International conference on electron-phonon coupling and thermoelectric efficiency

11.Aza - 13.Aza

Kod. Z08-20

Erabilgarritasuna kalkulatzen...

Itxarote zerrenda
Data gaindituta

Laster egitarau zehatza argitaratuko dugu

Uda Ikastaro hau presentziala da. Baina nahi izanez gero online zuzenean jarraitzeko aukera egongo da: aukera hau nahiago bazenu, mesedez sakatu testuaren gainean online zuzenean den ikastaroaren fitxara sartzeko.

Motibazioa:

Gure gizarteak kolektiboki aurrez aurre dituen erronka teknologiko handien artean, energiaren ekoizpena eta biltegiratzea gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, egunetik egunera. Horri lotutako erronka bat energiaren erabilera eraginkorra da datuen konputazio intentsiborako eta kudeaketarako, eta hori lotuta dago eskala molekularreko miniaturizazioari eta paradigma berrien bilaketari, esate baterako, konputazio kuantikoa.

Erronka handi horien atzean dauden garraio fenomenoen oinarrizko fisikaren ulermenean izandako hobekuntza orok jauzi handiak ematen lagunduko digu, gizarte jasangarriago eta produktiboago bat lortzeari begira. Erregai fosilen ustiapenaren ingurumen inpaktua gutxitu nahi badugu edo energia kudeatzeko soluzio osoagoak asmatu nahi baditugu, erabat beharrezkoa dugu hala karga termikoa nola garraio termikoa sakontasun handiagoz ezagutzea. Garraio elektronikoa eta sareko garraio termikoa eskutik doazela erakusten duten adibide tipikoak dira Jouleren berokuntza eta efektu termoelektrikoa: lehenengoa mikroelektronikaren adierazgarri nagusia da, eta bigarrengoak, berriz, bero hondarra birziklatzeko edo hozte aktiboa lortzeko modu bideragarri bat eskaintzen du, oraindik eraginkorra ez bada ere. Denbora luzez garraio elektronikoa eta sare bidezko garraio termikoa bakoitza bere aldetik landu badira ere, hurbilketa adiabatikoa eta ikuspegi erdiklasiko eraginkorrak oinarri hartuta, lehen printzipioen araberako elektroi-fonoi akoplamenduaren tratamendu zehatza ezinbesteko osagai bat da, eta kontuan hartu behar da, garraio elektronikoaren modelizazio eraginkorra, Joule berokuntza eta energia termoelektrikoaren konbertsioa lortu ahal izateko. Gauzak horrela, elektroi-fonoi akoplamenduaren inguruko interesa nabarmen areagotu da azken 5 urteetan, ahalmen handiagoko baliabide konputazionalak eskuratu direlako eta, are garrantzitsuagoa dena, ikuspegi konputazional eraginkorragoak eta esperimentazio teknika berriak eta ahalmen handiagokoak garatu direlako.

Eraginkortasun termoelektrikoaren hobekuntzaren aurrerapenak astiro ematen dira, eta askotan eraginkortasunaren oinarrian dagoen oreka hauskorrean errotutako serendipiak ematen ditu. Hain zuzen, azken horretan konbinatzen dira bai garraio elektrikoa bai termikoa (idealki, lehena handia da, eta bigarrena, txikia), eta material eta gailu gehienetan erlazionatzen dira. Material nanoegituratuen erabileran aurrerapen nabarmenak lortu badira ere, karga eta garraio termikoaren arteko akoplamendua eta desakoplamendua hobeto ulertzeak bide berriak irekiko lituzke, energia termoelektrikoaren konbertsiorako. Landu beharreko oinarrizko fenomeno fisikoak estuki lotuta daude material konplexuetan, dimentsio txikiko nanoegituretan eta gailu molekularretan egindako elektroi-fonoi akoplamenduari. Bai modelizazio konputazionaleko tresnek bai elektroi-fonoi akoplamendua zuzenean zundatzeko ikuspegi esperimentalek printzipioak probatzeko etapa goiztiar batean daude, eta tarte handia geratzen zaie sistema konplexuetan muga-mugako funtsezko fenomenoak argituko dituzten garapen eta aplikazio zirraragarriak egiteko.

Konferentzia honetan, nanoelektronikan, elektronika molekularrean eta energia termoelektrikoaren konbertsioan duen aplikazioa bultzatzeko, elektroi-fonoi interakzioaren arloan lanean diharduen nazioarteko komunitatea elkartu nahi dugu, azken urteetan lortutako aurrerapenen berri emateko eta horien inguruan eztabaidatzeko. Konferentziaren helburua teoriaren eta komunitate esperimentalen arteko lotura bat ezartzea da; izan ere, lehenengoan lortutako aurrerapen orok eragin nabarmena izango du bigarrengoak gailu eraginkorrak sortzeko duen ahalmenean. Konferentzian, arlo horretako protagonista nagusien hitzaldi gonbidatuak, ekarpen hitzaldiak eta mahai inguruak antolatuko dira, teoria eta esperimentazioa elkartzeko bide orri bat ezartzeko.

Helburu praktikoak:

Elektroi-fonoi akoplamenduan interesa duen komunitatea handia da, eta nahiko erraz ezagutzen da, efektu horrek askotariko gaietan lekua izan dezakeelako, esate baterako, energia termoelektrikoaren konbertsioa, hozketa elektronikoa, supereroankortasuna, baita dispertsio ez-elastikoari buruzko esperimentuak ere. Egitura partikular baten errendimenduan elektroi-fonoi akoplamenduaren efektuaren aurreikuspenaren erdigunean, faktore esanguratsuak modelatzeko eta karakterizatzeko gure gaitasuna dago, eta horretarako erabili behar dira bai ab initio metodoak bai modelo fenomenologikoak, zeinak esperientziarekiko alderaketaren bidez justifikatzen baitira.

Konferentziak eta tailerrak gune egokiak izaten dira teoriaren barruan posiblea denaren bidez aukera esperimentalak arakatzeko, eta horietan ematen diren eztabaidetatik, berriz, kalkulu edo esperimentu berriak sor daitezke. Elektroi-fonoi akoplamenduaren eta sorrera eta disipazio termoelektrikoaren arloetako zientzialari nagusien talde esanguratsu bat elkartuta, gaiaren inguruko eztabaida bultzatu, eta ikerketa lerro berriak ireki daitezen nahi dugu, soluzio teknologiko berrien aurkikuntza ahalbidetzeko.

Konferentziaren helburua komunitate teorikoaren eta esperimentalaren arteko lotura bat ezartzea da; izan ere, alde batetik, lehenengoan lortutako aurrerapen orok eragin nabarmena izango du bigarrengoak gailu eraginkorrak sortzeko duen ahalmenean, eta bestetik, neurketa tekniketan eta fabrikazioan izandako aurrerapenek modelizazio ahalegin berriak eskatzen dituzte. Konferentziaren formatuak fisikarien, kimikarien eta ingeniarien arteko diziplinarteko interakzioa, izan orientazio teorikokoa edo esperimentalekoa, bizkortu eta estimulatuko du, «elkarrizketan» jarriko baitu arreta.

Horrekin batera, emaitza zientifikoak ere erakutsiko dira. Konferentzian, arlo horretako protagonista nagusien hitzaldi gonbidatuak, ekarpen hitzaldiak eta mahai inguruak antolatuko dira, teoria eta esperimentazioa elkartzeko bide orri bat ezartzeko. Egitarauan, nahikoa denbora izango da ere eztabaida informaletarako, esate baterako, poster saioetan, kafea hartzeko etenaldietan eta jarduera sozialetan. Helburu zehatz hauek lortu nahi ditugu:

  1. 15 hizlari gonbidatu eta 50 parte hartzaile biltzea aurreikusten dugu, hala seniorrak nola juniorrak, eta garraioaren fenomenoetan, elektroi-fonoi akoplamenduan eta energia termoelektrikoaren konbertsioan lanean dihardutenak.
  2. Gure helburua balizko lankidetza asko bultzatzea da, teoriaren eta esperimentazioaren arloan dihardutenen arteko elkarrekintza eta eztabaida ahalbidetzeko.
  3. Arazo praktikoak eta soluzioak aurkeztea aurreikusten dugu: gonbidatutako hizlari guztiei konpondu gabe dauden arazoen inguruko galderetan edo konponbidetan arreta jartzeko eskatuko zaie.
  4. Partaideek nahikoa denbora izango dute energiaren konbertsio eraginkorrari eta eskura dauden teknologien benetako mugei lotutako gaiei buruz eztabaidatzeko. Egitarauan ahozko eta poster aurkezpenak, mahai inguruak eta elkarrizketa informalak izango dira, etorkizuneko interakzioei begira, eta parte hartzaileen arteko elkarrizketa aktibo bat bultzatuko da

Konferentziaren egitaraua

Behin-behineko egitaraua eransten dugu. Elektroi-fonoi interakzioen alderdi espezifikoei eta horiek energiaren garraio eta konbertsio fenomenoetan izan dezaketen eraginei buruzko saioak egitea aurreikusten dugu, metodoen garapenaren aurrerapenak eta teorian eta esperimentuetan izandako aurrerapenen emaitzak ezagutzera emateko. Gonbidatutako hizlari bakoitzari 45 minutu emango zaizkio aurkezpenerako, eta horietatik 10 gutxienez galderak egiteko eta eztabaidatzeko utziko dira. Ekarpen hitzaldi bakoitzak, berriz, 30 minutuko iraupena izango du, eta horietatik 8 utziko dira eztabaidarako. Poster saio bat egingo da lehen eguneko arratsaldean, azken ekarpen hitzaldiaren ondoren. Horrez gain, ordubeteko mahai inguruak antolatuko ditugu, elektroi eta fonoien garraioaren eta akoplamenduaren hainbat alderdi lantzen dituzten 4 aditurekin (2 teoriko eta 2 esperimentatzaile). Antolakuntzako kide batek moderatuko ditu mahai inguruak, lotura puntuak eta sinergia estrategiak nabarmentzeari begira. Moderatzaileak, hasteko, hainbat galdera egingo ditu eta, amaieran, bertaratutako guztiek izango dute eztabaidan parte hartzeko aukera. Behin betiko egitaraua hizlari gonbidatu guztien baieztapena eskuratzen dugunean zehaztuko dugu.

Hizlarien behin-behineko zerrenda

Baieztatutakoak:

  • Andrés Cantarero (Valentziako Unibertsitatea, Espainia)
  • Sebastián Reparaz (CSIC - Bartzelona, Espainia)
  • Maria Soledad Martin Gonzales (CSCI - Madrid, Espainia)
  • Dmitry Turchinovich (Bielefeld Unibertsitatea, Alemania)
  • Feliciano Giustino (University of Texas - Austin, AEB)
  • Marco Bernardi (Caltech, AEB)
  • Roxana Margine (Binghamtongo Unibertsitatea, AEB)
  • Francesco Mauri (La Sapienza Erromako Unibertsitatea, Italia)
  • Mads Brandbyge (DTU Lyngby, Danimarka)
  • Gemma Salomon (Kopenhage, Danimarka)
  • Fabian Pauly (OIST, Japonia)
  • Marco Buongiorno-Nardelli (University Northern Texas, AEB)
  • Ion Errea (Euskal Herriko Unibertsitatea)
  • Ivana Savic (Tyndall Cork, Irlanda)

Baieztatu gabekoak:

  • Clivia Sotomayor Torres (ICN2 Bartzelona, Espainia)
  • Paz Vaquiero (Reading-eko Unibertsitatea, Erresuma Batua)
  • Keith Nelson (MIT, AEB)
  • Nicola Marzari (EPFL, Suitza)

Antolakuntza batzordea

Roberto D'Agosta (UPV/EHU eta IKERBASQUE)

Davide Donadio (University of California - Davis)

Thomas Frederiksen (DIPC eta IKERBASQUE)

Helburuak

Termoelektrizitatearen eta elektroi-fonoi akoplamenduaren arloan lanean diharduten komunitateak elkartzea, haien arteko lotura emankor bat sor dadin.

Konpondu gabeko arazo horien inguruan lan egiten duten talde esperimentalen eta teorikoen arteko lankidetzak sustatzea.

Donostia eta Euskal Herria arazo zientifiko eta teknologiko baten abangoardian kokatzea berriro ere, bide batez gure ikerketa jardueren nazioartekotzea bultzatuz.

Parte hartzaile gazteei, hala doktoregoko ikasleei nola doktorego ondokoei, erreferentzia on bat ematea, arlo horretan egingo dituzten ikerketa jarduerak bideratzeko; izan ere, zientzialari ospetsuenetako batzuk elkartuko dira.

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikaslea
  • Profesionalak

Metodologia

Kolaboratzaileak

  • Donostia International Physics Center
  • Psi-K Foundation
  • Ministerio de Economia y Competitividad (Red Consolider “TowTherm”)
  • Basque Country Government
  • Kongresua
    • Iraunkortasun Soziala
    • Iraunkortasuna
    • Zientzia eta teknologia
  • 11.Aza - 13.Aza
  • Materialen Fisika Zentroa (CSIC-UPV/EHU)
  • Ingelera
  • Balio akademikoa: 30 ordu

Interesgarria izan daiteke zuretzat ...

Pertsonak