Ana Mª Vicedo: “Gero eta auzi klimatiko gehiago dago, bai eta zientziaren eta esparru juridikoen arteko komunikazio-zubi askoz gehiago ere”
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak KlimaSeniorinnen Schweiz kolektiboaren —65 urtetik gorako emakume suitzarrek osatzen dute— aldeko epaia eman zuen 2024an, Suitzako Estatuaren aurkako auzian. Klima-aldaketaren aurkako borrokan ekintzarik eza leporatu zioten estatuari. Kolektiboak argudiatu zuen Suitzako gobernuak ez duela neurri nahikorik hartu klima-aldaketa arintzeko, eta, hala, adineko emakumeen giza eskubideak urratu dituela, talde hori bereziki kaltebera baita bero-boladen aurrean.
Justiziarako bidea neketsua eta luzea izan zen. Kolektiboa 2016ko abuztuan sortu zen. 2016 eta 2017 artean, kexak aurkeztu zituzten Suitzako administrazio-maila desberdinetan, baina guztiak ezetsi zituzten. Ondoren, 2017 eta 2019 artean, salaketa bat aurkeztu zuten Administrazio Auzitegian eta Auzitegi Gorenean, eta horiek ere ezetsi egin zituzten. Ezespen horien aurrean, 2021ean, demanda Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko erabakia hartu zuten. Demanda Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Sala Handira eraman zen 2022ko apirilean, eta entzunaldia 2023ko martxoan izan zen.
Auzi horretan, funtsezko elementua izan ziren klima-aldaketak osasunean duen eraginari buruzko ebidentzia zientifikoak. Ana María Vicedo Cabrera ingurumen-epidemiologoak eta Bernako Unibertsitateko irakasleak “hirugarrenen esku-hartzea” gidatu zuen, beste ikertzaile batzuekin batera. Mekanismo juridiko horrekin, adituek kasurako garrantzitsuak diren ebidentzia zientifikoak laburbiltzen dituzten dokumentu objektiboak prestatu eta Gortera bidal ditzakete.
Ana Mª Vicendok Donostia Sustainability Forum-en emandako hitzaldian azaldu zuenez, ebidentzien ardatza izan zen klima-aldaketa nola ari den muturreko gertaerak areagotzen, nola ari den errekorrak hausten, adibidez, Europako udako tenperaturen kasuan. Vicedoren taldeak modeloak erabili zituen egoeraren larritasuna erakusteko. Muturreko bero gertaerak —adibidez, Pariseko 2003ko bero-bolada— ezohikoak ziren lehen, baina gaur egungo kliman hiru aldiz gehiago gertatzen dira. Etorkizunean, industriaurreko garaiarekin alderatuta 1,5°C edo 2°C gehiago ditugunean, gertaerok ohiko bihurtuko dira.
Hiltzaile isila
Beroa “hiltzaile isila” da, esan zuen Vicedok, eta haren ondorioak deshidrataziotik edo bero-kolpetik haratago doaz. Tenperatura altuak bereziki arriskutsuak dira aurretiaz patologiak dituzten adinekoentzat; izan ere, lehendik dituzten gaixotasunak okertu, eta ospitaleratzeak edo heriotzak eragiten ditu infartuen, iskemien edo arnas gutxiegitasunaren ondorioz. Iradoki da emakumeak beroarekiko kalteberagoak direla, batez ere adinekoak, menopausiarekin lotutako aldaketa fisiologikoek tenperatura kontrolatzeko gaitasuna mugatzen dutelako eta emakumeek jarduera fisiko handiagoa izaten dutelako, etxeko lanez eta zaintzaz arduratzen baitira.
Auzi klimatikoa irabazteko, kausa-kate osoa zirriborratu behar da: giza jardueratik eratorritako berotegi-efektuko gasen emisioetatik hasi eta berotze globaleraino, muturreko gertaeretaraino eta, azkenik, osasunaren gaineko eragin espezifikoetaraino. Mundu mailan, azken hiru hamarkadetan beroak eragin dituen heriotzen % 37 klima-aldaketa antropogenoagatik izan direla kalkulatzen da.
Suitzako kasurako funtsezko ebidentzia 2022ko udan Suitzan beroagatik izandako heriotza-tasari buruzko azterlan batetik atera zen. Azterlana Bernako Unibertsitateko ikerketa-taldeak egin zuen; bertako kide da Ana Mª Vicedo. Azterlanaren arabera, beroaren ondoriozko hiru aldiz heriotza gehiago izan ziren uda hartan, eta heriotza horien %60 prebenitu zitezkeen klima-aldaketarik ez balego. Ana Mª Vicedok jakinarazi zuenez, alderdi garrantzitsuena izan zen 65 urtetik gorako emakumeek jasan zituztela heriotza horien % 60. Zifra horiek funtsezkoak izan ziren Gortean.
Epai historikoa
2024ko apirilean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaia eman zuen. Bertan adierazi zuen ebidentzia argiak zeudela Suitzako Estatuak emakume talde horren giza eskubideak urratu zituela pentsatzeko. Arintze-politika anbiziotsuagoak ezartzeko eskatu zion Gorteak Suitzako gobernuari. Lehen aldia da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak estatu bat klima-aldaketaren aurrean ekintzarik ezagatik kondenatu duena, giza eskubideen urraketan oinarrituta.
Nahiz eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez duen gaitasun juridiko zuzenik Suitzaren barruan, epaiak eragin sinboliko handia izan zuen, eta, Ana Mª Vicedoren hitzetan, “lotsa nazionala” da, Suitzako auzitegiek demanda ezetsi baitzuten aldez aurretik.
Epaiaren ostean, Europako Kontseiluak jarraitu du prozesua. Suitzak berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeko helburua betetzeko plan bat aurkeztu behar zuen. Hasiera batean, Suitzako Gobernuak bere jarrera defendatzen zuen dokumentu bat aurkeztu zuen, baina atzera bota zuten. Geroago, plan berri bat bidali, eta, askorentzat harrigarria izan arren, Europako Kontseiluak onartu egin zuen.
Epidemiologoak azaldu zuenez, plan hori onartzeak kritikak eragin zituen; izan ere, emakumeen abokatuaren arabera, nazioarteko ikerketek ezarritakoez bestelako erreferentzia-balioak eta zenbakiak erabili zituen Suitzako gobernuak. Batzordearen argi berdeak prozesuaren garrantzia deuseztatzen ez badu ere, desengainua izan zen, eta borrokan jarraitzen dute plan hori nahikoa ez dela argudiatzeko.
Lankidetza zientziaren eta lege-esparruaren artean
Suitzaren aurkako epai historikoak aurrekari esanguratsua ezarri du, eta etorkizuneko lege-ekintzetarako katalizatzaile izan da. Hizlariak ziurtatu zuenez, “ikusten ari gara gero eta auzi klimatiko gehiago dagoela”. Epidemiologiaren bidez, emisioak muturreko gertakariekin eta, azkenik, “osasunaren gaineko inpaktuekin” (esaterako, beroak eragindako heriotzak) lotzen dituen “kausa-katea” ezar daiteke. Oso argudio indartsua da hori etorkizunerako.
KlimaSeniorinnen auziak agerian utzi du zientziaren eta esparru juridikoaren arteko komunikazio-zubiak indartzeko premia. Adituek, modu objektiboan jardunda, erabakitzaileek ebazpen informatuak hartzeko behar dituzten ebidentziarik berrienak eta sendoenak eman ditzakete. “Ez gara ekintzaileak. Prozesuaren barruko adituak gara. Zeuden ebidentzietan oinarritutako dokumentuak eman genituen”.
Ana Mª Vicedoren arabera, “ikusten ari gara gero eta auzi klimatiko gehiago dagoela eta, batez ere, zientziaren eta esparru juridikoen arteko komunikazio-zubi askoz gehiago dagoela”. Auzi klimatikoak irabazteak, Suitzako adineko emakumeek irabazi zuten bezala, erakusten du zientzia, epidemiologia eta zuzenbidea bateratu egin daitezkeela guztion ongia helburu duten arintze-politika anbiziotsuagoak eta eraginkorragoak sortzeko.