Toutes les nouvelles

Fernando Sampedro: «Bere segurtasuna, kohesioa eta gizarte-politikak defendatuko dituen EB burujabe eta independente baten alde egin behar dugu»

EBko Estatu idazkariak arrakastatsutzat jo ditu Espainiak Europar Batasunean egin dituen 40 urteak, eta batasunak demokraziaren berme gisa duen garrantzia azpimarratu du

Fernando Sampedro Marcos (Palentzia, 1979), Europar Batasunerako Estatu idazkaria, uztailaren 21ean «Europar Batasunaren egungo erronka nagusiak» ikastaroan izan zen. Europako Praktika Juridikoaren Akademiak antolatutako ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egin zen, EHUren Uda Ikastaroen esparruan. Topaketak Europako erakundeen balioa nabarmentzeko eta 27 estatu kideen proiektu komunaren etorkizunaz hausnartzeko aukera eman zuen.

Bere hitzaldian, Sampedrok Espainia Europar Batasunean sartu zenetik igarotako lau hamarkaden balantzea egin zuen. Uda Ikastaroetan parte hartu zuela baliatuta, UIKri eskainitako elkarrizketa honetan 40 urteko ibilbide hori aztertu, Europako proiektuaren oinarri diren balioak aldarrikatu eta datozen urteetan aurre egin beharko zaien erronka nagusiak izan zituen hizpide.

Nolakoa izan zen Espainia EBn sartzeko prozesua? Nolakoak izan ziren lehen urte haiek erakundeen eta legegintzaren ikuspegitik?

Espainia EBn sartzea ez zen erraza izan, baina ilusioz eta zirraraz beteriko prozesua izan zen. Amets bat gauzatzea izan zen. Espainiarrek ia lau hamarkada eman zituzten diktadurapean, eta demokraziaren etorrera, trantsizio politikoa eta EBri atxikitzea demokraziaren eta askatasunaren amets hura gauzatzea izan ziren. Beste europar askok lehenago bizi izan zuten hori, Portugalen edo Grezian, esaterako, eta beste asko Burdinazko Hesiaren atzetik ateratzen ari ziren. Aldaketa handiko urteak izan ziren, eraldaketa-prozesu baten hasiera; atzera-bueltarik gabeko bide bat, demokrazian, askatasunean eta Europako proiektuan errotzeko bidea.

Egunerokoan, nola aldatu zuen espainiarren bizitza EBn sartzeak?

EB osoan askatasunez mugitzeko aukeratik hasi eta demokrazia eta askatasuna sendotzeraino. Kontinente mailako ongizate-estatu bat eraikitzea ekarri zuen.

Hitz bakarrean, nola baloratuko zenituzke EBko kide gisa egindako 40 urte hauek?

Arrakasta. Lau hamarkada hauek Europako proiektuaren arrakastaren historia izan dira.

Zein da Espainiaren eta EBren etorkizuna, eta zein dira une honetan aurrean dituzten erronka nagusiak?

Etorkizuna beti da ziurgabea, baina ilusioz betea ere bada. Espainia eta EB indartsuagoak izango dira Europako proiektu independente eta autonomo bat elkarrekin eraikitzen jarraitzen badugu.

«Europako proiektua da herritarren erronka zehatzei, hala nola
etxebizitzari edo enpleguari, aurre egiteko aukera emango digun tresna»

Ba al dago Espainiaren eta beste herrialde batzuen EBko kidetza eta, ondorioz, Batasunaren beraren existentzia arriskuan jar dezakeen mehatxurik?

Bai, badira mehatxuak. Europako proiektua eta arauetan oinarritutako nazioarteko ordena azken 80 urteetako mehatxu eta erronka handienaren aurrean daude, beharbada: EBren eta demokraziaren balioak zalantzan jartzen dituzten indarrak, gure mugen barruan zein kanpoan. Horiei aurre egiteko modua Europa gehiago, multilateralismo gehiago eta demokrazia gehiago sustatzea da. Hau da, Europa ber hiru.

Inoiz amaitu ez den eta beti perfektua ez den prozesu baten alde egin behar dugu. Batzuetan herritarrek zalantzan jartzeko arriskua du, baina izan dezakegun proiekturik onena da: demokraziaren eta Europar Batasunaren proiektua. Erronka handiei aurre egiteko biderik onena da. Elkarrekin indartsuagoak gara, eta hori herritarrei erakusteko gai izan behar dugu; bereziki, Espainiaren kasuan, demokrazian jaiotako biztanleriaren % 50 baino gehiagori eta EBn jaiotako % 40 baino gehiagori.

Europako proiektua da herritarren erronka zehatzei aurre egiteko aukera emango digun tresna; besteak beste, etxebizitza edo enplegua eskuratzeko zailtasunei.

Zein dira EBk etorkizunera begira dituen aukera nagusiak?

EB bera aukera bat da. Europa gehiago eraikiz, aukera handiagoak izango ditugu.

EBren aukera handienetako bat integrazioan sakontzen jarraitzea da, baita lehiakortasunean eta merkatu bakarrean ere.

Elkarrekin, barne-oztopoak gainditu ahal izango ditugu, eta gure barne-merkatuak bere ahalmen osoa garatzea lortuko dugu. Aldi berean, kanpora irekiko gara eta bazkide fidagarriekin merkataritza-harremanak sendotuko ditugu; Espainiaren kasuan, esaterako, Latinoamerikarekin.

Bere segurtasuna, kohesioa eta gizarte-politikak defendatzeko gai izango den Europar Batasun benetan burujabe eta independente baten alde egin behar dugu.

«Espainia eta EB indartsuagoak izango dira Europako proiektu independente
eta autonomo bat elkarrekin eraikitzen jarraitzen badute»