Toutes les nouvelles

Euskal dantzak eta hiri-logistika berritzailea aztergai Uda Ikastaroetan Beasainen

  • Euskal dantza tradizionalaren bidez euskal diasporako gazteekin lotura sortzeko ikastaroa izango da ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean.

  • Irailaren 11n, “Azken miliako banaketa, lehen mailako erronka” izenburupean, hiri-logistika eredu jasangarri zein eraginkorragoak eskaintzen dituzten teknologia eta adibide berriei buruz eztabaidatuko dute

Beasaingo Udalak eta UPV/EHUKO Uda Ikastaroak Fundazioak, bien arteko lankidetzari jarraipena emanez bostgarren urtez antolatu dituzte Uda Ikastaroak Beasainen. 2019an Beasaingo Udalak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) hitzarmena sinatu zutenetik, Uda Ikastaroen 44. edizioaren esparruan bi jardunaldi antolatu dituzte. Lehena ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, bi egunez burutuko da eta gazteengan euskal dantzek duten eragina izango dute aztergai. Ondorengoa irailaren 11n ospatuko da, non hiri-logistika teknologia eta eredu berritzaileetan sakonduko den.

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean, Beasaingo alkate Leire Artola, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoa den Idoia Otaegui, Beasaingo Lurraldea saileko buru Adur Ugartemendia eta Ateak ireki dantzan ikastaroko zuzendari Iñaki Goirizelaia izan dira. Bakoitza bere arloan, eragin handiko bi gaien inguruan antolatutako ikastaroak dira Beasainen burutuko direnak. Euskal dantza euskal nortasunaren adierazle izanik euskal kulturara sartzeko bitarteko baliagarria da. Beasain arlo horretan erreferente izateko eginkizunean ikastaro hau pauso garrantzitsua da. Bigarren ikastaroan, hirien barne logistika eraldatuko duten teknologia berriez hitz egingo da, arrakastatsuak izaten ari diren eredu batzuk alderatu eta digitalizazioa eskaintzen ari den soluzio disruptiboak partekatuz.

Beasain eta Igartza ezagutzaren erreferente

Leire Artola alkatearen esanetan, Igartzako jauregia, Beasaingo historiaren eta kulturaren bihotza bihurtu da. Horregatik, ezagutzaren, pentsamenduaren eta lankidetzaren aldeko apustu sendo bat da EHUko uda ikastaroek Beasainen izango duten presentzia. “Harro gaude Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeaz, batez ere, elkarlan horrek Beasaini eskaintzen dion balioagatik. Izan ere, uda ikastaroak ez dira jarduera akademiko hutsak; ezagutza partekatzeko, ikuspegiak trukatzeko eta gizartean eragina duten gaiak eztabaidatzeko topaguneak dira” gaineratu du alkateak.

Bi ekitaldiak Udal gobernu honek bere helburuen artean dituen gai estrategikoen inguruan antolatu dira: batetik euskal nortasunaren ikur diren euskal dantzen ingurukoa eta bestetik Mugikortasun eta logistika jasangarriari buruzkoa.

Beasain euskal dantzen topaleku eta erreferente bihurtzeko asmo horretan, bertako dantza tradizionala ezagutzera eman eta zabaltzeko baliagarri izango da euskal dantzei buruzko jarduera. Bigarren ikastaroa, udalak klima aldaketaren aurkako erronkarekin eta espazio publiko atsegin eta seguruagoak lortzeko konpromisoarekin lotzen da.

Era berean Leire Artolak eskertu egin du Uda Ikastaroak Fundazioaren laguntza eta elkarlana, baita bertan parte hartuko duten erakunde eta enpresen parte hartzea.

EHUko Uda Ikastaroak, herritar ororentzako prestakuntza-eskaintza

Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroetako (UIK) zuzendari akademikoak azaldu duenez, “UIKrentzat funtsezkoa da Uda Ikastaroak, hirietatik harago, ibiltariak bilakatu eta herrietara hurbilaraztea, eta, norabide horretan Beasaingo Udalarekin 2019. urtetik garatu dugun bidea eredugarria da guretzat eta esker ona adierazi nahi genuke”.

UIKren xede nagusia jakintza guztien arteko elkarreragina sustatzeko Uda Ikastaroetan gizarteko arlo guztietako eragileak eta herritar oro elkartzea da. Idoia Otaeguiren hitzetan “herritar guztiei informazio objektibo, erreal eta kritikoaren aldeko pausoa emateko gonbidapena egin nahi die UIKk, kontuan hartuz ezagutzaren alde norbanakook egiten ditugun apustu pertsonalak kolektibo osoan eragiten dutela.

Askotariko ikastaroak antolatzen dira EHUko Uda Ikastaroen baitan, eta, horren lagin bat da Beasainen egikarituko dena. Iñaki Goirizelaia zuzendariaren eskutik Ateak Ireki Dantzan – Dancing izeneko ikastaroa izango da ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eta, irailaren 11n, aldiz, Adur Ugartemendiak zuzendurik, Azken miliako banaketa, lehen mailako erronka izeneko ikastaroa izango dugu. Interes ezberdina duten hartzaileei zuzenduriko ikastaroak dira biak ala biak, eta, UIKren oinarrizko balioekin bat egiten dutenak, UIKren balio garrantzitsuak baitira euskal kulturari eta iraunkortasunari buruzko gaiei buruzko hausnarketa eta zabalkundea sustatzea.

Matrikulazio epea zabalik da dagoeneko, eta ikastaro bakoitza hasi arte izena-emateko aukera izango dute interesatuek. Izen-ematea eta ikastaroei buruzko informazioa: www.uik.eus atarian da eskuragarri. Otaeguik aditzera eman duenez, ikastaroetan matrikulatzerakoan kolektibo mota ezberdinei zuzenduriko hainbat motatako beherapenak daude, 18 eta 25 bitarteko gazteei Uda Ikastaroetan murgiltzeko erraztasunak emate aldera eskaintza berezia izango dute: ekainaren 30a baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro gehienetan.

Euskal dantza euskal nortasunaren adierazlea

Iñaki Goirizelaia da Ateak ireki dantzan ikastaroaren zuzendariak, euskal dantzak euskal diasporako gazteekin loturak estutu eta euskal kultura sustatzeko tresna oso baliagarritzat definitu ditu. Euskal kulturara hurbildu eta euskal gazteekin harreman sarea josteko tresna bikainak dira euskal kultura eta euskal dantza. Beraz, bi komunitateak saretzeko eta euskal kultura sustatzeko aukera bikaina eskaintzen du gorputz hizkuntzak.

Ateak Ireki egitasmoak diasporako gazteen eta Euskal Herriko gazteen arteko harremanak sendotzen laguntzea du helburu. Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako gazteek euskal dantza eskolen eskaintza indartzeko interesa agertu zuten. Izan ere haientzat euskal dantza beraien euskal nortasunaren adierazlerik garrantzitsuenetakoa da. Eskaera horri, eta dantzak gazteen formazioan dituen onurak eta euskal kulturara sartzeko eskaintzen dituen aukerak aintzat hartuta antolatu da berriz ere Uda Ikastaro hau.

Ikastaroan alde teorikoa eta alde praktikoa jorratuko dira eta ingelesa eta euskara erabiliko dira nagusiki. Euskal dantzaren alorreko irakasle adituek eskainiko dituzte saio nagusiak eta dantzak euskal festa baten testuinguru erritualean bizitzeko aukera ere emango die.

Azken miliako logistika

Adur Ugartemendia, Beasaingo Udaleko Lurraldea saileko buruak eta “Azken miliako logistika, lehen mailako erronka” ikastaroko zuzendariak, irailaren 11an burutuko den ikastaroaren nondik norakoak azaldu ditu.

Bere esanetan, merkataritza elektronikoaren gorakada izugarria izaten ari da azken urteetan: 2008an estatuko erosketa guztien %9,6 izatetik, 2022an %25,3 izatera pasa da eta aurreikuspen desberdinen arabera, 2026rako %10 gehiago haziko da. Honek jada inpaktu negatiboa du tokiko ekonomian, hirietako bide-segurtasunean eta aire kalitatean sortzen duen trafiko gehigarriarengatik.

Hirien barne banaketa prozesuak eraginkorragoak bilakatu eta gure espazio publikoan zein ingurumenean logistikak duen inpaktu negatiboa modu antolatu batean murrizteko, orokorrean ditugun kontsumo ohiturak aldatzeaz gain, azken miliako logistika plataforma digital iraultzaileak, ibilgailu deskarbonizatuak eta locker adimentsuak bezalako tresnak aktibatu beharko dira datozen urteetan. Ikastaro hau, Unibertsitateko ikasle, irakasle eta orokorrean, mugikortasun zein logistikako profesionalei zuzendua dago. Bertan, EIT Urban Mobility, GERTEK eta BAX - Urban Mobility erakundeetako adituak izango dira. Aldi berean, etorkizuneko hiri-logistikarako eredu berriak martxan jartzen ari diren hiru adibide aurkeztuko dira Vitoria-Gasteiz Mobility Lab, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Kluster zein BasqueCCAM zentruko ordezkarien eskutik.