31.Urr.2019

Premiazkoa da tokian tokiko elikadura-politikak sustatzea, ezagutaraztea eta agenda politikoen erdigunean jartzea

Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteek Landaola Federazioa osatzen dute, eta, aurten, elikaduraren inguruko hirugarren edizioa antolatu dute EHUko Uda Ikastaroetan. Landa garapenaren testuinguruan, Elikadura Politika Publikoak nazioarteko eszenatokian garatzen ari dira azken urteotan, biztanleen beharrei erantzun eta lehen sektorean eragitea helburu izanik.

Elikadura zeharlerro edo gai transbertsala dugu, eragile ugariren elkarlana eskatzen duena. Hala,  herritarren eta lehen sektorearen edo administrazioaren artean esperientzia ezberdinak garatzen ari dira udalerri ugaritan, tokiko elikadura sistema jasangarriak osatu asmoz. Ikastaro honetan, norbanakoen konpromisoetatik haratago, tokiko administrazioek har ditzaketen neurri eta estrategia ezberdinak  aurkeztu dira, eta bertan ekoiztutako elikagaien kontsumoa eremu publikoan garatzeko giltzarriak ezagutzera eman.

Ikastaroko lehen hitzaldia Maria Jauregi Lasak (IHOBE) eskaini du, “El camino de Euskadi hacia un sistema alimentario circular. Analisis de flujo de alimentos en el sector agroalimentario vasco” izenburupean. Bertan, elikagaien xahutzea arazo larria dela azaldu du, munduan xahutzen den elikagaiekin 200 milioi pertsona elikatu ahal izango liratekeelako. Arazo honi aurre egiteko kontzientziazio eta sentsibilizazioaren beharra nabarmendu ditu. Maria Jauregik elikadura zirkularraren aldeko apustua egin behar dela aldarrikatu du eta, horretarako, sektorearen jasangarritasunaren alde lan egin behar dela azpimarratu du.

Jarraian, Daniel Lopez Garciak, Red de Ciudades por la Agroecologia-ko koordinatzaileak, “Políticas alimentarias, del marco institucional internacional a las experiencias locales en marcha” hitzaldia eskaini du, eta, bertan, elikadura politiken nazioarteko esparrua zer-nolakoa den azaldu du. Red de Ciudades por la Ecologian 13 kide formal eta beste 23 tokiko entitate –Diputazioak barne- daude, eta egun elkartean gauzatzen ari diren hainbat esperientzia ezberdinen berri eman du adituak. Nekazal eremuen babesa, tokiko elikadura-katearen sustapena, elikadura politikaren transbertsalizazioa eta hiriaren eta landa eremuaren artikulazioa dira mahai gainean jarri dituen adibideetako batzuk. Alderdikeriak alde batera utzi eta elikadura agenda politikoan integratzearen garrantzia azpimarratu du, etorkizun hurbileko elikadura sistema jasangarri eta osasungarri bat nahi badugu.

Marijo Imaz Gurrutxagak Urduñako esperientziaren berri eman du “Tokiko elikadura sistema eraikitzen, Urduñako bilakaera” ponentzian. Duela 19 urte udalaren plan estrategikoan lehen sektorearen aldeko apustua egin zenetik gaur egun arte jarraitu diren urratsen berri eman du. Urduñako elikadura-sistema eraikitzerakoan mugarri izan diren hainbat ekintza nabarmendu ditu, hala nola dinamizazio agroekologikoaz arduratzen den zerbitzua, udal sukaldea, baserritarren merkatua, elikadura burujabetzaren aldeko manifestua edo politika publikoen garapena, jabetza publikoa duten landa lursailen aprobetxamendurako ordenantza edo erabilera publikoko mendian dauden larreen aprobetxamendurako eratutako ordenantzak. Bide honetan, formazioa, sentsibilizazioa, lankidetza eta parte hartzea ezinbesteko lanabesak izan direla azpimarratu du.

Laugarren solasaldia Markel Azkagorta Cid Leitzako Udal ordezkariak eta Gotzone Sestorain Zabaleta ekoizleak eskaini dute “Bertatik bertara. Leitza kontsumituz” izeneko solasa. Bertatik Bertara dinamikaren nondik norakoak azalduko dituzte, herrian eta eskualdean gainbeheran zegoen lehen sektorea indartu eta balorean jartzeko erabili den ekimena, alegia. Leitza Kontsumituz prozesu partehartzailea dela nabarmendu dute, herri mailan elikaduraren burujabetzari buruz hausnartu eta herritarren inplikazio eta konpromisoa piztu duena. Hiru lan-lerro nagusi izan dituzte ardatz: sentsibilizazioa, lehen sektoreak herritarrei egiten dion ekarpenaz kontzientzia hartzea; kontsumoa, bertan ekoiztutako elikagaiak kontsumitzailearengana helaraztea erraztea; eta ekoizpena, baserritarren ahalduntzea eta azpiegituren aukerak aztertu eta garatzea. Leitza Kontsumituz egitasmoan aurkitu dituzten korapilo nagusienen artean, legedia, baserritar eta herritarren arteko haustura, eskaintza eta eskaeraren desoreka, eta errentagarritasuna izan dira.

Azkeneko hitzaldia Pello Estanga Lasa Anoetako alkateak eta Maddi Sarasola Eizmendi proiektuaren dinamizatzaileak osatu dute, eta “Anoetako baso eta landa Garapen proiektua: errealitatetik etorkizunean eraginez” izan da haien solasaldiaren izenburua. Egitasmo honen helburua herritarrek lurraldearekin eta lurrarekin duten harremana berreskuratzea da eta, horretarako, Anoetako baso eta nekazal lurren erabileraren eta elikadura ekoizpenaren inguruko diagnostikoa egin dute. Lana burutzeko, bertako baserritar eta lurjabeekin elkarrizketak egin dituzte, eta herriko eragileen inplikazioa ere izan dute. Landa eremuari eta baso eremuari lotutako ondorio nagusiak atera dituzte. Errelebo falta, baserriaren berpizte beharra, auzolana galtzeak herri bideetan duen eragina, basogintza kulturaren falta edo kudeaketa jarraikor eta ordenatu baten beharra izan dira aipatu diren ondorioetako batzuk. Diagnosian oinarritutako bideorria osatu dute, ondorengo faseari ekiteko.

“Elikadura politikak toki administrazioan” ikastaroari amaiera emateko mahai ingurua egin da jardunaldiko hizlari guztiekin. Ondorioetan, hizlari guztiak bat etorri dira tokiko elikagaien politikak garatzeko orduan Udalak erraztailea izan behar duela azpimarratzean, prozesua aurrera eramateko tresnak erraztu eta prozesua dinamizatzen laguntzeko. Behetik gorako politikak garatzearen garrantzia azpimarratu da, eta herritarren sentsibilizazio, formazio eta parte hartzea ezinbesteko direla. Bestalde, egun garatzen ari diren tokiko elikadura politika ezberdinak ezagutzearekin eta praktika onak partekatzearekin batera, agenda politikoan txertatu eta erdigunean jartzearen premia azpimarratu dira. Kultura aldaketa eta gobernantza ereduaren egokitzapena, epe laburrera begira elkarrekin landu beharreko helburu gisa identifikatu dira.