Toutes les nouvelles

Xabier Garagorrik belaunaldien arteko loturaren garrantzia nabarmendu du

Helduak Adi! elkarteko kidearen esanetan, adin guztietako pertsonen oinarrizko beharrak asetzea da bizikidetza osoa eta komunitate kohesionatua eraikitzeko giltza.

Ekainaren 22tik 24ra Donostiako Miramar Jauregian ospatu den "Curso TopaGune: Diversidad y desarrollo comunitario. Retos para una convivencia de vida plena" Uda Ikastaroak aniztasun soziala, belaunaldien arteko bizikidetza eta komunitatearen garapena izan ditu aztergai. TopaGune formatuan antolatutako ikastaroak parte-hartzea eta hausnarketa kolektiboa sustatu ditu, Bizitza Betea-Vida Plena proposamen teorikoa oinarri hartuta.

Ikastaroaren harira egindako adierazpenetan, Xabier Garagorri, Helduak Adi! elkarteko kideak, azaldu du gaur egungo gizartean aniztasunak interes berezia pizten duela, hainbat arrazoirengatik: migrazio-prozesuak, kultura, hizkuntza, erlijioa, generoa edo ohiturak direla medio. Hala ere, nabarmendu du aurtengo ikastaroak arreta berezia jarri diola adin eta belaunaldien arteko aniztasunari, gaur egungo gizartean gero eta indibidualtasun handiagoa eta belaunaldien arteko urruntzea antzematen direlako.

Garagorriren hitzetan, erronka horri aurre egiteko Helduak Adi! elkarteak garatutako Bizitza Betea ikuspegiak marko baliagarria eskaintzen du. Eredu horren arabera, bizitza betea ez da inoiz erabat lortzen den egoera, baizik eta pertsonen oinarrizko beharrei etengabe erantzuten saiatuz eraikitzen den bidea. Osasuna, mugikortasuna, babesa, ezagutza, harreman sozialak edo bizitzaren zentzua bezalako beharrak pertsona guztiek partekatzen dituzte, adina edozein dela ere, nahiz eta bizitzako etapa bakoitzean modu desberdinean bizi eta gauzatu.

Helduak Adi! elkarteko kideak azaldu duenez, hain zuzen ere, oinarrizko behar horiek dira belaunaldi guztiak lotzen dituzten elementuak. Desberdintasunak egon badaude ere, behar horien unibertsaltasunak aukera ematen du belaunaldien arteko elkarlana eta elkar-ulermena sendotzeko. Haren ustez, komunitatearen garapenak ezinbestean eskatzen du adin guztietako pertsonak kontuan hartzea eta haien ongizatea modu integralean sustatzea.

Ideia hori azaltzeko, Garagorrik zuhaitzaren irudia erabili du. Zuhaitzaren izerdia adar guztietara iristen denean bakarrik mantentzen da bizirik; adar batek elikadura jasotzen ez badu, ez da adar hori bakarrik kaltetzen, zuhaitz osoa baizik. Antzera gertatzen dela dio gizartearekin: belaunaldi batek bere oinarrizko beharrak asetzeko aukerarik ez badu, ondorioak ez ditu talde horrek bakarrik pairatzen, gizarte osoak baizik.

Garagorrik balorazio positiboa egin du ikastaroaren inguruan. Nabarmendu du programa ez dela marko teorikora mugatu, baizik eta esperientzia praktiko ugari partekatu direla, Bizitza Betea ikuspegia tokian tokiko ekimenetan nola garatzen den erakutsiz. Halaber, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosaren parte-hartzeak ere balio erantsia eman diola jardunaldiari.

Xabier Garagorri bera ere ikastaroko hizlarietako bat izan da, eta ekainaren 23an Debagoienean garatutako belaunaldien arteko proiektu baten esperientzia aurkeztu du. Oro har, hiru eguneko egitarauak zahartzaroaren ikuspegi berria, aniztasuna, belaunaldien arteko harremanak eta Euskadiko adinekoen estrategiak jorratu ditu, parte-hartzaile guztien ekarpenak bildu eta Bizitza Betea proposamena aberasteko helburuarekin.