Toutes les nouvelles

Hiri-logistika jasangarria aztergai izango da Beasainen

  • Kontsumo elektronikoaren hazkundeak ekarritako mugikortasun eta logistika erronkei erantzuteko, goi-mailako adituak bilduko ditu EHUren Uda Ikastaroak irailaren 10ean Igartzako jauregian.

  • Halaber, azken-miliako banaketarako eredu arrakastatsuak balioan jarriko dira tokiko merkataritza suspertzeko tresna eraginkor gisa.

Beasaingo Udalak eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) seigarren urtez jarraian elkarlanean antolatutako ikastaroa aurkeztu da gaur. Irailaren 10ean, Igartzako jauregiak goi-mailako topagune bilakatuko ditu ordezkari publikoak, ikertzaileak eta adituak, “Hiri-Logistikaren Transformazioa: Teknologia eta Eredu Arrakastatsuak” izenburuko jardunaldian. Topaketa honen helburu nagusia merkataritza elektronikoaren gorakadak hiri-ingurunean eta ingurumenean eragiten dituen erronka kritikoei aurre egiteko konponbide teknologikoak eta mugikortasun-zerbitzu aurreratuak sakon aztertzea da.

Aldi berean, tokiko merkataritzak online plataforma handiekin lehiatu ahal izateko, azken miliako banaketa-zerbitzuek eskaintzen dituzten aukerak azalduko dira, baita abian jarri diren eredu arrakastatsuak partekatu ere.

Azken miliako erronka eta ingurumen-krisia

Gaur egungo kontsumo-ohituren aldaketak sekulako leherketa eragin du online erosketetan; datuek erakusten dutenez, merkataritza elektronikoaren pisua 2008ko % 9,6tik 2022ko % 25,3ra igaro da, eta goranzko joerak bere horretan jarraitzen du. Eszenatoki berri honek eragin zuzena du hiri-espazioen kudeaketan eta jasangarritasunean.

Adur Ugartemendia Beasaingo Lurraldea saileko buru eta ikastaroko zuzendariak azaldu duenez, errepide bidezko garraioak Europar Batasuneko berotegi-efektuko gasen laurdena (% 25) eragiten du. Horrekin batera, "azken miliako" logistikaren eraginkortasun ezak nabarmen kaltetzen ditu gure herri eta hiri-zentroetako irisgarritasuna zein bizikidetza. Hori dela eta, ikastaroak konponbide zehatzak jarriko ditu mahai gainean: plataforma digitalak, estandarizazio-prozesuak eta hiri-altzariko elementu adimentsuak (hala nola locker edo takila adimentsuak).

Bestetik, hiri-banaketako zerbitzu deskarbonizatu berriek aukera ematen diete tokiko merkatariei beren salgaiak bezeroaren atariraino eramateko, online plataforma handiek egiten duten bezala, baina ingurumenari kalterik egin gabe. Modu horretan, enpresa handiekin parez pare lehiatu daitezke etxez etxeko banaketan, eta, bide batez, herritarrengana iristeko kanal berri bat zabaldu.

Teoriatik praktikara: Egitaraua eta eredu arrakastatsuak

Ikastaroak eztabaida teoriko hutsetik harago joan nahi du, Europan zein tokian-tokian funtzionatzen ari diren arrakasta-kasu errealak ezagutzeko. Egitarauan zehar, hainbat aditu arituko dira hizlari, besteak beste:

  • Jordi Espín (TRANSPRIMEko idazkari nagusia): Azken miliako logistikak hirigintza-plangintzan duen garrantzia aztertuko du.
  • Enrique Sánchez (STANDTRACKeko zuzendari nagusia): Salgaien banaketaren estandarizazioari buruz arituko da.
  • Rafael Zulueta (Smartlog): Salmenta-kanaletarako soluzio intralogistikoak aurkeztuko ditu.
  • Mª Dolores Ortiz Sánchez (Madrileko Udala): Madrilgo “Canalejas 360” mugikortasun eta logistika hub-a azalduko du.
  • Frank Elorriaga (Hermeneus World) “TACTIC Logistics” proiektua partekatuko du, Bartzelonan sustatu zen banaketa deskarbonizatu zerbitzua.
  • Sara Ahetze Puignau (BasqueCCAM): Tokiko merkataritzaren logistikarako tresnak eta azken miliaren digitalizazioa izango dituzte hizpide, Beasaingo Tori! ekimenean oinarrituta.
  • Jardunaldia borobiltzeko, bi mahai-inguru egingo dira gakoak optimizatzeko eta ikasitako ikasgaiak partekatzeko.
  • Azkenik, Álvaro Arrue BasqueCCAMeko gerenteak emango dio amaiera ikastaroari.

Beasain, ezagutzaren eta jasangarritasunaren elkargune

Leire Artola Beasaingo alkateak adierazi duenez, Igartzako jauregia herriko historiaren bihotza izateaz gain, ezagutzaren eta lankidetzaren topagune estrategiko bilakatu da. "Harro gaude Euskal Herriko Unibertsitatearekin dugun elkarlanaz, Uda Ikastaro hauek gizartean eragin zuzena duten gaiak eztabaidatzeko balio baitute" gaineratu du alkateak. Ekimen hau udal-gobernuak klima-aldaketaren aurka eta espazio publiko seguruagoak lortzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da.

Bestalde, Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoak nabarmendu du Beasaingo ikastaroak ezin hobeto islatzen duela UIKren 45. edizioaren espiritua: "Pentsatzen duzulako gara" lelopean, ezagutza partekatua gizartearen erronka nagusiei erantzuteko tresna gisa aldarrikatzen dugu. Horretarako, ezinbestekoa da unibertsitatea lurraldera irekitzea eta ezagutza herritarren eskura jartzea. Beasaingo Udalarekin seigarren urtez elkarlanean antolatzen dugun ikastaro honek erakusten du tokiko erakundeekin batera lan eginez gaurkotasun handiko gaiak ikuspegi zientifiko eta praktikotik landu daitezkeela. Gainera, hiri-logistikaren eta mugikortasun jasangarriaren inguruko hausnarketa honek bat egiten du UIKk jasangarritasunaren alde duen konpromisoarekin, etorkizuneko hiri eta herri bizigarriagoak eraikitzeko ezinbesteko eztabaida sustatuz."

Matrikulazioa zabalik

Ikastaroa unibertsitateko ikasleei, irakasleei zein arloko profesionalei zuzenduta dago. Matrikula egiteko epea zabalik dago dagoeneko eta www.uik.eus webgunearen bidez egin daiteke. Hainbat kolektibok beherapenak izango dituzte; bereziki, 18 eta 25 urte bitarteko gazteek eskaintza berezia izango dute.