Encuentro Cultura Comunicación y Desarrollo 2021: "Cultura, Patrimonio y Desarrollo Sostenible”

24.Mai - 26.Mai

Kod. K02-21

Erabilgarritasuna kalkulatzen...

Itxarote zerrenda
Data gaindituta

Uda Ikastaroa aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez. Matrikula prozesuan nola parte hartuko duzun aukeratu: aurrez-aurre edota online zuzenean.

Kulturari, Komunikazioari eta Garapenari buruzko 2021 Topaketa honen gaia Kultura, Ondarea eta Garapen Jasangarria da, eta Kubako, Senegalgo eta Euskadiko esperientzietan oinarrituko da batik bat. Zehazkiago, 2021erako programatutako topaketa honen ardatz tematikoak izango dira garapen jasangarria eta garapenerako egitasmo jasangarriak, diziplina soziokultural desberdin batetik (hala nola kultura ondarea). Ardatz horien inguruan, ingurumena errespetatzen duten agente eraldatzaileak bildu eta lankidetza sareak sortuko dituzte.

KCD GGKEak apustu egingo du berriz Garapen Jasangarrirako Agendaren alde, 17 GJHetakoren bat garatzen jarraitzeko, aintzat harturik CpTS kultura prozesuak sustatzeak hura betetzeko ematen dituen aukerak. Jasangarritasuna izango da ardatz tematiko bat.

Kulturari, Komunikazioari eta Garapenari buruzko Topaketaren xedea da Garapenerako Lankidetzarekin lotutako ezagutzak, esperientziak eta gaitasunak zabaltzea, Giza Garapen Zuzen eta Jasangarri bat erdiesteko hobekuntza proposamenen bidez.

Aurtengo topaketaren ardatz tematikoa izango dira garapenerako ekimen jasangarriak, Kultura Ondarearen diziplina soziokulturaletik.

Kuba:

Kubari dagokionez, OHCHren (Oficina del Historiador de la Ciudad de La Habana) esperientzia ezagutuko dugu. Erakunde horren lan eredua oinarritzen da kultura eta gizarte garapen jasangarriaren printzipioetan, eta komunitateak berak parte hartzen du zuzenean, bai Habana Zaharraren (Habana Vieja) kasuan bai herrialde osoan barreiatuta dauden bulegoen (Oficinas del Historiador) sarearen kasuan. Giza garapena da plan horien guztien erdigunea.

Plan Maestro delakoa da OHCHren bulegoaren ibilbide orria. Plan horren xedea da Habanako hirigune historikoaren eraberritzea eta garapen integral eta jasangarria. Bost zutabe nagusi ditu:

  • Nazio identitatea babestea kulturaren ikerketa, sustapen eta garapenaren bidez.
  • Oinordetzan jasotako ondarea babestea, lurraldea birgaituz Garapen Integraleko Plan Berezi baten bidez (plan jarraitua eta lege indarra izango duena). Plan hori nabigazio karta moduko bat da, kudeaketa parte hartzailea eta plangintza tresnak bateratzen dituena, eraginkortasuna emateko prozesu osoari.
  • Tokiko biztanleriaren desplazamendua saihestea, herritar horiek tertziarizazioaren inpaktutik babestuz, dentsitate eta bizi kalitate egokiak ezarrita.
  • Azpiegitura teknikoz eta oinarrizko zerbitzuez hornitzea lurraldea, gaur egungo premien arabera funtzionatzeko modua izan dezan.
  • Garapen integral autofinantzatu bat lortzea, berreskuragarria eta produktiboa egingo duena ondarean eginiko inbertsioa.

OHCH ez da arduratzen soilik eraikinak birgaitzeaz, eta Habana Zaharreko biztanleen eta hiri osoaren inplikazioa lortzen saiatzen da. Birgaitutako eraikinen adibideak dira Segundo Cabo Museoa, Plaza Zaharraren eraberritzea, Kapitolioa, etab.

Aipatzekoa da ere a+ egitasmoa (Centro a+ Espacios Adolescentes), Habana Zaharreko nerabeen garapen sozial eta parte hartzailerako proiektutik sortua. Sozializazioa eta xede hezitzailea duen gozamena sustatzen dituen zentro bat da. Eskulan tailerren, musikaren, arte plastikoen, dantzaren, zientziaren, komunikazioaren eta teknologia berrien bitartez, ondarea ardatz harturik, gazteek eta nerabeek adierazpideak aurkitzen dituzte, beren beharren arabera.

Azkenik, Habana 500: espacios creativos egitasmoaren helburua da Habanako Hirigune Historikoaren eta herrialdearen hiri garapena eta garapen sozioekonomikoa bultzatzea, ekonomia kreatiboaren eta Habanan lan egiten duten kultur munduko agenteen gaitasunen sendotzearen bidez.

Euskadi:

Ondarearen kontzeptua eta haren zaintza –ondare materiala nahiz immateriala– nahiko modernoak dira, eta etengabe ari dira garatzen. UPV/EHUko Arkitektura GETek 10 urte daramatza ikasleak ondareari eta haren kudeaketari buruzko gaietan trebatzen, gradu, master edo graduondoko ikasketetan. Ikuspegi material eta zehatzenetik hasi –hala nola eraikitako ondarea–, paisaia baten barruko ondare materialaren eta haren balio ekonomiko eta sozialaren ideia zabalagoraino. Ondarea zentzu zabalean ulertuta, eraikinak, paisaiak eta, batez ere, pertsonak barne harturik: bai ohiko erabiltzaileak diren pertsonak, bai eremu horietako biztanleak, bai unean uneko bisitariak. Turismoaren ikuspegitik, ondarearen kontserbazioak eta haren ustiapenak zailtasunak, erronkak eta arriskuak ditu. EAEn, arlo horretan inplikatutako eragileek, erakundeek, erabiltzaileek, jabeek, hezkuntza eragileek eta ondare espezialistek parte hartzen dute. Eragile guztien partaidetza eta ondarearen diziplinarteko irakurketa funtsezkotzat hartzen dira proiektuak hobeto planifikatzeko eta haien etorkizuneko jasangarritasuna bermatzeko.

Beraz, Euskadik topaketan izango duen parte hartzearen ardatz tematiko nagusia izango da herritarren partaidetza landa eta hiri eremuetako ondarea zaintzeko eta balioesteko proiektuetan, kontuan izanik hainbat ikuspuntu eta diziplina; hala nola arkitektura, paisajismoa, antropologia, soziologia, etab.

Senegal:

Azkenik, Hahatay, son risas de Gandiol Senegalgo GGKEak aztergai izango ditu Gandiol udalerrian (Senegalgo iparraldea) tokiko materialekin eta material birziklatuekin eginiko eraikuntzen tokiko esperientziak, partaidetzan oinarritutako lan ikuspegi batetik: bertako herritarrek egitasmo honen hasieratik parte hartu dute kulturgune bat eta irrati komunitario bat eraikitzeko lanetan. Hori horrela, herritarrek hitza eta botoa izan dituzte eraikin komunitarioak diseinatzeko eta eraikitzeko orduan, eta prozesu hori aprobetxatu da pertsona horiek trebatzeko, hainbat lanbide, eraikuntza ekologikoko modalitate alternatibo eta teknika jasangarritan.

Gainera, topaketan izango dira ere Saint Louis hiriko (Senegalgo iparraldea) erakunde publikoak. "Afrikako Venezia" izenez ere ezagutzen den hiri hori frantziar kolonoek sortu zuten XVII. mendean, XIX. mendearen erdialdean urbanizatu zen, eta haren erdigunea uharte mehar batean dago. Saint Louis Senegalgo hiriburua izan zen 1872tik 1957ra, eta rol kultural eta ekonomiko garrantzitsua izan zuen Mendebaldeko Afrika osoan. Nabarmentzekoa da hiri kolonial hau Gizateriaren Ondarea dela 2000az geroztik. Hala eta guztiz ere, azken urteetan jasaten ari den narriadura dela eta, 2010etik UNESCOren "arriskuan" dagoen Ondarearen zerrendan sartzeko mehatxupean dago.

Helburuak

Kulturaren, Ondarearen eta Garapen Jasangarriaren arloan diharduten Kubako, Senegalgo eta Euskadiko eragileen gaitasunak indartzea toki ikuspegi eta ikuspegi global batetik.

Kulturaren, Ondarearen eta Garapen Jasangarriaren arloan diharduten Kubako, Senegalgo eta Euskadiko erakundeen eta pertsonen sareak sortzea.

Erakunde horien begirada eta esperientzia hurbiltzea EAEn bizi diren herritarrei, eta kultura eta ondare arloko estrategiei eta esperientziei buruzko eztabaida gune bateratu bat proposatzea.

Euskal gizarteak tokiko errealitateak eta errealitate globalak, eta haien arteko interkonexioa, modu kritikoan interpretatzeko duen gaitasuna ahalbidetzea eta biderkatzea: beren jatorriko testuinguruetan bizi diren errealitateak eta sustatzen diren gizarte eraldaketako esperientziak, zuzeneko testigantzen edo sorkuntza audiobisuala eta artistikoa ahalbidetzen duten istorio erreal edo fikzionatuen bidez. Kulturari eta Gizartea Eraldatzeko Komunikazioari lotutako Hegoalde globaleko kolektiboen aliantzak eta parte hartzea funtsezkoak eta estrategikoak dira topaketa honetarako.

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikasleak
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak
  • Publiko orokorra

Kolaboratzaileak

  • Agencias Vasca de Cooperación al Desarrollo (AVCD)
  • Ayuntamiento de Bilbao
  • DSF
  • Aurrez aurre eta online zuzenean ikastaroa
    • Artea eta Kultura
    • Generoa
    • Gizartea
    • Iraunkortasuna
    • Ingurumen-komunikazioa eta hezkuntza
  • 24.Mai - 26.Mai
  • Bizkaia Aretoa-UPV/EHU
  • Gaztelera
  • Balio akademikoa: 30 ordu