08.Aza.2019

Eskola-jazarpena saihesteko modurik onena prebenitzea da

Johan Galtung soziologoaren esanetan, indarkeria sortzen da pertsona batek ezin dituenean bere gaitasunak ahalik eta gehien garatu, faktore mugatzaileak edo eragozleak dituelako. Eskola-eremuan, ikaskideen arteko indarkeriak asko zaildu eta higatzen du gaitasun horien garapena, kolokan jartzen baitu ikasleok erabat garatzeko eta eskola-inguruneari atxikitzeko behar duten segurtasuna. Hezkuntza-sistemak, eskolak, ikasgeletatik eskola-jazarpena desagerrarazteko ardura hartu behar du bere gain, eta, horretarako, ekintzak zentzuz garatu behar ditu. Bestela, ezin izango du eman zaion agindu soziala bete, hots, ikastetxeak indarkeriarik gabeko gune bihurtzea.

Eskola jazarpena fenomeno sozial konplexu eta paradoxikoa da. Menderatze-menpekotasun eskeman eta isiltasunaren kodean oinarritua, asko eta anitzak dira bertan eragiten duten aldagaiak. Horrez gain, barne kode eta dinamika batez hornitua dago, ezkutuan gertatzen da, detektatzen zaila da, eta min handia eragiten die inplikatutako pertsona guztiei, eta baita hezkuntza sistemari berari ere.

Fenomeno sozial horri aurre egiteko, BIZIKASI, EAEko Hezkuntza Sistemako Ikastetxe Publikoetan  eskola jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako 2017-18 ikasturtean ezarri eta 2019-2020 ikasturteen artean garatuko den ekimena da. Era antolatuan, doituan eta hezkuntza neurriak ikasle guztiontzat paradigmatik abiatuta, eskola-jazarpenari aurre egin nahi dio probentziotik prebentziorako bideari ekinez. Halere, jazarpen egoerak izango balira, kasuaren ebazpena ikuspegi ekologiko-sistemiko batetik esku hartu eta taldeko elkarbizitza positiboa berreskuratzeko hautua egiten du.

Hori guztia kontuan izanik, lehendabiziko egunean, BIZIKASI ekimenaren helburu eta ezaugarri aipagarrienak azaldu ostean, jazarpenaren eta ziberjazarpenaren kontzeptualizazioan murgildu ginen. Horretarako, bide egokia ikusi genuen “desikasteari” ekitea. Izan ere, eskola jazarpenaren errealitate gordin horren inguruan, hezkuntza eremuan badira oraindik zenbait uste, egoera, aurreiritzi eta egitura erabat oztopatzen dutenak giza erantzukizunean eta profesionaltasunean oinarritutako hezkuntza esku-hartze sistemikoa garatu ahal izatea. Horiek ezagutzea eta hezkuntza eremutik errotik ateratzeko hautua egitea ezinbesteko aldagaia da Bullyingari aurre egiteko.

Horrez gain, probentzioa kontzeptuaren inguruan aritu ginen. Jazarpena eta ziberjazarpena ekiditeko erarik eraginkorrena prebentzioa da baina, horretarako, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoaren eskuetan estrategia, egiturak, antolaketa neurriak eta tresnak jartzea. Hori da, hain zuzen ere, probentzioarekin adierazi nahi dena. Hori eginez, hezkuntza komunitateko eragile desberdinak ahalduntze prozesu batean arituko dira eta prebentzioari era doituan ekin ahal izango zaio.

Bigarren egunean, jazarpenaren aurrean esku-hartze zuzenari ekiteko, hezkuntza baliabideen ezagutzari ekin genion. Horretan bi egiteko nagusi mahai gaineratu ziren. Batetik, egoerak eta arrisku-faktoreak identifikatu eta tratu txarren susmoa dagoenean esku hartzeko estrategiak eta dinamikak ezagutzea, balizko jazarpenari aurrea hartzeko eta garatzeko aukerak mozteko. Bestetik, zoritxarrez, eskola-jazarpen kasuak agertuko balira, berauek deuseztatzeko esku hartzea ekologiko-sistemiko bat abian jartzeko bitartekoak ezagutzea. 

Egun horretan berezko garrantzia izan zuten eskola jazarpenaren ebazpenari begira, alde batetik,  Hezkuntza sailburuordearen ebazpena, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan gertatzen diren berdinen arteko tratu txarren egoeretan jarduteko protokoloa aplikatzeko argibideak onartzen dituena eta bestetik, EAEko ikastetxeetan eskola-jazarpen kasuetan jarduteko gida.

Hirugarren egunean, batetik, eskola jazarpena detektatzeko eta ebaluatzeko tresnak ezagutzeko aukera izan genuen. Taldeka arituz, BIZIKASI ekimenaren baitan eskaintzen diren, galdetegiak, auto-txostenak, heterotxostenak, triangeluraziorako txantiloiak… aztertu ondoren kudeaketarako iradokizun eta orientabideak eskaini ziren.

Bestetik, jazarpena curriculumean garatzeko garrantziaz mintzatu ginen. Garapen horren bitartez ikasleak prestatzea eta ahalduntzea funtsezkoa da eskola jazarpenari aurre egin nahi badiogu. Horretarako, berariaz ikasgelan modu sistematikoan lantzeko diseinatutako materialen bidez, ikasleak ahaldundu egiten dira banaka, zein ikaskide-talde gisa, konpromisoak har ditzaten, bai pertsonalak eta baita kolektiboak ere, eskola-jazarpenari lotutako jarrerak desagerrarazteko eta elkarbizitza berreskuratzeko  beharrezkoak diren prozesuetan.

Aipatu materialak eta beste hainbeste baliabide batzen dituen WEB orrialdearen  https://bizikasi.euskadi.eus/eu/ aurkezpena eta azterketarekin amaitu genuen saioa eta 2019ko ikastaroa.