Una guerra desde lejos. La diáspora vasca y la Primera Guerra Mundial

09.Ira - 10.Ira

Kod. F06-19

Jardueraren hizkuntz ofiziala: gaztelania

Erabilgarritasuna kalkulatzen...

Bi aukera hauek dituzu matrikula egiteko:

Online matrikula

Inprimakia deskargatu eta bidali

Itxarote zerrenda
Data gaindituta

Ikastaro honen xedea da “Gerra Handia” deritzonak (gaur egun Lehen Mundu Gerra deitzen dena) Euskal Herrian izan zuen eraginaren alderdi ezezagunenetako bati erreparatzea: hau da, nola erantzun zuen euskal diasporak –Iparraldekoak nahiz Hegoaldekoak– gerra piztu zenean. Hori horrela, aztergai izango dira mobilizazioa (errekrutatze boluntarioa), biktimei laguntza humanitarioa emateko kanpainak, iritzia sortzeko bideak eta horren guztiaren eragina Amerikako herrialdeetako euskal komunitateek bizi zuten nortasun eraikuntza prozesuan.

Lehen Mundu Gerrak euskal lurraldeetan eta gizartean izan zuen eragina nahikoa ezaguna da, eta berraztertua eta eguneratua izan da azken urte hauetan bizi izan dugun gerraren mendeurrenean.

Jakina, eragin hori handiagoa izan zen Iparraldean, Frantzia izan baitzen Europa erdialdeko inperioei lau urtez aurre egin zien aliantzaren protagonistetako bat, teknologia modernoa –industria iraultzetatik sortutako aurrerapen teknologikoen emaitza– sistematikoki erabili zen lehenengo gerran. Herritarrak mobilizatu zituen gerra bat izan zen, eta funtsezkoak izan ziren informazioaren kontrola eta aberriaren aldeko deiak, gudarosteek herritarrak errekrutatzen zituztelako eta beharrezkoa zelako gerrara joateko arrazoien zilegitasunaz konbentzitzea. Iparraldeko euskaldunak Frantziako Estatuko gainerako herritarren dinamika berean sartu zituzten, mobilizatu eta errekrutatu zituzten, eta, gerraren izugarrikeriak pairatzeaz gainera (hilak, zaurituak, mutilatuak, etsaiek preso hartuak...), Batasun Sakratua deitu izan dena bizi izan zuten: hau da, alderdi politiko eta sozial guztiek bat egin zuten nazioaren zio nagusiarekin –gerra– eta babesa eman zioten, adostasun ia erabatekoaz, Frantziaren ahaleginari, Alemaniaren aurkako borrokan.

Hegoaldeari dagokionez, Espainiako Estatuak bere burua neutraltzat jo bazuen ere, gerrak ondorioak izan zituen euskal gizartean, ez txikiagoak edo garrantzi gutxiagokoak eragina zeharkakoa izateagatik. Euskal industriarentzat zabaldu ziren aukera ekonomikoek eta komertzialek bultzada eman zioten langileen mugimenduari. Gainera, indar politikoek alde baten edo bestearen alde egin zuten, eta horrek bereizketa berri bat sortu zuen tokiko politikan, ‘germanisten’ eta ‘aliadofiloen’ artean.  

Hala ere, ezezagunagoa da gerrak hirugarren kolektibo batean, euskaldunentzat garrantzi handikoa ere bai, izan zuen eragina: diaspora. Garai hartan, euskal komunitate bizi eta garrantzitsuak zeuden munduan barreiatuta, bereziki Amerikan. Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak harremanetan jartzeaz gainera, erakundetze prozesu betean zeuden, zeinaren ondorioz elkarteak, egunkariak eta era askotako egitasmoak sortzen ari ziren, euskal nortasuna sendotzeko kolektiboaren barnean nahiz kanpoan. Europako gerra giroak oihartzuna izan zuen ere kanpoko euskal komunitateetan: kasu batzuetan, Euskal Herrian bertan izandako gertakizunen eraginez; beste batzuetan, euskal komunitatea integratuta zegoen gizarte osoan piztu zen eztabaidaren ondorioz.

Ikastaro honen helburua, horrenbestez, euskal diaspora eta Lehen Mundu Gerra azterketa ardatz nagusi gisa dituzten analisi, ikerketa eta interpretazio proposamenak lehen aldiz biltzea da.  Dibertsitate geografikoa eta tematika uztartzen dituen ikastaro bat da, bateratu egiten dituena gainera lan historikoaren zorroztasuna eta publiko zabalago batengana iristeko borondatea.

Helburuak

Lehen Mundu Gerrak euskal diasporan izan zuen eraginaren ikuspegi orokor bat ematea.

Lehen Mundu Gerraren garaian, Amerikako euskal komunitateetako immigranteen artean izan ziren mobilizazioen testuinguru soziologikoa eta ideologikoa aztertzea.

Lehen Mundu Gerrako mobilizazioek Amerikako euskaldunen artean, nortasun bereziko komunitate bat eratzeko prozesu betean, izan zuten eragina aztertzea.

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikasleak
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Publiko orokorra

Kolaboratzaileak

  • Lekeitioko Udala
  • Eusko Jaurlaritza - Hezkuntza Saila
  • Ikastaroa
    • Artea eta kultura
    • Historia
    • uik Ibiltariak
  • 09.Ira - 10.Ira
  • Eusebio Erkiaga Kultur Etxea
  • Gaztelera
  • Balio akademikoa: 20 ordu