12.Aza.2019

ikuspegi feminista zuzenbidearen aplikazioan

Azken aldian hartutako zenbait erabaki judizialek –La Manada zein Juana Rivas auziak kasu- justizia patriarkalaren existentzia modu nabarmenean erakutsi dute eta botere judizialaren oinarrizko betebeharrei buruzko eztabaida piztu dute jendartean: epaileak zuzenbidea aplikatzera mugatu behar al dira ala desberdintasun materialei aurre egiteko xedearekin testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala kontuan izan zuzenbidea aplikatzerakoan? 

Zalantza horiei helduz, UPV-EHUko Zuzenbideko Fakultateko irakasle taldeak martxan jarri genuen “Justicia en clave feminista” Uda Ikastaroa, ikuspegi feminista zuzenbidearen aplikazioan nola txerta daitekeen hausnartzeko.

Helburu hori lortu asmoz, 130 partaidetik gora bildu zitzaizkigun uztailaren hasieran, hain beharrezkoa dugun txertatze prozesu hori sistematizatu, metodologikoki sendotu eta haren beharraz hausnartzeko. Bi egunetan zehar, foro zinez aberasgarria sortu genuen honako lerro hauetara bildu ditugun eztabaidagai eta iritzi anitzak partekatuz.

Lehenengo egunak hainbat gai jorratzeko aukera eman zigun. Goizeko lehen saioan, Auxiliadora Díaz magistratuak eguneroko lanean aurkitzen dituen oztopoak aurkeztu zizkigun bi hitzaldiren bidez (Juzgar con perspectiva de género. Un filtro para el enjuiciamiento eta Lover boy: un proxeneta del siglo XXI). Hizlariak argi azaldu zuen Istanbul Protokoloa aplikatzeko beharra, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien eskumenera emakumeen kontrako edozein indarkeria biltzeko eta, horrez gain, ikuspegi kulturala iraultzeko beharra egoerari aurre egin ahal izateko.

Goizeko bigarren saioan, berriz, doktrinaren eta jurisprudentziaren ikuspegiei heldu genien, berdintasunaren zuzenbidezko oinarriak ezagutu, aztertu eta horien inguruan hausnartzeko. Horretan, guztiz lagungarri izan genituen UPV-EHUko Maggy Barrere (La interseccionalidad en el derecho antidiscriminatorio: ¿lege lata o lege ferenda?) eta Valentziako Unibertsitateko Rosario Serra (El reconocimiento de la discriminación múltiple en la jurisprudencia) irakasleen hitzak.

Arratsalde partean, aldiz, ekarpen praktikoekin eztabaidatzeko aukera izan genuen Juana Rivas eta La Manada auzien irakurketa feminista eginez. Carla Vallejok, Kanaria uharteetako magistratuak, Auzitegi Gorenak lau egun lehenago argitara emandako La Manada auziaren epaia aurkeztu zigun. Eta, era berean, María Ángeles Jaime de Pablok (Asociación de Mujeres Juristas Themis elkarteko presidenteak) Juana Rivas auziaren nondik norakoak ekarri zituen gogora, hizlari biek zuzenbidearen interpretazio patriarkalaren ondorio kaltegarriak zeintzuk izan diren azpimarratuz.

Bigarren egunean, ikuspegi eraikitzaileagoa izan genuen hizpide, hots, egoera identifikatu ondoren, horri aurre egiteko estrategien inguruan eztabaidatu genuen. Horretarako, zuzenbidearen munduan guztiz murgildutako bi emakume izan genituen gure artean: Cristina Almeida eta Adela Asua. Haien bizitzari errepaso arina eginez, urteetan zehar bizitako egoera, ikuspegi zein momentuak ekarri zituzten gogora, zuzenbidearen munduak eta gizarteak oro har izandako aldaketak plazaratuz. Lehengo eta egungo egoerak alderatu eta etorkizunari begira ezarri beharreko gidalerroak mahai gaineratu zizkiguten.

Azkenik, zuzenbidearen aplikazioaren eremuan jarduten duten adituak bildu genituen mahai ingurura -Tania Chico (magistratua), Miren Ortubay (UPV-EHUko irakaslea), Carmen García-Pumarino (fiskala), Rafael Pérez (abokatua), María Carmen Baigorri (auzitegi-medikua)-, bakoitzak bere bizipenetatik eta eguneroko lanean aurkitutako oztopoetatik hasi eta horietan oinarrituz denen artean konponbideak aurkezteko.

Bi egun horiek labur gelditu zitzaizkigun bertan aurkeztu eta landu ziren gai guztiak aztertzeko, baina, argi asko ondorioztatu dezakegu genero prestakuntza duen judikatura izango dela gai diskriminazioa dakarten auziak detektatu eta ebazteko eta horri esker berdintasun errealaren aldeko borrokan laguntzeko.

Bertaratu ziren guztiei haien ekarpen, parte-hartzea eta gogo ona eskertu nahiko genizkieke. Eta ziurtasun osoz esan dezakegu hazia ereinda gelditu dela.