18.Ira.2018

Zerbitzu elebiduna emateko langile elebidunak behar dira

Osasun-arloan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea ez dago bermatua. Asko dira egoera horretan eragiten duten faktoreak eta horiek izan dira, hain zuzen ere, Jon Zaratek zuzendu duen “Osasuna eta Hizkuntza: Erronkak eta aukerak” ikastaroaren muina.

klasean

Gaur egun, Osakidetzan lan egiten duten langileen % 40 inguru dira euskaldun. Kopuru hori, urtero, % 3 inguru hazten da, baina oraindik ere hori ez da nahiko benetako zerbitzu elebidun bat eskaini ahal izateko. Osakidetzako Euskara Zerbitzuburu Xabier Arauzok azaldu duenez, “profesional elebidunen kopurua derrigorrez handitu behar da zerbitzu elebiduna bermatzeko, baina Osakidetza bezalako erakunde batean hainbat muga daude”.

Arauzok euskara Osakidetzan txertatzeko diren zenbait muga edo arazo errepasatu ditu bere hitzaldian. Lehenik eta behin, ardura postuetan euskalduntze-maila ez dagoela zehaztuta azpimarratu du hizlariak. Bestalde, kontratazio ebentualetan zein ordezkapenetan ere euskara ez dela ezinbesteko baldintza onartu du.

Arauzok Osakidetzaren Euskara Planaren nondik norakoak ere azaldu ditu. Plan horrek sei urtez Osakidetzaren barruan euskararen ezarpena zein nolakoa izan behar duen jasotzen du, baina Arauzok berak onartu duenez, “ez da zehaztasunetara jaisten”. Helburua euskararen erabilera handitzea izanik, Arauzok egun den erabilera kuantifikatzeko ahalegin berezia egin behar dela azpimarratu du. Horrekin batera, teknologia berriekin harremana duten esparruak euskalduntzeko ahalegina ere egin behar dela adierazi du.

Azken orduko berri gisa, Osakidetzak itzulpen automatikorako sistema bat garatu nahi duela azaldu du Arauzok, baina, momentuz, “ikerketa prozesuan dago eta epe motzean ez da martxan izango”.

Itzulpenarena ikastaroan izan diren zenbait hizketalditan azaldu den gaia izan da. Adibidez, Leire Erkoreka osasun mentalaren esparruan ama-hizkuntzak duen garrantziaz aritu da. Erkorekaren esanetan “osasun mentalarekin zerikusia duten sintomak dituzten erien kasuan hobe da haien ama-hizkuntzan aritzea. Izan ere, modu horretan, gaixotasun horren sintomak modu eraginkorragoan antzeman daitezke, kasu horietan, eriaren kontaera subjektiboa funtsezkoa delako”. Osasun mentalaren kasuan, sintomen berri izateko bide bakarra galdetegiak izaten dira eta, horregatik, horiek euskaratzen hasi behar izan dute.

Ildo berean, Naiara Ozamiz ama-hizkuntza haurren identitatearen bilakaeran duen garrantziaz aritu da. Ozamizek azaldu duenez, haurren emozioak aztertzen dituen ‘Aseba’ izeneko tresna euskaratzen hasiak dira eta itzulpen-metodologiaren berri eman du. Hizlariak onartu duenez, “horrelako itzulpenek oso prozedura sakona eskatzen dute eta hainbat urrats eman behar dira azken emaitza ahalik eta zuzenena izateko”.

Euskarak osasun-arloan bizi duen diglosia egoera munduko beste hainbat herrialdetan bizi dutenaren antzekoa dela azaldu du Osakidetzako familia-mediku Aitor Montesek. Hizlariak adierazi duenez “normalean, ez da osasuna eskaintzen hizkuntza gutxituetan eta, horrek, beste zenbait ondorioen artean, osasun-aldeak eragin ditzake”. Montesek diglosia egoerak dituzten nazioarteko beste egoera batzuk ikertu ditu, adibidez, AEB, Kanada, Gales edo Australia. Aipatu herrialde horietan profesional elebidunik ez dutela ikusi du: "Garuna dute, baina besorik ez. Guk bai, eta nazioartean erreferente izan beharko genuke" amaitu du.

Etiquetas: