26.Ira.2018

Mediku euskaldun vs mediku on

2018ko jardunaldiek abiapuntua dute 2017 urtean ekainaren 27 eta 28an UPV/EHUko Uda Ikastaroetan egin ziren lehenengo “Osasuna eta Hizkuntza“ jardunaldietan. Bertan parte hartu zuten zenbait hizlari hautaturen interbetzioetatik abiatuta 2018an jarraipena eman diegu jardunaldiei. Uda ikastaro hauen ernamuina Euskal Herriko Unibertsitatearen eta osasun arloko profesionalen arteko lankidetza izan da eta Osakidetzako Giza Balideetako zuzendaritzaren babesa izan du.

Taldeko argazkia

Euskararen normalizazioak aurrerapauso handiak eman ditu azken hamarkadetan, hainbat arlotan: kazetaritzan, literaturan, sorkuntzan. Gauzak horrela, etorkizunean, goi mailako profesional gehienak, erantzunkizun handiko lanpostuak eskuratuko dituztenak, geroko liderrak, euskaraz ere lan egiteko gai izango dira. Baina bistan da horrek ez duela berez lan mundua euskaldunduko. Bide horretan hondar aletxoa jarri nahian, antolatu genituen UPV/EHUko Uda Ikastaroen barnean “Osasuna eta hizkuntza” jardunadiak.

Euskara eta osasungintza hitzen elkarketak esparru zabal-zabala hartzen du bere baitan eta ikuspegi integral batetik, gaia osatzen duten zati guztien azterketa egin da. Osasungintza ikuspegi integraletik begiratuta hartu behar denez, osasun zerbitzu publikoez gain, zerbitzu sanitarioen hornidura pribatua, Osasun Sailak kontratatutakoa (zerbitzu kontzertatuak) eta herritarrek aseguru pribatuen bidez edota zuzenean haien poltsikoko dirutik ordaindutakoa ere kontutan izan ditugu.

Guztiarekin euskarak osasungintzan duen egoeraren orain arteko deskribapen zehatz eta zabalena aztertzen eta eztabaidatzen ahalegindu gara; eta euskarak osasungintzan presentzia eta erabilera handiagoa izateko eragiten duten faktoreen deskribapen osatuena izateko planteamendua jarri dugu mahai gainean.

Bidean aurrera egiteko hizkuntzarekiko kontzientzia nahitaez piztu eta bultzatu behar da. Hizkuntzak pertsonengan eta osasun-arretan duen garrantziaz jakitun izan behar dira profesionalak; pertsonen beharrak eta gogobetetasuna kontuan hartuko duten profesionalak behar dira. Hizkuntza kontzientziak eragile guztien sentiberatzea eta inplikazioa eskatzen du: osasun-langileak, kudeatzaileak eta erabiltzaileak. Euskal Herrian ere ebidentzia zientifikoak behar ditugu eta tabernetatik atera behar dugu «mediku euskaldun vs mediku on» eztabaida.

Besteak beste, uda ikastaroan UPV/EHUn egin diren beste zenbait proiektu eta ikerketa aurkeztu dira:

  • Pazienteak Hautemandako Emaitzen Neurketak eremu elebidunetan.
  • Osasun-arreta espezializatuan euskara txertatzeko proiektua.
  • PHEN-en garapena euskaraz Osasun Mentalean.
  • “Aitzinatu” programa: Hizkuntza-gaitasun aurreratuak garatuz euskarazko irakaskuntzaren bikaintasuna sustatzeko programa.

Osakidetzaren, Osasunbidearen eta kontzertatuak zein pribatuak diren gainontzeko euskal osasun-sistemako eragileen eskutik ondorengo gaiak aurkeztu dira:

  • Euskara lan-hizkuntza Osakidetzan.
  • Euskararen erabilera eta presentzia handitzeko Osakidetzako praktika egokiak.
  • Osasunbidean pausuak emanez.
  • Osasungintzako profesional euskaldunen sarea, Osagaiz aldizkaria eredu (UEUren ekarpena).
  • Nazioarteko elkarlanerako aukerak eta estandarrak etorkizuneko Planei begira.
  • Osakidetzako Euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planerako neurri zuzentzaileak.
  • BAME-en euskarazko formakuntza.

Aurten ere nazioarteko saretzearen beharraz hitz egin da jardunaldietan, gai honi leku berezia eman zaio Canadako osasungo frantsesez eskaintzeko erakundetik helarazi diguten bideoaren emanaldiarekin.

2018ko ekitaldi honetan berrikuntzak sartu ditugu:

  • Jardunaldietan ekarpenak egiteko #OsasunaHizkuntza traola erabili dugu (txostenaren bukaeran jasotako traolen bilduma).
  • Posterrak aurkezteko aukera eman dugu. Guztira 12 poster aurkeztu dira eta poster egileei aukera emango zaie Osagaiz aldizkarian beraien lanaren laburpenak argitaratzeko. Poster onenari ere saria eman diogu (Ekaia aldizkariaren harpidetza dohain bi urtetan zehar). Poster saritua: Marie Pourquie eta Amaia Munarriz. Afasia euskaraz ebaluatzeko tresna berria bidean: CATaren egokitzapena (ELEBILAB Ikertaldea, IKER UMR5478, UPV-EHU)

Medikuak, erizainak, informatikariak, filologoak, soziologoak, itzultzaileak, zuzenbide eta lan harremanen arloko adituak, hainbat arlotako profesionalak bildu gara bi egun horietan.

Indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko eta, aldi berean, pazientean zentraturiko osasun arreta integratua lortzea dugu helburu. Espero dezagun etorkizunean UPV/EHUko Osasuna eta hizkuntza uda ikastaroarekin abiatutako bideari jarraituz, osasungintzan euskarak presentzia eta erabilera handiagoa izan dezan han-hor-hemen aurrera eraman diren praktika aurreratuen bilaketan eta ezarpenean lagungarri izatea.