30.Aza.2018

Egungo nazioarteko tendentzia orokorrak aztertu genituen

Egun mundua bere osotasunean, eta nazioarteko harreman ikuspegi batetik begiratuta ere eraldaketa sakonen pean dago. Diplomazia zein nazioarteko harremanak kontzeptu eta errealitate gisa eraldaketa sakonak bizitzen ari dira. Ikuspegi orokor batetik hasita, begirada errealitate zehatz batzuetara igaro  eta azkenik euskal nazioan kokatzeko asmoa izan da ikastaro hau egitera bultzatu gaituena. 

Orokorretik zehatzera, eraldaketa guzti hauek kontuan hartu eta nazioarteko harremanetan gure nazioaren aukera, mehatxu, indar gune zein ahulguneak aztertzea izan dugu helburu.

Shaun Riordan diplomatiko ohiak egungo ingurune geopolitikoa azaldu zuen, bai eta bertan ematen ari diren aldaketak, ziberespazioa errealitate bezala, gatazka agendak, aktore berrien azaltzea estatu nazioez gain, teknologia berrien eragina…Nazioarteko tendentzia nagusi gisa orain arte ezagutu ditugun arauen haustura, lurraldez haratagoko araudia eta honen ondorioak, nazioarteko erakundeen estankamendua zein protekzionismoaren gorakada gogoratu zituen. Munduaren eraldaketa norantza joan daitekeen aztertu genuen, mundu multipolarra, bipolarra, asimetrikoa, entropikoa…eta berean europar batasunaren krisia izan genuen hizpide. Egoera honetan euskal diplomazia baten erronka gisa, sareetan parte hartu, koalizioak eraiki, gaitasunak garatu, zer eskaini eduki, eragina izan daitekeen lekuetan aritu eta azkenik ziberespazioa erabiltzea aipatu zizkigun.

Igor Calzada, hiri eta eskualdeen para-diplomazia izan zituen hizpide. Munduan zehar ematen ari den metropolizazio zein hiritartze prozesua hizpide, arlo honetan ematen diren devolution prozesuak kontuan eduki eta hauek nazio estatuez haratago izango duten eragina gogorarazi zuen. Europan eskualde edo errejio politikoen eskenatoki konplexuaren maila desberdinetaz aritu zen eta honek nola eragiten duen nazioen eraikuntza prozesuetan bai eta etorkizunean geoteknologiek edukiko duten eraginaz bertan.

Irakurketa zabal hauen ondoren kasu desberdinen azterketa zehatzera pasatu ginen. Oso errealitate desberdinak suposatzen dituzten estaturik gabeko nazioen iharduera diplomatikoen berri eduki ahal izan genuen. Artsakh Errepublikako Kanpo Aferetarako Ministro ordea, Armine Alexanyan, Artsakh-eko Errepublika aitortu gabeak burutzen duen nazioarteko lan diplomatikoaz aritu zen, bere aukerak (diaspora zabal eta antolatua edo Armenia ama estatua) bai eta zailtasunak (Azerbaianen kabiar diplomazia, aitortua ez izatearen zailtasun materialak, bidaiatzeko, bulegoak irekitzeko. interlokuziorako etab.). Horren ondoan Karl Vanlowen Flandriako Senatariak, Belgikako Estatu federalean Flandriar gobernuak burutzen duen nazioarteko politika zabalaren berri eman zuen, bere eskuduntza eta gaitasunak bai eta noski Gobernu zentralarekin sortu ohi diren liskar edo zailtasunak. Albert Royo Diplocateko zuzendari ohiak, Katalunian burututako diplomazia publikoaren esperientzia azaldu zuen. Diplocat erakundearen sorrera, bere iharduera zabala diplomazia publikoa deitzen den eremuan eta honek emaniko fruituak bai eta bere iritzian eginiko akatsak izan zituen hizpide. Alex Ugalde EHUko irakasleak Euskal herriko lurraldeen nazioartekotze politika izan zuen hizpide, irakurketa zabal baten bidez, honen jatorriak, ibilbidea eta egun egiten denaren azalpen deskriptibo zabal burutu zuen. Era berean egungo politikan ikusten dituen hutsune eta gabeziak ere azaldu zizkigun.

Azkenik, Mikel Burzako eta Urko Aiartza, Gorka Espiau, LACeko kide eta Xabier Barandiaran Gipuzkoako Foru Aldundiko Gabinete Buruarekin batera etorkizuneko euskal diplomazia baten erronken inguruan aritu ziren. Barandiaranek nazioartean mugitzeko egitura politiko propioak behar direla azaldu zuen eta egun estatua dela horretarako egitura. Aiartzaren iritziz, «estatua bai, estatua ez» eztabaida beharrean, garrantzitsuago da «norabide bakarrean» estatu mailako egitura politikoak sortzea edota egokitzen joatea. Burzakoren iritzian indar abertzaleek —Euskal Herria naziotzat dutenek— izan behar dute nazioarte politikaren motorra, eta horretarako bat egin behar dutela EAJk eta ezker abertzaleak. Bi familia hauen ezinbesteko elkarlana euskal diplomazia bat eraikitzeko izan zen hizpide .«Pragmatismoa» izan zen mahai gainean jarri zen beste kontzeptuetako bat, estrategia «efektiboa» izan dadin. Europaren papera, nahi edo ez nahi gure eremua, antzera dauden nazioekin elkarlana, Espiauk ezinbestekotzat jo du Kataluniarekin aliantza egitea eta estrategietan bat egitea, eta diasporaren potentzialtasuna izan ziren ere aztergai. Finean ikastaroak etorkizuneko euskal diplomazia eraginkor batetarako eztabaidan sakontzeko joateko hainbat irakaspen, gogoeta eta zertzelada utzi xituen, etorkizunean sakontzen joan beharko direnak.

Etiquetas: