Toutes les nouvelles

Ezagutzaren alde jakin-mina piztu asmoz dator Uda Ikastaroen 42. edizioa

  • Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen topagune dira Uda Ikastaroak.
     
  • Gazteek Uda Ikastaroez gozatzeko propio antolaturiko ikastaro andana eta prezio eskaintza berezia dituzte eskuragarri.
     
  • Gizarteak dituen desafioei erantzun asmoz, askotariko gaiak izango dira hizpide: ekonomia sozial eraldatzailea, giza eskubideak, hezkuntza eta hizkuntzaren etorkizuna, kultura eta artea, gazteen egungo erronkak, bizi kalitatea, iraunkortasuna, digitalizazioa eta adimen artifiziala.
     
  • Ezagutzaren zabalkundean eredu parte hartzailea eta esperientziala oinarri duten geroz eta ikastaro gehiago dira Uda Ikastaroen eskaintzan.

 

Gaur aurkeztu da Uda Ikastaroen 42. edizioa Bilbon. Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendari ordeak eta Itziar Alkorta, Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioko edukiak aurkeztu dituzte.

Ezagutzaren alde, piztu zure jakin-mina

Pertsonak ez gara inoiz hain konektatuta egon, ez dugu ezagutza hain eskura izan eta, hala ere, desinformazioa gure bizitzetan barneratu da. Hainbeste edukiren aurrean zaila zaigu guztia zalantzan jarri eta galbahea pasatzea. Jakiteak ahalegina eskatzen du eta, geure erabakiak hartzea baino errazagoa da korronteak eraman gaitzan uztea.

Ezagutzaren alde lanean ari garen erakunde gisa, lehen lerrotik bizi dugu informazio uholdeak eragindako fenomeno hau. Eta, honen aurrean, eragitea dagokigu: herritar guztiei mugimendua proposatu nahi diegu, norberaren buruari galderak egitea eta erantzunak zalantzan jartzea. Uda Ikastaroetatik, garaiko desafioen aurrean, pentsamendu kritikoa eragin nahi dugu etorkizuna argituko duen mugimendu hori topatzeko. Ezagutzaren alde, piztu zure jakin-mina.

Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen topagune dira Uda Ikastaroak

Edizio honetan 152 Uda Ikastaro programatu ditugu. Aurrez aurreko ikastaro gehienak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira eta, aurten ere, presentzia izango dugu Nafarroan eta Akitania Berrian. Aurrez aurrekoak izango diren ikastaro gehienetan online zuzenean ere parte hartzeko aukera izango da eta, ikastaroetan parte hartzen duten eragile guztien partaidetza sustatzeko metodologia ezberdinak baliatuko dira hogeitik gora Uda Ikastarotan.

Akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak... guztiak elkartu nahi ditugu ezagutzaren plazan, gizarteak egun dituen erronken inguruan hausnartu eta ezagutzaren bitartez gizartearen baitan eraldaketa bultzatu asmoz.

Zentzu horretan, gizarteak egun dituen desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Artea eta kultura inoiz baino presenteago izango dira aurten eta, horiekin batera, segidan zehazturiko erronkak nabarmendu nahi ditugu:

Ekonomia Sozial Eraldatzailea

2023an Donostia Gizarte Ekonomiaren Hiriburua izango da eta, horri loturik, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri izango duen ikastaro eskaintza interesgarria prestatu dugu.

Pertsonak erdigunean jarriko dituen eta haien garapen profesionala eta ongizatea bultzatuko dituen eredu ekonomiko ezberdinak aurkeztuko dira Uda Ikastaroetan: kontabilitate soziala, langileen partaidetza duten enpresei buruzko esperientziak, enpresa txiki eta ertainen ekonomia- zein finantza-kultura berrirako gakoak eta Euskadiko industria-subiranotasunean aurrera egiteko Km0 zientzia eta teknologia, aztertuko dira, besteak beste.

Gazteak hizpide

Askotariko profilei zuzenduriko eskaintza dugu. Aurten, arreta berezia jarriko dugu gazteengan, eta, gazteei zuzenduriko ikastaro andana izango dugu uda ikastaroez bete-betean goza dezaten: Itsasoan murgildu ahal izango dute Saltillo eskola-ontzian zenbait egunetako zeharkaldia eginez ozeanoaren iraunkortasunaz eta nabigazioaz aritzeko, edo eta surfaren onurei buruz nahiz futbolak gizartearen eraldaketa tresna gisa duen garrantziaz aritu ahalko dute, baita sexologiari zein musikak gizartean duen eraginari buruz ere.

25 urte arteko gazteek, izena-ematerakoan, erraztasunak izango dituzte. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.

Gazteei zuzenduriko ikastaroez gain, gazteek egun dituzten erronkei buruz aritzeko ikastaroak ugariak izango dira.

Pertsonen garapenean oso eraldatzailea den garaia da gaztaroa eta gizartean ematen diren aldaketen aurrean etengabe egokitzen asmatzea da beraien egunerokotasunaren ezaugarrietako bat. Egungo gazte belaunaldiak erronka esanguratsuak ditu aurrez aurre: demografia, aldaketa klimatikoa eta ekonomia, bestek beste.

Garaiko erronka berrien aurrean gazteria nola egokitzen den eta sortzen zaizkien aukerak eta zailtasunak zeintzuk diren aztertuko dugu propio antolatutako ikastaroen bitartez. Denetariko gaiak landuko dira: alokairuko etxe bizitza publikoaren eredu berriak, ziberindarkeria, kirolaren onurak eta lesioak, iraunkortasunaren aurrean duten erantzukizuna…

Giza Eskubideak, ortzi-mugan

Bizitzaz erabateko duintasunez gozatzeko funtsezkoak ditugu eskubideak eta libertateak. Gizakiaren historiaren luze-zabalean etengabeko erronka izan da, baita gaur egun ere.

2022ko Uda Ikastaroetan Ukraniako gerra izan genuen hizpide, eta, tamalez, oraindik gerraren gordintasuna nozitzen ari gara. Europan, giza eskubideen sorgune den lurraldean, maila honetako giza eskubideen urraketak, ezbaian jarri ditu nazioarteko itunak, bizitza eskubidea… eta, gizartean nola, lehen lerroan izango dira 2023ko Uda Ikastaroetan. Europar Batasunaren egungo erronkei eta mendebaldeko demokraziek bizi duten uneari buruz EuroBasque Euskopako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak, Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiko legelariek eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak zuzenduriko hiru ikastaro izango dira.

Horiez gain, emakumeen aurkako indarkeria, etxebizitza eskubidea, ezgaitasuna duten pertsonei esleitzen dizkiegun bizi-mugak, terrorismoaren legitimazioa, gizarte-inklusiorako bideak… eskaintza zabala izango da interesatu ororen eskura.

Hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna

Hezkuntzaren bitartez etorkizun hobea eraikitzea dugu xede eta, zentzu horretan, hezkuntza beraren etorkizuna aintzat hartzekoa da.

Uda Ikastaroetan hezkuntzako profesionalen prestakuntza erronketako bat izan ohi da eta, aurten ere, hezkuntzaren etorkizuna eta prestakuntza helburu duten hainbat ikastaro izango dira: garapen iraunkorrerako hezkuntza eta kulturaren garapena, programazio didaktiko praktikoa lehen hezkuntzan eta eskoletan antzerkia lantzeko tresnak, besteak beste.

Hezkuntzaren baitan, hizkuntzen etorkizunak duen garrantzian jarri nahi izan dugu azpimarra aurtengo edizioan: haur elebidunen hizkuntza-garapena, hizkuntza gutxituak globalizazio testuinguruan…

Bizi- kalitatea, oinarri

Covid-19 pandemiaren okerrenak agerian utzi du bizi-kalitatearen garrantzia, lehentasunak berrikustearen beharra eta, pauso bat aurrera egin eta erantzukizunez gure osasunarekiko eta zaintzarekiko kontzientzia aldaketa bat beharrezkoa dela.

Norberaren ongizatearen aurrean dugun erantzukizunak ezagutzara garamatza inplizituki.

Zaintzarako alternatiba egokienak hautatu ahal izateko dauden aukerei buruz hitz egin nahi dugu aurtengo edizioan. Norabide horretan, prestatu dugu edizio honetako eskaintza “bizi-kalitatea, oinarri” izenburupean: elikadura, osasun mentala, zahartzaroa… Askotariko arloak izango dira solasgai.

Kultura eta artea

Kultura eta arteak gizartearen eraldaketa eragiten dute baliabide garrantzitsuak eskainiz.

Euskal artista esanguratsuen obra izango dugu hizpide – Benito Barrueta, Eduardo Chillida, Anjel Lertxundi eta Ruper Ordorika, besteak beste- eta arte diziplina ezberdinei buruz ariko gara: musika, zinema, literatura, antzerkia... Aurtengo edizioan, bereziki, nazioartean dantza klasikoan erreferenteak diren Igor Yebra eta Lucia Lakarrak eta euskal dantzatik abiatuta dantza garaikidean bide oparoa urratu duen Jon Maiak eskainiko dituzten ikastaroak nabarmendu nahi ditugu.

Euskaraz idatzitako testu zaharrenaren aurkikuntzak munduari bira eman dio eta nola ez genuen ba Irulegiko eskuari buruzko ikastaro bat antolatuko. Eskuaren sekretuak ezagutzeko eta aditu baten laguntzarekin indusketa bisitatzeko aukera izango dugu. Horrez gain, Jose Migel Barandiaranek egindako ekarpenean eta Aezkoa ibarreko herri-lurren historia eta kudeaketari buruzko ezagutzan sakontzeko aukera izango da.

Kulturgest Bilbao-en eskutik kultur kudeaketan interesatuta daudenek ondare immateriala, kultur espazioak, eragiletza edo berrikuntzari buruzko ikastaroak topatuko dituzte.

Iraunkortasuna

Iraunkortasuna gai ardatza da gizartean eta Uda Ikastaroen baitan hainbat ertzetatik helduko diogu gaiari.

Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda lehen lerrora ekarri nahi izan dugu: nazioartean izaten ari diren esperientziak alderatuko ditugu eta krisi energetiko eta klimatikoari aurre egiteko trantsizioaz eta herritarren aktibazioaz aritzeko hezkuntza eskola izango dugu.

Mugikortasunaren etorkizuna, hiri-guneak eraldatu eta osasun-tresna bilakatzeko egun gizartean dauden proposamenak, uraren kudeaketa, basoetako suteak…, askotariko gaiak aztertuko dira iraunkortasunaren inguruan antolatutako ikastaroetan.

Iraunkortasunari loturik, IHOBErekin elkarlanean, Euskadi 2030 Ingurumeneko Esparru Programa berria zabaltzeko hainbat ekintza aurkeztu dira berriki datorren hamarkadan Euskadik jasangarritasunaren arloan izango dituen proiektu estrategikoen ikuspegi sakona eskainiz.

Horrez gain, 2020. urtean abiatu genuen Donostia Sustainability Forum (DSF) foro iraunkorrak jarraipena izango du 2023 urtean zehar interesatu ororentzat jarduera irekiak eskainiz.

Digitalizazioa eta adimen artifiziala

Eraldaketa digitala gizartearen arlo guztietan lehiakortasunaren eragile nagusietako bat da. Testuinguru honetan, adimen artifiziala gero eta interes handiagoa duen eztabaidagai bihurtu da eta horretan adituen laguntzarekin sakontzeko aukera izango dugu, horren inguruan sortu diren azken polemikak jorratuz.

Sektore zehatzetara bideratutako adimen artifizialean sakondu eta trebatzeko aukera izango da, hala nola, osasun digitala, datuetan oinarritutako justizia, fotonika eta inteligentzia artifiziala, 4.0 industria...

UIK munduan

Udako Ikastaroek begirada irekia dute. Ikastaroetan parte hartzen duten adituen bidez ezagutza maila egiaztatzeaz gain, Udako Ikastaroek eragile akademiko, enpresarial eta sozialekin harreman sareak eskaintzen dituzte, ezagutzaren arloan nazioarteko erreferente bihurtuz. Bertatik bertara parte hartzen duten hizlari eta ikasleez gain, geroz eta nazioarteko erabiltzaile gehiagok parte hartzen dute parte online UIK-ren unibertso hedatuan.

Nazioarteko begirada duten ikastaro zerrenda luzea dugu edizio honetan.

Aurten Frantziako Tourraren hasiera eta lehenengo etapak Euskadin izateak, argi adierazten du Euskadik kirolaren diplomaziaren barruan duen garrantzia eta, horri loturik antolatu da “Kirol-diplomaziaren erronkak eta aukerak XXI. mendean” ikastaroa.

Nazioarteko Harremanei buruzkoa izango den Nazioarteko Zuzenbideko Ikastaroek, nazioarteko ikasle kopuru ederra bilduko dute aurten.

“Europa eta Latinoamerika, komunitate global gisa” titulupean ospatuko den ikastaroan, atlantikoaren bi aldeetako eragile nagusiek datozen urteetako elkarlanerako gakoak aztertzeko topagunea egingo dute gurean.

“Elikadura pertsonalizatutik zehaztasuneko elikadurara” izenburupean, online zuzenean egingo den nazioarteko jardunaldian, Hego Amerikako hainbat herrialdeetako, American Society of Nutrition-eko eta IMDEA Food Institute-ko puntako adituak izango dira

Uda Ikastaroez gain Uda Ikastaroa Fundazioak, UIK-k, urte osoan zehar workshop-ak – tailerrak edo ikastaro intentsiboak- antolatu ohi ditu, eta uda garaian, hainbat workshop izango dira non nazioarteko aditu ugarik parte hartuko duten. Horien artean nabarmentzekoa da aurten, DIPC-k antolatutako mintegietan, bi Nobel sari izango ditugula: Klaus von Klitzing eta Jack Szostak.

Matrikulazioa

Epea: apirilaren 20tik ikastaro bakoitza hasi arte.

Izen-ematea: www.uik.eus

Uda Ikastaroei buruzko informazioa www.uik.eus atarian

Lankidetzak

UPV/EHUko Uda Ikastaroak elkarlanaren emaitza da. Eskerrak luzatu nahi dizkiegu ezagutzaren alde Uda Ikastaroak gauzatzeko ezinbestekoak diren gure Antolakuntza Batzordeko kideei: BBVA Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala. Eskerrak baita ere zikloetako laguntzaile diren Irizar, Osakidetza eta Bilboko Udalari, eta ikastaroen babesle diren guztiei.

Horiekin batera, nola ez, ikastaroen zuzendari eta hizlari guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu aurten ere ilusioz eta ezagutzaz betetako programa osatzen laguntzeagatik.

Ez dugu amaitu nahi hedabideei ezagutzaren zabalkundean eskaintzen diguten laguntza eskertu gabe. Gizartean jakin-mina pizteko helburua partekatzen dugu hedabideetako profesionalekin eta, ezinbesteko bidelagunak dira UIK-rentzat.