Toutes les nouvelles

Gernikako Batzar Etxeak askatasunaren eta lurralde nortasunaren oinarri den Foru Berriaren 500 urteei buruzko Uda Ikastaroa hartuko du

  • Bizkaiko Batzar Nagusien eta Iura Vasconiaeren lankidetza duen EHUren Uda Ikastaroak geldialdia egingo du Batzar Etxean, 1526ko Foru Berriaren balio historikoa, juridikoa eta politikoa aztertzeko, eta orain arte argitaratu gabeko dokumentu-aurkikuntza bat aurkezteko.

  • Ikastaroa irailaren 3an eta 4an egingo da, eta matrikula zabalik dago jada www.uik.eus webgunean.

  • Foru Berriaren V. mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatutako ikastaroa Gernikako Arbolaren ondoan egingo den hari-kontzertu batekin amaituko da. Kontzertu horren bidez, Batzar Etxearen eraikuntza-lanen hasieraren II. mendeurrena ospatuko da, Pablo Sarasatek 1894an askatasunen defentsan eta haritzaren sinbologiari omenaldia eginez eskaini zuen kontzertua egokituta.

Gernikako Batzar Etxea izango da, irailaren 3an eta 4an, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) «Bizkaia eta bere askatasunak: Eraberritutako Foruaren 500 urte» Uda Ikastaroaren egoitza. Bizkaiko Batzar Nagusien babesarekin eta Iura Vasconiaeren lankidetzarekin antolatutako ikastaro honek 1526ko Foru Berriaren edo Foru Erreformatuaren onarpenaren bosgarren mendeurrena ospatuko du. Foru hori Bizkaiko lurraldearen nortasuna eratzeko funtsezko testu juridikoetako bat izan zen.

Ikastaroa gaur goizean aurkeztu da Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon duten egoitzan. Aurkezpenean parte hartu dute Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Itziar Alkorta Idiakezek eta Imanol Merinok, ikastaroaren zuzendarikide gisa, eta Idoia Otaeguik, EHUko Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoak. Ekimena Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurten Foru Berriaren V. mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da.

Ikastaroaren helburu nagusia da Foru Berriak edo Foru Erreformatuak Bizkaiko askatasunen oinarri gisa izan zuen garrantzi historikoa, juridikoa eta politikoa herritarrengana hurbiltzea. Bi jardunaldietan zehar, ospe handiko adituek kaparetasun unibertsala, antolaketa komunitarioa eta ordezkaritza-sistemak aztertuko dituzte, Europako beste eredu batzuekin alderatuta.

Programaren mugarrietako bat izango da XVIII. mendeko Foru Erreformatuaren aplikazioari eta irakaskuntzari buruzko Commentaria ad veram intelligentiam legum fori de Vizcaya (1725) izeneko iruzkin juridiko aurkitu berriaren aurkezpena. Saio hori Jose Luis Aurtenetxe Bizkaiko Batzar Nagusietako legelari nagusi ohiak moderatuko du, eta Jon Arrietak eta Imanol Merinok parte hartuko dute.

Gregorio Monreal Ziak, Mikel Mancisidor de la Fuente Arartekoak eta Iñaki Bazán Díaz Erdi Aroko Historiako irakasleak emango dituzten hitzaldiez gain, ikasleek eta bertaratutakoek aukera izango dute Bizkaiko ondare instituzionala gertutik ezagutzeko. Horretarako, oroitzapenezko erakusketa bat eta María Rosa Ayerbe Iribarrek eta Alberto Santana Ezkerrak gidatutako bisita egingo dira Gernikako Batzar Etxean. Gainera, Foru Liburutegian ikusgai dagoen Foru Berriaren 500. urteurrenari buruzko erakusketaren zati bat Gernikako Batzar Etxeko Liburutegira eramango da.

Programak alderdi teknikoak ere jorratuko ditu. Guztira dozena bat adituk hartuko dute parte lau mahai-ingurutan, eta, besteak beste, Bizkaia zaharreko parte-hartze politikoa, berme prozesalak, fiskalitatea eta merkataritza izango dituzte hizpide.

Batzar Etxearen berrehungarren urteurrena ospatzeko kontzertua

Ikastaroa Haretxaren azpian izeneko kontzertuarekin amaituko da, Gernikako Batzar Etxearen eraikuntza-lanen hasieraren bigarren mendeurrena ospatzeko berariaz sortutako emanaldi batekin. ESASeko (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) Alara hari laukoteak interpretatuko du kontzertua, eta 1894ko abuztuan Pablo Sarasatek Gernikako Arbolaren ondoan askatasunen alde eta haritzaren sinbolismoari omenaldia eginez eskaini zuen kontzertuaren egokitzapena izango da.