Berri guztiak

Igor Ahedo: “TopaGune bezalako dinamikek jakintzen zirkulazioa ahalbidetzen dute”

UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak paper garrantzitsua jokatu du Uda Ikastaroetan parte hartze metodologiak praktikan jartzerakoan. Zientzia Politikoetan doktorea eta UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia den Igor Ahedoren aburuz “Uda Ikastaroek horizontaltasun handiagoa ematen diote unibertsitateak gizartearekiko duen zereginari, eta, alde horretatik, parte hartzeko dinamikak baliatzean, Uda Ikastaroetako ikasleak ezagutza-hartzaile izateaz gain ezagutza-sortzaile bilakatzen dira“.

Igor Ahedo

Zergatik animatu antolatzaileak ikastaroak parte-hartze metodologiaren bidez egitera? 

Unibertsitatearen funtzio garrantzitsuenetakoa lur hartu eta gizarteari zerbitzu bat eskaintzea da. Alde horretatik, Uda Ikastaroak kristalezko jauregietatik lurrera jaisteko aukera paregabeak dira. Uda Ikastaroetan, hain zuzen, askotariko profilak topa daitezke eta lan eremuko profesionalei, elkarteetako kideei eta herritarrei urtean zehar unibertsitateak jorratzen dituen ezagutzak lantzeko aukera ematen zaie.
Uda Ikastaroek horizontaltasun handiagoa ematen diote unibertsitateak gizartearekiko duen zereginari, eta, alde horretatik, parte-hartze dinamikak erabiltzean, Uda Ikastaroetako ikasleak ezagutza-hartzaile izateaz gain ezagutza-sortzaile izateko dinamikak txertatzea oso interesgarria izan daiteke.
Azken finean jakintzak ikuspegi asko ditu: bizipenezkoak, profesionalak, teknikoak eta jakintza akademikoak daude. TopaGune bezalako dinamikek jakintzen zirkulazioa ahalbidetzen dute. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan Parte Hartuz programan dugun esperientzian, urte batzuk daramatzagu komunitatearen garapenaren eta ekintza komunitarioaren arloan lanean, eta horrek aukera eman digu gure ezagutza herritarren, teknikarien, politikarien eta sektore profesionaleko kideen jakintzekin indartzeko.

Zer ezaugarri dituzte metodologia horiek?

Dinamika horizontalago horiek ezagutzaren zirkulazio handiagoa ahalbidetzen dute, eta nolabaiteko apaltasuna ahalbidetzen dute, egoera ezberdinengatik -presa, prekarietatea edo baliabide ekonomikorik ez izatea- eskuratu ezin dugun jakintza baliatzeko. Ezagutzarekiko apaltasun horrek eremu zehatzetan lanean ari garenoi, parte-hartzearen arloan dihardugun ikerketa-taldeari, adibidez, gizarte-mugimenduetan ari diren pertsonekin edo udal-zerbitzu teknikoetan parte hartze edo garapen komunitarioko prozesuak bultzatzen ari diren pertsonekin aurrez aurre lanean aritzeko aukera ematen digu. Eta, apaltasunaz ari naiz, unibertsitateko ikerketak batzuetan errealitateari aurre egin behar izaten dioelako.

Baina, bestetik, uste dut, apaltasunaz gain, dinamika mota hauek unibertsitateko ezagutza gradu bat egiteko denborarik ez duten edo lanean ari diren eta trebatzeko beharra duten pertsonengana iristea ahalbidetzen dutela eta harro egoteko modukoa dela. Garai honetan joera goi-mailako hezkuntza gizartean integratzea dela uste dut. Unibertsitatearen gizarte-erantzukizuna gizartearekin lan egitea da, hain zuzen, eta Uda Ikastaroetan parte-hartze eta lankidetza-gogoeta dinamikak sartzea abantaila handia da guztiontzat.

Zer aholku emango zenieke metodologia hauek aplikatu nahi dituzten zuzendariei?

Egia da goitik beherako formatu tradizionala errazagoa dela. Zalantzarik gabe, gauzak ondo diseinatu behar dituzu, batez ere parte-hartze dinamika ororen oinarrizko printzipioa lan egiten duzun pertsonenganako errespetua delako. Pertsona horiek ezagutza ematen dizute eta eskaintzen ari zaizkizun denbora eta ahalegin hori errespetatu behar dituzu.
Beste zati garrantzitsu bat itzulketa da, eta niretzat garrantzitsua da lantegi horiek irabazle bakar bat ez izatea, denok irabazle ateratzea baizik.

Zein izan da zure esperientzia zentzu honetan. Zein aldaketa edo hobekuntza nabaritu dituzu?

Lehenengo Uda Ikastaroan hasi zen guztia, parte-hartze teknikari batek erakundeetako ordezkariei Gipuzkoarako ekintza komunitariorako esparru bat definitzeko erantzukizuna planteatu zienean. Uda Ikastaro horretatik eta jendeak parte hartu ahal izan zuen dinamika parte-hartzaile batetik abiatuta, diagnostiko bat egin eta baloratu ahal izan zuen. Prozesu bat sortu zen, eta horren emaitza izan da politika publiko bat definitu dela, adostua, eta hori unibertsitatean landu dugula, eta, gero, beste Uda Ikastaro batzuetan markoaren definizio hori lurreratu eta hobetu egin dela.
Interesgarria izango litzateke sektore publikoak eta erakunde publikoek zein lankide diren elkarte, talde eta enpresek horrelako ekimenek erraztatzaile adituen laguntza, dirua eta denbora behar dutela jabetzea eta, ondorioz, baldintza horiek betetzen direnean, parte hartzen duen pertsonekin errespetuz lan egin daitekeela ulertzea.