11.Urr.2019

Bertsolaritzaren ideologia eraldatu behar da

JOSU AMEZAGAK ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko euskaran ardaztutako euskal kulturaren plan baten beharra nabarmendu zuen ondorio gisa. 

Kultura sustatzeko erakundeek errepideak jartzen dituztela aipatu zuen, eta motorra gizarteko norbanakoena dela. Baina, Amezagaren ustez, ezin da jendearen gainean ardura guztia jarri. Eskaerari erantzun ez ezik, eskaintza handitu ere egin behar dela aipatu zuen, eta, alde horretatik erakundeek jarrera proaktiboagoa beharko luketela.

IRATXE RETOLAZAK aipatu zuen “Bezeroak nahi duena”-ren aitzakian (edo “bezeroak hori ez du nahi” horren aitzakian) ekoizten dela batzuetan; ez da kontuan hartzen hartzaileak ere eraiki egiten direla. Kultur agenda osatzea da politika hedatuena egun, eta programazio horiek osatzeko koordinazioa eta gizarteratze ekimenak falta direla uste du Retolazak. Bestalde, kultur sortzaileen arteko esperientzia kolektiboak eta diziplinartekotasuna ere bultzatu behar direla azaldu zuen Retolazak, kultur eragileen arteko sinergiak sortu eta kultur komunitatea trinkotzeko. 

Retolazak 3 aje bereizi zituen kulturaren transmisioan: kultur esparruen arteko inkomunikazioa; bitartekaritza gune tradizionalek testuinguru berrietara egokitzeko zailtasunak; eta, hirugarrena, hizkuntza politiken eta kultur politiken arteko sinergiarik eza. Kontrapuntuan, kultur transmisioaren erronkak aipatu zituen: Kultur komunitatea trinkotzea; Kultura Saretzea eta koordinatzea; eta Kultura zehar-lerro bilakatzea.

HARKAITZ ZUBIRIK kultur sorkuntza arrakastatsua izateko gakoak aipatu zituen, eta bertsolaritza hartu du horren erakusgarri. Zubiriren ustez, kultur sorkuntza funtsean zera da, existitzen diren osagaiak hartu, jabetu, berkonbinatu, zerbait ekoitzi eta ekoizpen horrekin jendea liluratzen saiatzea, eta horretan norbanakoak garrantzi handia dauka. Interakzio-negoziazio bat dago bertsotan ekoizlearen eta hartzailearen artean, eta horrek ekoizpena bera aberasten du. “Leku iman” gisa identifikatu dituen espazio anitz eta berdinzaleak garatu dira, Zubiriren iritziz, hori gertatzeko, esaterako bertso eskolak. 

ALBERTO IRAZUK rockak eta bertsolaritzak izan duten uztarketaren berri eman zuen, hasi lehendabiziko euskarazko rock diskotik, hainbat kontzertuetako bertso puntualetatik pasa eta Negu Gorriak-en ekarpen kontzienteraino. Hastapeneko talka haietatik, kanpotik zetozen doinuen mespretxatzetik, gaur egun rock doinuak bertsotan erabiltzera arte. Bertsoa rock munduan nola sartu den kontatu zuen. Izan ere, bertsoa hasieratik presente egon zen presente rock munduan Negu Gorriaken “onarpen ofiziala” iritsi baino lehen ere bai. Gezurra dirudi, baina gertatu da bertsoa eta rockaren arteko artikulazioa. Gezurra dirudi ezen izugarri diferenteak dira, ura eta olioa bezala, ezaugarri oso desberdineko bi komunikazio ekintza, tradizio diferentetatik datozenak, liturgia eta kode desberdinekoak.

JON MAIAK 90eko hamarkadan bertsolari gazte berriekin gertatu zena ez zegoela inon idatzita aipatu zuen, eta horregatik idatzi zuela Berriak jaio ginen liburua. Garai hartan bertsolaritzan bazterrekoak ziren bertsolari gazte berri haiek bizitutakoa azaldu zuen hitzaldian.

Maia bertsotan hasi zelarik, pentsatzen zen bertsolaritzaren garaia pasatzen ari zela jada, landa-eremuari lotutako adierazpide bat zela eta bizimodu hura murrizten ari zen heinean bertsolaritzarena ere murrizten zihoala. Bertsolari asko zaharrak ziren, eta saio guztietan ari zirenak berdintsuak ziren. Bertso mundua barrutik sortu zen bertsolariak sortzeko fabrika bat: bertso eskolak, bertsolaritza berpizteko gako izango zirenak. Bertso mundutik bertatik sortu zen ekimena: tradiziotik zetorren jendeak bultzatu zuen. Bertsolaritza atzera geratzen ari zen; gauzak aldatzen ari ziren, baina bertsolaritza ez.

Garai hartako lehen bertso eskolak bertsolaritza demokratizatzen hasi ziren eta edozein motatako euskaldunei bertsolari izateko aukera ematen, baita etorkinen seme-alabei ere. Kultura iturri diferenteko jendea sartzen hasi zen bertso eskoletan. Eta gazte berri desberdin horiek ekarri zuten bertso saioak esparru berrietan antolatzea, adibidez gaztetxeetan, kontzertuetan… Hots, publiko berriak zeuden lekuetan. Gainera, bertsolari gazte berri haiek zituzten kezka berriak plazaratzen zituzten bertsolariak izan ziren Maiaren belaunaldikoak. Horri esker ere eguneratu, garatu eta hedatu zen bertsolaritza. Bertso eskolen bitartez bertsolaritza garaikide, feminista, hiritar, belaunaldiarteko eta abar bihurtu da; hots, bertsolaritza fosilduta ez geratzeko gakoa izan dira bertso eskolak. Bertsolaritzak olatuan segitzeko hori egin beharko luke: bizi den belaunaldi horri eta horretatik kantatzea, eguneratua egotearen trenik ez galtzeko eta jendearen intereseko izan dadin.

OIHANA IGUARANEK emakumeen presentzia historikoa berreskuratzeke dagoela aipatu zuen. Egun, bertsolarien edalontziaren % 20 betetzen dute emakume bertsolariek; baina itokin bat dago, 18 urterekin gertatzen dena. Bertso eskoletan zergatik jarraitzen da? Zergatik uzten da? Espazioa eraiki, berdiseinatu eta itokin hori nola tratatu aztertu behar dugu. Bertsozale Elkartearen eta norbanakoek urteetan sustatu eta egin duten lan baten ondorioa da gaurko egoera: Ahalduntze Bertso Eskola, Ez da kasualitatea saioak, ikerketa-lanak, gogoetak, hitzaldiak, infografia,... Baina bada beste lanik. Adibidez, emakume historikoak argira ekartzea, edo errepaso kontziente bat egitea bertso zaharrekin; emakumea bertsotan nola ikusi, aipatu eta deskribatu den ikusteko bertsotan adibide “eder” asko ditugu. Bertso zaharretan mezu “oker” asko daude; egun, horiek lantzeko, gaurko ikuspegietatik landu beharko lirateke bertso eskoletan. Agian eskoletan bertso zaharrak ere transmititu behar direla aipatu zuen Iguaranek, hortik ere bagatozelako, baina dagokien lanketa eginez.

MIREN ARTETXEK bere hizkuntza etxean edo etxeko transmisio bidez ikasi ez duen edonori deitu zion hiztun berri. Gaur egun gazteen erdia baino gehiagok etxetik kanpo ikasi du euskara. Euskara etxean ez ikasi izanak garrantzia izan dezake hiztunen hizkuntza portaeran, izan ere hizkuntza portaera legitimitatearekin lotuta dago. Euskara etxean ikasi duenak legitimoago sentituko da hitz egiteko. Hiztun berriak beren egunerokoan euskara erabiltzen dutenak izan daitezke. Jario erabatekoz mintzatu eta euskaldun zaharraren passing-a duten horiek ere hiztun berri gisa kategorizatu zituen Artetxek; horiek arazo bat dute, hiztun zaharrek ez dutena. Euskara etxean ikasi ez izana hiztun horren legitimazioan «oztopo» bat izan daitekeela uste du Artetxek. Haren iritziz, egungo hizkuntza ideologiak euskal hiztunengan eragina du, eta hizkuntza gutxituetan, beste askotan ez bezala “benetako hiztunaren rola, etxean ikasi duen horri” ematen zaio. Hori dela eta, hiztun berriak “legitimazioa irabazi” egin behar izaten duela uste du, eta, are gehiago, euskara batua erabiltzen badu.

Legitimitate horrek hizkuntzaren erabileran duen eragina nabarmena da Artetxeren aburuz: hiztun legitimo sentitzen dena errazago mintzatuko da hizkuntza horretan. Aldiz, nik neuk zein ingurukoek legitimotasun hori eman ezean, traba bat suposatuko du erabileran.

Legitimazioa denbora eta espazio jakin batean gertatzen den prozesu gisa ulertuta,
bertso munduan sozializatzeak euskal hiztun berrien onarpenean eragina duela deritzo Artetxek, bertso eskolek edo bertsotan aritzeak legitimazioa irabazten asko laguntzen dielako hiztun berriei. Horretan hainbat aldagaik parte hartzen dutela esan zuen: gaitasunak, erabilerak eta bertsolaritzaren diskurtsoak, tartean.

Hala ere, bertsolaritzak, legitimazioan laguntza ematearekin batera, muga bat ere ipintzen duela uste du Artetxek: nahiz eta bertso munduak erremintak eman hiztun berriei legitimazioa lortzeko bidean, irudi legitimo bat osatzen laguntzen dienak (gaitasuna duelako, euskaraz bizi delako eta euskararen aldeko diskurtso egilea delako), oztopoak ere jartzen ditu. Izan ere, gaur egun, badirudi bertsolari izateko hiztun zahar izan beharra dagoela; hots, ideologia berbera dugu gizartean eta bertso munduan.

Bertsolari legitimoa, lehenik eta behin, gizona dela ulertzen da. Baina baditu ezaugarri gehiago: zuria, euskaldun zaharra, garai batean baserri mundukoa eta gaur egun unibertsitarioa... Horiek denek osatzen dute bertsolari legitimoaren irudia. Ezaugarri talde horren barnean euskaldun zahar izatearen ezaugarria dagoela dio Artetxek. Egungo ideologiaren arabera, hiztun legitimoa hiztun zaharra da. Beraz, aukera ikaragarri bat dugu. Izan ere, bertsolaritzako ideologia (bertsolari kanonikoa zertzen duten ezaugarriak) aldatzeak gizarteko praktikak eta diskurtsoak eraldatzea ekarriko lukeela uste du Artetxek. Bertso eskolak hornituko dituzten asko eta asko hiztun berriak izango direnez, eta legitimazioa bidezkoagoa egiteko, bertsolaritzako ideologia eraldatzea proposatzen du Artetxek: bertsolari kanonikoak ez du baitezpada hiztun zahar izan beharrik. Horrela, euskalduntasunaren kontzeptu eraginkorrago bat edukiko genuke, beste hiztun kategoriakoei euskalduntasunera sarbidea erraztuko liekena.

YOUTUBEn dago eskuragarri ikastaroaren laburpena: https://youtu.be/4sBbwoaRQQ0