02.Uzt.2019

Europa da energiaren eraldaketa sistemiko eta kualitatiboa lehentasun gisa hartzen duen mundu-potentzia bakarra

Antxon Olabek, ingurumenaren alorreko ekonomialariak eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioko aholkulariak, ezinbestekotzat jotzen du klima-aldaketaren aurka borrokatzea eta trantsizio energetiko bat sustatzea. Horren haritik, trantsizio energetikoaren egoera deskribatu du estatu eta Europa mailan. Europak posizio erabakigarria du bide horretan, prozesu ekologistaren buruan egon delako beti eta nazioartean eredu izaten jarraituko duelako. Espainiako gobernuaren koordinatzailea den Antxon Olabe adituak dio ezinezkoa dela europar eredurik gabe gainerako potentziek ere eraldaketa bat bizitzea.

Trantsizio ekologikoaren artikulazioak lege-markoak sortu ditu Europar Batasuneko estatuetan eta, ingurugiroarekiko konpromiso horren baitan, Olabek espainiar gobernuak abian jarritako neurri sorta «integral eta sistematikoa» deskribatu du. Bost dira estatuaren trantsizio energetikoaren oinarrizko elementuak.

Lehenik, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legearen aurreproiektua (KATEL) dugu, heldu diren hamarkadetan trantsizio energetiko bat lortzeko beharrezko testuinguru normatiboa sortuko duena.

Bigarrenik, Energia eta Klimaren Plan Nazional Integrala (EKPNI) 2021-2030 daukagu, estatuaren energia-sistemaren eraldaketa prestatzen duen plana, Europako Batzordean otsailean entregatua. EBko estatu guztiek berea sortu dute, eta Espainiarena da hobekien baloratu dena. Plan horren arabera, 236 mila milioi euro inbertituko lirateke heldu den hamarkadan, honako oinarri hauek sustatzeko: ekonomiaren deskarbonizazioa, berotegi-efektuko gasak murriztea, energia berriztagarrien gorakada egungo ehunekoa handitu dadin (17tik 42ra), Europako Batzordeak aurreikusitakoa baino handiago den efizientzia energetikoa lortzea, bost milioi auto elektriko sortzea… Plan honi esker, aurreikusten da estatuaren mendekotasun energetikoa egungo % 74tik % 59ra jaistea 2030. urterako, hau da, % 15 jaistea. Mendekotasuna galtzeko, energia berriztagarrien erabilerak gora egin beharko luke, petroleoarenak behera, ikatzak desagertu beharko du eta energia nuklearra era ordenatuan eta fidagarrian desagerrarazi beharko da 2025 eta 2030 artean.

Horretarako ezinbestekoa da hirugarren elementuaz baliatzea, hau da, ekonomia epe luzera deskarbonizatzeko estrategiaz. Hasierako xedea estatuaren neutraltasun klimatikoa da, zeinak berotegi-efektuko gasak % 90 murrizteko beharra dakarren. Trantsizio energetikoa iraultza industrialaz geroztik izan den prozesurik esanguratsuena izango da, baina gertatuko bada, aldaketa sistemiko bat burutu beharko da ekonomiaren eta finantzaren alor guztietan. Adibidez, ezinbestekoa da esparru elektrikoa, industria, nekazaritza, garraioa eta mugikortasuna deskarbonizatzea. Haatik, aldi berean, nahitaezkoa da zeharkako elementu batzuk lortzea, hala nola jendartearen ahalduntzea, formakuntza eta kontzientziazioa, jendarteak beretzat har dezan prozesu hori. Eraldaketa gehiengo sozialari esker gertatuko da, «prozesu politiko bat baita, esapidearen zentzurik onenean».

Eraldaketan, berebiziko garrantzia omen du ekonomia zirkularrak. Deskarbonizazio-prozesua egiteko, kontuan hartu behar da azkeneko etapetan zailagoa dela egitekoa. Ekonomia zirkularra da horretarako giltza, berrerabilera handiagoa, objektuek bizitza erabilgarri luzeagoa izatea eta hondakin eta isuriak gutxiago sortzea baitakar.

Gainera, trantsizio ekologikoa enpleguaren hazkundearen lotu nahi da. Europar Batasunean milioi eta erdi lanpostu daude jada trantsizioarekin lotuta, eta lau milioi ekonomia berdearekin lotuta.

Laugarren oinarria trantsizio justurako estrategia da, eraldaketaren eragina zuzenean pairatzen duten komunitateek garapenerako aukerak eta enplegurako erremintak izan ditzaten; hala, ez da gizarte sektore babesgaberik egongo. Horretarako, Gobernuak gutxiengoaren sindikatuekin akordio batzuk lortu ditu jada, eta Antxon Olabek harro dio Espainia trantsizio justuari dagokionez ekintza onen eredua dela antzeko egoeran dauden herrialdeentzat.

Bostgarren elementua pobrezia energetikoaren aurkako estrategia da, zaurgarritasun handian dauden etxeetako familiak babesteko.

Olabek amaitu du esanez estatuko eta Europako egoerak aldaketa burutzearen aldekoak direla. Europa da, haren aburuz, eraldaketa sistemiko eta kualitatibo bat lehenesten duen ekonomia handi bakarra, azpialor askotan saretzen den aldaketa erraldoia. Trantsizioa posible omen da Europak bizi izan duelako jada hazkunde ekonomikoa eta isurien beherakada aldiberekoa. Batasunean trantsizioaren aldeko adostasun orokorra dago. Hala, mundu-mailako potentzia ekonomiko batek trantsizio energetikoa lehen lerroan jarri du klimaren zientziak eginiko eskaerak erabaki politiko bihur daitezen.

Onartzen du «momentu zinez delikatuan gaudela eta Batasuneko estatuak mobilizatu behar direla 1,5-2 gradutakoa izan dadin tenperaturaren gehienezko igoera. Udalerri eta estatu mailan esfortzua egitea beharrezkoa da». Gainera, gogorarazi du mundu osoari eragiten dion arazoa dela eta askoz gehiago kutsatzen duten beste potentziekiko elkarlana beharrezkoa dela. Europa eredu da, baina beste potentziek bide berari heldu behar diote, Europa isurien % 10aren erantzule baita bakarrik. Parisko Akordioaren xedeetara iristeko asko dago oraindik egiteke, hau da, klima-sistemaren babesa ahalbidetzeko. «Nahiz eta klima jada asaldatu dugun, egoera larria ez izatea lor dezakegu».