Berri guztiak

"Irakasteko Ikasten" eta "Bizitzaren Bidaia" programak aurkeztu ditugu

Berrikas dezagun

«Berrikas» eslogana ez dugu aukeratu, ez ustekabean, ez bat-batean. Ikasi, horixe egin dugu Uda Ikastaroek bete dituzten 40 urte hauetan; alabaina, joan den udako erreakzio ikaskuntza esperientziaren ondoren, non COVIDak hilabete luzez prestatutako guztia hankaz gora jarri, eta osasun egoerara egokitutako formatu berriekin egitarau osoa berregin baikenuen, ikasi kontzeptuak esanahi berezia hartu du aurtengo edizioan, gaur egungo egoera berri honetan erreferente guztiak lekuz aldatu direlako. Orain arte, gure ezaugarria ezagutza berriak eta gizartearen beharrak islatzea eta abangoardia izatea izan bada ere, aurten, inoiz ez bezala, egitarau bat proposatzen dugu, non gure maisuek gogoeta egingo duten eta irakaskuntzaren gako berrietan prestatu ahal izango diren, pandemia eta postpandemia garai hauetan.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekiko lankidetza etengabea izan da, UPV/EHUko Uda Ikastaroak martxan jarri zirenetik. Lankidetza hori hainbat ikastarotan zehazten da, hala nola “Erakusten ikastera” orientatutako ikastaroak, eta “Prest Gara” ikastaroak, unibertsitate ez unibertsitarioen etengabeko prestakuntzari begira. Lankidetza hitzarmen horrek aurreikusten ditu ere gizartearen Zientzia eta Teknologia sustatzeko jarduerak, horiek Hezkuntza Sailak gidatzen duten Euskadi STEAM estrategiarekin lerrokatuta. Horren erakusle ditugu “Teoriatik praktikara. Nola inplementatu STEAM hezkuntza ikasgelan?” eta “STEAM eta XXI. mendeeko Artearen Berrikuntza: sortu zure ikaskideekin artelanak” ikastaroak; izan ere, STEAM hizkuntza formalek ideia horiek balio artistiko duten artefaktuetan eraldatzeko aukera ematen digute. Prestakuntza eskaintza horretan ikasleek Eusko Jaurlaritzaren homologazioa dute.

Uda Ikastaroen beste hezkuntza proposamen batzuek Nafarroako Gobernuaren homologazioa dute.

Hezkuntzaz gainera, iraunkortasunak, nola ingurumenarenak, hala ekonomia eta gizartearenak, tarte bat hartu du ere uda honetako programazioan, 7 erronkaren inguruan antolatutako 44 jarduerarekin. Hezkuntza, zahartzea, iraunkortasuna, pandemia, gobernantza, generoa eta euskal kultura dira edizio honen ardatzak, eta hezkuntza da gainerako guztiaren abiapuntua.

Europako Green Deal berria eta Next Generation berreskuratze planak gure ikasgela fisiko eta birtualetan agertu dira, bai eta haiekin batera datozen apustuak ere: deskarbonizazio estrategiak, hidrogenoarenak, ekonomiaren digitalizazioa eta finantzaketa arduratsua, eta apustu berriak, ASG izenekoak.

Kogobernantza forma berriak, bertatik bertako esperientziekin, hala nola Gipuzkoan lantzen ari direnak; genero hesien eta haien askotariko bertsioen aurkako borroka etengabea; medikuntzaren aurrerapenak; pandemian ikasitako lezioak. Horiek guztiak ere programazioaren parte dira, eta horren ardatzetako bat zehartzea da. Beharrezkoak diren zainketak, ongi zahartzeko espazioak eta inguruneak, zentro geriatrikoak eta haietan ezinbestekoak diren aldaketak, belaunaldien arteko ituna… orotara 10 ikastaro proposatzen dira aurtengo udan.

Euskal kulturak, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan beti presente egon denak, bi erreferente ditu oraingoan: Cristina Iglesias, haren azken Hondalea obraren inguruan “Kostalde Harritsua: Geologia, Ekologia, Eskultura” izenburupean antolatutako nazioarteko sinposioarekin, eta Eduardo Txillida, haren izena daraman eta irauteko sortu berri den eskolarekin.

Uda Ikastaroek Irizar izan dute bidaide azken 16 urteetan. Gizarte osoari eskainitako topaketa horien oinarrian gizarteari, psikologiari eta kulturari lotutako jakin-minak ditugu. Irizarretik, hitzorduari kale egin gabe, Roberto Iñiguez de Onsoño izango dugu gure artean (ikus erantsitako oharra “Bizitzaren bidaia” egitasmoren egitaraua).