskulinizazioa ekarri du. Nekazaritza industriala –handitzean eta mekanizatzean oinarrituz- oso ongi ahokatzen da kapitalean eta gizon eredu jakin batekin intentsiboa den ereduarekin. Errealitate horretan, emakume baserritarra bazterrean eta landa eremuan bizitzeko aukerarik gabe gelditzen da. Honek landa eremuaren hustearen logika sustatzen du.

Mahai inguruek aurrera begiratzeko ere hainbat gogoetarako bidea eman zuten. Hizlariek gogorarazi ziguten elikadura burujabetza herrion eskubidea dela; lokalki garatzen dena; eta horrek, gure ekoizpen sistemak berreraikitzea esan nahi duela, tokiko baliabideetan oinarrituta. Eta hori garatzeko bidea Nekazaritza iraunkorra dela: emankortasuna berreskuratuz, bioaniztasuna zainduz eta sozialki justua den eredua lehenetsiz.

Baina datorkigun NPBren erreformak hurrengo urteetarako aldaketa handirik ekarriko ez duela ere jakiteko aukera izan genuen; are gehiago, 2021-27 arorako 2. zutabeko Landa Garapen arloko diru-laguntzak murriztuko dira. Momentuz ikusten denagatik, NPBaren moldaketa berriarekin bi eredutako nekazaritza bultzatzen jarraituko da. NPBaren etorkizunak paperaren gainean “parte hartzaileagoa” eta “ingurugiroarekin konpromiso” handiagoa duela dirudien arren, hori lurreratzeko erak oso ezberdinak izan daitezke lurraldearen eta ematen diren lehentasunen arabera. Aukera hor dago, baina frenoak daude, beste politika batzuekin talka egiten dutenak. Nekazaritza iraunkorra eta agroekologia indartzeko bigarren zutabea litzateke bidea. Beraz, aurreikuspenaren arabera nekazaritza iraunkorraren aldeko aurrekontua jaitsi egingo da, nekazaritza iraunkorraren garapena oztopatuz; eta, horrela, saioan zehar azpimarratu zen eta hain beharrezkoa dugun Trantsizioak aukera gutxi izango ditu NPBaren eskutik.

Talka honek arazo politiko baten aurrean gaudela erakusten digu, modu integralean lantzea eskatuko lukeena, non Elikadura politika batek baldintzatu behar duen nekazaritza politika, bai behintzat helburua elikadura osasuntsu eta justua bada. Zentzu horretan, eta bide berriak eraikiz, mahaiaren eta aretoan bueltan bildutako esperientzietatik, lagungarriak izan ahal zaizkigun maila desberdinetako proposamenak jaso genituen: aliantzak saretzea eta lankidetza lantzea ezinbestekoa dela, gobernantza eredu berriak behar ditugula (lurraldeen, eskualdeen eta herrietako eskumenak landuz) eta horretarako behar diren baliabideak eskuratuz, erreleboarentzat estrategia sakona, apustu agroekologikoa, politikak sektoretik lantzeko aukera errealak, lurren gaineko eskubide historikoen gaia aztertzea, nekazari teknikarien rola aldatzea, ATPren figura definitzea (maila desberdinak zehaztuz),  diru laguntzen banaketa egokia egitea, elkarlanerako foro eta topaguneak lantzen jarraitzea, trantsiziorako eredua garatzea….eta bizitzari laguntzen dion politika egitea.

Jardunaldi intentsua eta luzea izan zen. Mamitsua ere bai. Alde batetik, parte hartu genuenoi nahiko urrun sentitu eta hain errez lortzen ez dugun informazioa eta esperientziak aurrez aurre izateko parada izan genuelako. Eta beste alde batetik, gure nekazaritza eta landa eremua nola izango den erabakiaren parte izan nahi badugu horrelako espazioak ezinbestekoak direlako eta hauen jarraipen bat egotea beharrezkoa delako. Hitzetatik ekintzetara salto egiteko aukera izan daiteke Elizondoko mahaia, poliki-poliki bada ere. Horregatik, xurrumurru bat badabil bigarren hitzordu bat eskatzen duena, bertako kezkak modu praktiko batean kudeatzen hasteko eta arazoei aurre egiteko, elkarlanean. Saioan parte hartu zuten lagunen aniztasuna kontuan hartuta, ikastaroko indarrak baliatu daitezke bide berriak egiten jarraitzeko.

Elizondoko jardunaldiaren ostera, berresten da herritarrengan dagoela benetako aukera. Izan ere, hauexek izan ziren entzun genituen hitz azkenetakoak:  Zer Jan Halako Euskal Herria!