2. Ricardo Echepare Konferentzia: Adimen Artifizial Orokorra José A. Lozanoren eskutik
Irailaren 24an, arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Miramar Jauregian izango da 2. Ricardo Echepare Konferentzia. Aurten José A. Lozano izango da hizlaria, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) ikerketa-zentroko zuzendari zientifikoa.
“Adimen Artifizial Orokorra: mito, helburu ala mehatxu?” izenburupean, Lozanok ikuspegi kritiko batetik aztertuko du adimen artifizial orokorraren kontzeptua, definizio erraz batetik abiatuz —“gizakiaren antzeko adimena”—, eta haren erronka teknikoak, ondorio filosofikoak eta benetako aurrerapenen eta fikziozko narratiben arteko mugak jorratuko ditu.
Jardunaldiaren programan, EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendari akademikoaren ongietorria izango da, ondoren Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren eta EHUko errektorearen hitzartzeekin.
UIKk antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzaz, ekimen honek 2024an abiatutako ziklo bati jarraipena ematen dio, Ricardo Echeparek —1981 eta 2008 artean Uda Ikastaroen zuzendaria izan zenak— utzitako espirituari eutsiz. Helburua publiko orokorrari zientziaren eta gizartearen gaur egungo garrantzizko gaiak hurbiltzea da.
Sarrera doan izango da, aldez aurretik izena emanda lekuak bete arte. Izen-ematea ondoko estekan egin daiteke.