02.Abu.2018

Zurrungak ez dira gaixotasun bat, baina ia-ia

Urtero, batez beste, loaldiko hiru minutu galtzen dira. Geroz eta gutxiago lo egiten duen gizarte batean bizi gara eta eskasia horrek eragin zuzena du gure osasunean eta gure bizi-kalitatean.

Nork ez du ezagutzen lo egiterakoan arazo motaren bat duenik? Loezina, zurrungak, loaldiko apnea, hipersomniak, parasomniak, Hanka Urdurien sindromea… Diego García-Borreguerok zuzendutako ikastaroan, IMQ Zorozaurre Klinikan, gure atsedenean eragina duten eta milioika lagunei erasaten dieten gaitz ezberdinen inguruan sakondu da. Zoritxarrez, ikastaroaren aurkezpenean García-Borreguero berak azpimarratu duen bezala, “ezjakintasun handia dago biztanleriaren aldetik gai honi buruz”.

Joaquín Durán-Cantollak, UPV/EHUko irakasleak, loaldiarekin loturiko arnasketa-gaitzen inguruan sakondu du: zurrungak eta loaldiko apneak. Durán-Cantollaren ustez, “zurrungak ez dira gaixotasun bat, baina ia-ia. Dudarik gabe sortzen dutena bizikidetza arazoak dira”. Izatez, hizlariak berak aurkeztutako datuen arabera, Espainian 840.000 haur inguruk zurrunga egiten dute eta helduen kasuan, hamar milioi inguruk.

Bere aurkezpenaren lehen zatian Durán-Cantollak zurrunga egitearen arrazoiak eta hainbeste jendek apneak pairatzearen zergatiak azaldu ditu. Hizlariaren aburuz, “apneak askoz ere arriskutsuagoak dira, odolaren oxigenazioan zuzenean eragina dutelako eta kasu larrienetan (orduko 30 apnea gainditzen direnean) arazo kardiobaskular larriak ekar ditzaketelako”.

Gaur artean, gaitz mota honen diagnostikoa egiteko ekipamendu konplexua behar zen. Teknologiak aurrera egin duen heinean, ekipamendu hau sinplifikatzen joan da eta Durán-Cantollaren ustetan, “etorkizun ez oso urrun batean posible izango da diagnostiko bat egitea kontaktu gabeko teknologiarekin, hau da, kablerik gabe”.

Gaitz hauek pairatzen dituzten pertsonek arazo handiagoak dituzte behar bezala lo egiteko. “Apneen kasuan, burmuina bera da loaldi sakon bat ahalbidetzen ez duena oxigeno faltagatik” azaldu du hizlariak. Aurkezpenaren bigarren zatian, UPV/EHUko irakasleak gaitz mota hauen ondorioz sortzen diren arazoak azaldu ditu. Durán-Cantollarentzat loaldiko arnasketa-gaitzen bitartez eratorritako arazoak sistemikoak dira alde batetik, eta bestetik, sozialak.

Sistemikoen barruan modu batean edo bestean osasunean eragina duten guztiak egongo lirateke. Garrantzitsuenen artean, Durán-Cantollak “hipertentsioa eta gaixotasun kardiobaskularrak, gehiegizko hilkortasuna, funtzio neurokognitiboa (arreta defizitak esna-aldian), depresioak, alterazioak metabolismoan, kantzerrak, begiko alterazioak, operazioosteko arriskuak edo ugalkortasun arazoak” azpimarratu ditu. Sozialen barruan, gaitz mota hauek jasaten dituzten pertsonen bizi-kalitatearen inpaktuaz gain, hizlariak honakoa nabarmendu du: “gaitz mota hauek kostu ekonomiko altua dute. Apneak dituen gaixo batek ez dituen pertsona baten  osasun-kostuak bikoizten ditu.”

Bere aldetik, sarrera-hitzaldian Cruces Hospitaleko Ana Isabel Fernándezek loaldiaren oinarrizko kontzeptuak laburtu ditu. Fernándezentzat “entzefalogramaren agerraldia arte loaldia sakontasunez aztertu ez den fenomeno fisiologikoa da”. Loaldia beharrezkoa izatearen arrazoiak eta atseden apropos baten abantailak errepasatu ondoren (burmuinaren zaharberritzea, energiaren kontserbazioa, plastikotasuna, memoria…), hizlariak nabarmendu du “ikerketa ezberdinek adierazten dutela gizarte garatuetan 6,5 ordu lo egiten direla batez beste, nahiz eta egokiena egunean 7 eta 9 ordu artean lo egitea den. Zoritxarrez, lanera joateko geroz eta goizago jaikitzen den eta sozializatzeko geroz eta beranduago lotara joaten den gizarte batean bizi gara”.