Toutes les nouvelles

Erantzun penalak ez du soilik zigorra izan behar; pertsona gizartean berreskuratzen saiatu behar da, desozializazioa saihestuz

Euskadin, espetxeetako biztanleriaren %30 inguru erdi askatasunean dago hirugarren graduan. Isabel Germán, Kriminologiaren Euskal Institutuko (IVAC-KREI) ikertzaile doktoreak, Euskadin hirugarren gradua betetzeko dauden zailtasunei eta arazoei buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu.

Uztailaren 17an eta 18an, Miramar Jauregian “Los programas especializados de tratamiento de prisión como herramienta fundamental de reinserción social” izeneko Uda Ikastaroa aurrera eraman zen. Ikastaro honetan, Isabel Germanek KREIak burututako ikerketan lortutako emaitzak interpretatu eta azaldu zituen.

Zertan datza espetxeetako hirugarren gradua?

Espetxe-sisteman, zigorra betetzen duten pertsonak sailkatu egiten dira. Lehen gradua itxiena da; oso kontaktu gutxi dago preso dagoen pertsonarekin, eta –normalean– espetxean sartu ahala eta kasu oso zehatz batzuetarako izaten da. Bigarren gradua erregimen arrunta da; denok espetxe barruan dagoen pertsona bati buruz dugun ideia da. Pertsona hori espetxe-erregimenaren mende egongo da, eta ordutegi, zeregin eta abar batzuk izango ditu. Erregimenarekin batera, espetxe tratamendua ere hor dago, borondatezkoa dena. Zigortutako pertsonak aurrerapenak egiten baditu eta espetxe barruko tratamendu espezializatuei erantzuten badie, hirugarren graduan sailkatuko da.

Gure sailkapen-sistema oso malgua da; beraz, pertsona hori zuzenean hirugarren graduan sailkatu daiteke. Hau da, ez da derrigorrezkoa gradu guztiak betetzea. Hirugarren graduari erdi-askatasun erregimena deitzen zaio. Horrek esan nahi du pertsonak kondena betetzen jarraitzen duela, baina ordu batzuk bakarrik emango dituela espetxean edo beste unitate batzuetan. Normalean pertsona zentrora joan ohi da gaua igarotzera, baina pisu batera ere joan daiteke, non kontrolatuta egongo den, arau batzuk bete behar dituen eta askotan bete beharko dituen baldintza batzuk jartzen diren. Adibidez, nahasmendu adiktiboa duen eta drogazalea den pertsona batek, inposatutako ordutegian azaltzeaz gain, tratamendua egin behar du.

Zein da egungo egoera Euskadin? Zein dira estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako egoerarekiko ezberdintasun nagusiak?

Guk ikerketa bat egin dugu Kriminologiaren Euskal Institutuan, eta Europako testuinguruan egindako analisiak eta azterketak eskura izan ditugu. Beste herrialde batzuek ere graduetako sailkapena badute, eta behar baino lehenagoko askatasunaren irudi eta eredu oso antzekoak dituzte; agian, baldintzak ez dira berdin-berdin deitzen, baina baloratzeko balio digute.

Hemen, Euskadin, gaur egun hirugarren gradu horretako erdi‑askatasunean dauden pertsonen kopurua espetxeetako biztanleriaren %30 ingurukoa da. Estatu mailan kopuru hori txikiagoa da. Gizonezkoak edo emakumezkoak diren, %20 ingurukoa izan daiteke.

Zergatik dugu guk jende kopuru handiagoa hirugarren graduan? Ez dago arrazoi bakarra, baina hemen gertatzen dena da oso baliabide onak ditugula. Espetxe barruan, pertsona horiek tratamendu espezializatuak jaso ditzakete, eta horrek aurrera egiten lagunduko die. Espetxetik kanpo ere baditugu hirugarren sektoreko baliabideak, eta badakigu hirugarren graduak eskatzen duen akonpainamendua eta gainbegiratzea erraztuko dituela. Gainera, espetxe zaintzako epaitegiak babesa ematen die normalean espetxe barruan hartzen diren erabakiei. Kultura kontu bati buruz ere ari gara; beharbada, hemen kontzientzia handiagoa dago erantzun penalak ez duela soilik zigorra izan behar, zigortzeagatik zigortzea, baizik eta pertsona gizartearentzako berreskuratzen saiatzea. Hori denoi interesatu beharko litzaiguke.

Askotan ikus dezakegu espetxe‑zigorraren helburua –Konstituzioaren arabera– berreziketa eta birgizarteratzea izan arren, askotan birsozializazioa oso konplexua dela. Batez ere, birgizarteratzeko ibilbide oso konplikatua duten pertsonengan, helburua ez desozializatzea izan beharko litzateke.

Zein faktorek dute eragin negatiboa birgizarteratzean?

Ikerketan birgizarteratzerako orduan arazo eta zailtasunetan eragingo duten hainbat faktore antzeman ditugu. Ikerketa honetan datu ofizialak aztertu ditugu, baina elkarrizketa sakonak ere egin ditugu, hain zuzen ere, hirugarren graduko akonpainamenduan lan egiten duten pertsonekin. Kasu horiekin lotura duten legelariei ere elkarrizketak egin dizkiegu. Adierazi zutenaren arabera, pertsona batek birgizarteratze hori helburu izan behar badu, oso zaila da bat-batean egitea. Espetxean eremu itxi batean nago, oso arau zorrotzekin, egin behar dudan guztia esaten didan erregimen batekin, eta, bat-batean, gizartera ateratzen naiz, estigma oso garrantzitsu batekin. Hirugarren graduak pertsona hau kontrolatzeko aukera emango digu; hain konplexua den birgizarteratze prozesuan pertsona hori laguntzea ahalbidetuko digu.

Horregatik, positibotzat jotzen da hirugarren graduko akonpainamendu hori batzuetan luzeagoa izatea, etapa hori amaitu ahal izateko. Elkarrizketatutako profesional guztiak bat zetozen hirugarren graduaren garrantzian. Birgizarteratzeko arrisku-faktore gisa aipatu zuten hirugarren gradua oso epe laburrekoa izatea, ez duelako nahi adina gauza lantzeko denborarik ematen.

Maila pertsonalean, egoera mailan eta egitura mailan ere arrisku faktoreak antzeman dira. Pertsonalak, adibidez, adikzioak, drogen kontsumo oso problematikoak edo osasun mentaleko nahasmenduak edo arazoak izan daitezke. Egoera mailako faktoreak hauek izan daitezke: familia oso desegituratuetan jatorria izatea, delinkuentziako testuingurua (lagun delitugileak izatea, adibidez), pobrezia, egoera prekarioak eta abar. Egoera faktoreak dira, nahiz eta egiturazko osagai oso garrantzitsua duten. Egiturazko faktoreen artean, espetxean egon izanak dakarren estigma edo denok ditugun beste batzuek (etxebizitza lortzea, adibidez) daude. Aldea da kasu horietan larriagotu egiten dela. Faktore horietako batzuek gradu erregresioa eragin dezakete.

Zein dira gradu erregresioaren arrazoi ohikoenak?

Zenbait elementuren ondorioz, pertsonak ez du behar bezala aurrera egiten. Adibidez, zentrora ez itzultzea gaua igarotzera, edo tratamenduren bat jarraitzeko eta drogarik ez kontsumitzeko esan diotenean, horretan jarraitzea. Horrek zerikusia du jende askok itxaropen faltsuak sortzearekin. Hirugarren graduan sartzen direnean libre daudela pentsatzen dute, eta ez da horrela. Zigorra betetzen jarraitzen dute eta ezarrita dauden baldintza eta arauen menpe jarraitzen dute. Batzuetan, kontsumoan berriro erortze horrek arazoetan sartzea ere eragin dezake, eta arazo horiek, batzuetan, delitu gisa agertzen dira (borroka batean sartzea, adibidez). Horrek zigorraren urraketa dakar, baita justizia administrazioaren aurkako beste delitu bat gehitzea ere.

Arazoa da pertsona bat gradu erregresioa jasotzen duenean eta espetxera itzultzen denean, berarekin lan egitea askoz zailagoa dela porrot horrek suposatzen dion frustrazioa hor dagoelako.

Zein ekintza dira beharrezkoak birgizarteratzea eraginkorra izan dadin?

Lehenik eta behin, giza baliabideetan eta baliabide ekonomikoetan modu egonkorrean inbertitzea; ez bakarrik espetxetik, baizik eta barrutik. Izan ere, hor has daiteke birgizarteratze lan horrekin. Ez bakarrik espetxe tratamenduaren bidez, baita kudeaketa konplexu horietan guztietan laguntza emanez ere.

Europa mailan ere arazo bera dago. Hemen eta beste herrialde batzuetan ere errepikatzen den beste arazo bat koordinazio beharra da. Espetxeen, hirugarren sektorearen eta birgizarteratzean lan egiten duten elkarteen arteko koordinazioa.

Oso garrantzitsutzat jotzen zen beste kontu bat estigma sozial hori gainditzeko lan egitea da. Oso lan zaila da, ez baitago hainbeste espetxe barruan eta kanpoan lanean ari diren pertsonen esku; egiturazko arazo oso garrantzitsua da.

Gustatuko litzaidake jende guztiari iristea hirugarren gradua ez dela aske egotea, zigortutako pertsonekin lan egin behar dela eta, azken finean, zer nahi dugun planteatu behar diogula geure buruari. Pertsona horiek berriro deliturik ez egitea nahi badugu, haiekin lan egin beharko dugu. Lan hori burutzeko, delitu berriak egiteko arrisku-faktore horiei guztiei heldu behar diegu, eta oso ondo garatu behar ditugu hirugarren mailako programak.