Juan Manuel de Prada: “Giza adimenak makina batek inoiz errepikatu ezingo dituen ezaugarri asko ditu”
Idazleak nabarmendu du teknologia gure bizitzak kolonizatzen ari dela, eta, gero eta gehiago egiten duen heinean, orduan eta berdinago bilakatuko gaituela. Adimen Artifizialari dagokionez, adierazi du menderatu egin behar dugula, bertan eduki behar dugula, gure zerbitzura, baina ezin dela gure bizitzaren gidari izan.
Juan Manuel de Prada idazleak Uda Ikastaroetan El ser humano no es lógico, y la inteligencia no es artificial izeneko ikastaroan hizlari gisa hartu zuen parte. “Adimen Artifizialaren demoniak” izeneko bere hitzaldian, teknologia berriak gure bizitzan nola gero eta toki handiagoa hartzen ari diren azaldu zuen. Hitzaldian zehar azpimarratu zuenez makina batek inoiz ere berdindu ezin izango dituen hainbat gizaki-ezaugarri ditugu eta gure gaitasunetan gehiago sinetsi behar dugu.
Prada Zuzenbidean lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean eta Filologian doktoretza du Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Gainera, hainbat sari irabazi ditu bere idazlan ezberdinengatik, hala nola, Planeta Saria ("La tempestad"), Espainiako Narratiba Sari Nazionala ("La vida invisible") edo Liburutegi Laburra Saria ("El séptimo velo"), beste batzuen artean. Juan Manuel de Pradak, 2021ean, Gaztela eta Leongo Letren Saria jaso zuen, bere literatur ibilbidearen aitorpen gisa.
Teknologia iritzien homogeneizazioa eta pertsonen gaitasun kritikoaren murrizketa eragiten ari al da?
Nire ustez, ukaezina da teknologiak berdindu egiten gaituela, alegia, uniformizatzera jotzen duela. Zentzu honetan, uste dut teknologiak nolabait gure gizatasunaren aurka egiten duela, gizaki izatearen ezaugarririk sakonenen aurka, hau da, desberdinak izatearen aurka. Gizaki guztiak ezberdinak gara, eta ukaezina da teknologiak giza ezaugarri horren aurka doazen ohitura, portaera eta, adimen artifizialaren kasuan, pentsamenduak, barneratzen dizkigula.
Teknologiaren alor batzuen inguruko aurkako iritzia dudan heinean, jendeak pentsatzen du gizarte preteknologiko batera bueltatzeko ideiaren aldekoa naizela. Hori zentzugabekeria bat da. Nik uste dudana teknologia gure bizitza izurritzen eta kolonizatzen ari dela da. Nik ez daukat ezer telefono mugikorren aurka, baina bai gailu hauek egunean bost edo sei orduz erabiltzearen aurka, izan ere, bost edo sei ordu horiek beste gauza batzuk egiten pasa genitzake, orain dela gutxi arte egiten genituen gauzak. Zentzu horretan, uste dut kontu handia izan behar dugula teknologiarekin. Honekin ez dut esan nahi harengana jo behar ez dugunik, baina, argi dago teknologia makina bat dela eta makina guztiak berdinak direla; beraz, gero eta leku handiagoa izan gure bizitzetan, orduan eta berdinagoak bihurtuko gaitu.
Gizakiaren gaitasun kritikoari dagokionez, esan beharra dago pertsonak gure buruari galderak egiteko jaio garela eta bizitzaren gauza politenetariko bat da, askotan, galdera horiek ez dutela erantzun zehatzik. Nahiz eta milaka buelta eman galderari, ez dugu erantzun zehatzik aurkituko. Adibidez, nora goaz hiltzen garenean? Galdera hau zazpi urte ditugunetik hiltzen garen momentura arte egin diezaiokegu gure buruari, eta ez dugu inoiz erantzun oso bat lortuko, ez dugu inoiz egia absolutua lortuko. Hala ere, galdera hori egite hutsak aberastu egiten gaitu gizaki bezala, erlijioak, filosofia edo antropologia ezagutzera bultzatuko baikaitu.
Galdera guztientzako erantzun automatiko bat lortzeak, ordea, gizaki gisa baliogabetu egiten gaitu. Teknologiak, erantzun horiek ematen dizkigun heinean, munduarekin eta gure bizitza inguratzen duten misterioekin ditugun elkarrizketa horiek izatea eragozten du. Beraz bai, uste dut gure gaitasun kritikoa murrizten duela, konformistagoak egiten gaitu, egoera normal batean eztabaidatuko genukeena onartzea behartzen gaitu. Zentzu horretan, uste dut teknologiak gure gaitasun kritikoa murriztu dezakeela, gure artean izugarri berdinak egin gaitzakeela eta, beraz, gizatasuna kendu; hori amaiera beldurgarria izango litzateke.
Zein ekarpen positibo egiten dizkio Adimen Artifizialak gizakiari eta gizarteari?
Nire ustez, teknologiak egiten duen ekarpen positibo bakarra gizakiaren neurrira eginda dagoenean ematen da. Ernest Friedich Schumacher ekonomilariak Lo pequeño es hermoso izeneko bere liburuan, garapen teknologiko handiko garai baten kontextuan, teknologia gizakira moldatu behar dela dio, eta ez gizakia teknologiara. Bestalde, giza gaitasuna hobetzen duen teknologia oro ona dela, baina gaitasun horiek ordezkatzen edo usurpatzen dituena txarra dela. Orduan, Adimen Artifiziala ona da gu egiteko gai garen guztia modu hobeago batean eskeintzeko balio badu. Aldiz, gure ekarpena beharrezkoa ez izateko balio badu, teknologia txarra da eta, beraz, murriztu egin behar da.
Nire hitzaldian adibide bat jarri dut. Egunkari baten jabearen kasuan, soldatapean 50 kazetari dituena, Adimen Artifizialaren sekulako erabilera egiten badu, 45 kazetari ordezkatu ditzake eta beraien lana AA-k egin dezake. Bost kazetari mantenduko lituzke, AA-k egindako edukia errebisatuko luketeenak eta humanizatu egingo luketeenak. Baina kaleratuak izan diren 45 pertsona horiek sekulako ekarpenak egiteko gai dira, eta zaborretara bidali dituzte. Hori da egin nahi dugun AAren erabilera? Galdera hau egin beharko genioke gure buruari. Nire ustez, AA menderatu egin behar dugu, ez diogu utzi behar gure bizitza kolonizatzen, bertan eduki behar dugu, gure zerbitzura, baina ezin du gure bizitzaren gidari izan.
Jendea kezkatzen duen gauzetako bat ea AA-k lanpostuak ordezkatuko dituen da, zer iritzi duzu honen inguruan? Uste duzu jendearen kezka hori ulergarria dela?
Horretarako daude agintariak. Agintari baten egitekoa bere semeak zaindu behar dituen aita baten antzekoa da, agintariak herritarrak zaindu behar ditu. Beraz, agintariek legeak aldarrikatu behar dituzte, teknologiak gizartearengan dituen eragin negatibo hauen aurka borrokatzeko. Gauza da ez dutela egiten, teknologia maneiatzen dutenen zerbitzupean daudelako, boteretsuen, korporazioen eta nagusitasun plutokratiko mundialaren zerbitzupean. Baina, herriaren zerbitzupean dauden agintari horiek, noski, lanpostuak, gizartea eta giza ekimenak suntsitzen dituen teknologiaren erabilera ikaragarria ekiditen duten legeak aldarrikatzen dituzte; hori da agintarien funtzioa.
Teknologia berriak ez erabiltzeak zerbaitetan mugatzen zaitu teknologia aprobetxatzen dutenekin alderatuta?
Ez. Giza gaitasunak apartekoak direla uste dut. Ez ditugu guztiak esploratzen ezta aprobetxatzen. Gizakiak gaitasun ugari ditu. Bestalde, argi utzi nahi nuke ez naizela teknologiarik erabiltzen ez duen edo Interneten bilaketarik egiten ez duen pertsona bat. Gauza da egunean zehar ordu laurden edo ordu erdi pasatzen dudala horretan, eta ez zortzi ordu, hori da ezberdintasuna.
Nik uste dut giza gaitasunak ezin hobeak eta paregabeak direla. Zentzu honetan, uste dut ona dela teknologiak ematen dituen zerbitzuez baliatzea, baina gure bizitza kolonizatzea onartu gabe. Beraz, nire ustez ez nau mugatzen, guztiz aurkakoa baizik. Adibidez, nire idazketa eskuz izateak berezi egiten du. Irakurle askorentzat zail samarra izan daiteke, baina beste batzuen iritziz idazketa ezberdin bat da, normalean beste idazle batzuek ez duten kutsu formal bat duena.
Zure giza gaitasunetan konfiantza izateak berezi egiten zaitu. Gure gaitasunetan geroz eta gehiago fidatzen bagara, orduan eta pertsonalagoa da gure lana, orduan eta bakarragoa, ekarpen berri eta pertsonal bat egiten dugu, beste edozeinez bereizten dena.
Zertan dira ezberdinak eskuz idazteko eta ordenagailu bidez idazteko esperientziak?
Nik bitan daukat zatituta nire idazketa. Nire sormenezko obra izango litzatekeena eskuz idazten dut; gainera, zorteduna naiz, izan ere, guztia transkribatzen diten pertsona bat daukat, nire aita hain zuzen ere. Eta gero, artikuluak, prentsa kolaborazioak eta horrelakoak ordenagailuz idazten ditut, askotan testuinguru zailetan idaztera behartuta zaudelako. Askotan bidaiatzen ari zaren bitartean idatzi behar duzu; askotan ezusteko artikulu bat idatzi behar duzu ezagutzen zenuen pertsona bat hil delako eta bere inguruko artikulu bat idaztea eskatzen dizutelako; beraz, baldintza zailagoetan idaztea suertatzen da batzuetan. Zentzu honetan, teknologiak gauzak errazten dizkizu, azkarrago idaztea eta artikulua azkarrago bidaltzea ahalbidetzen dizu.
Baina, argi dago idazle ezberdin bat naizela eskuz idazten dudanean eta ordenagailuz idazten dudanean, teknologiak zure idazketa eraldatzen baitu. Bizkorrago idazterakoan zure idazkerak aberastasuna galtzen du, hitzei eta pentsamenduei dagokionez, eskuz idazterakoan motelago idazten duzu eta gehiago pentsatzen duzu idazten ari zarena, pentsamendu gaitasun hori handiagoa da. Gainera, formaltasuna gehiago zaintzen da, hau da, mantsoago idazterakoan hitz egokia aurkitzen duzu, metafora edo adjektibo zuhurragoa. Bestalde, ordenagailuz idazterakoan zure idazkera funtzionalagoa bilakatzen da, inpertsonalagoa.
Zer pentsatzera eraman zaitu ikastaroko izanburuak (El ser humano no es lógico y la inteligencia no es artificial) zure hitzaldia prestatzerako orduan?
Izenburua oso iradokitzailea dela uste dut, oso interesgarria. Bigarren zatiarekin ados nago, inteligentzia ez da artifiziala. Nire hitzaldian azaldu dudan moduan, ezagutzen dugun Inteligentzia Artifiziala datuen kopiaketa bat da, informazioaren pilaketa eta aukeraketa egiten duen prozesu teknologiko bat. Baina hori ez da inteligentzia; giza adimenak makina batek inoiz errepikatu ezingo dituen ezaugarri asko ditu.
Lehenengo zatiarekin, ordea, ez nago hain ados, gizakia logikoa ez izatearekin. Gizakiak bere inteligentziarekin batera sentimenduak eta pasioak dituela ulertzen badugu, argi dago gizakia ez dela soilik adimentsua, sentikorra ere bada. Baina pasioa eta sentimenduak inteligentziaren bidez bridatuta egon daitezke. Orduan, gizakia arrazionala da eta, beraz, bere sentimenduak askatu ditzake, eromenerako bidea izan daitekeena, edo bridatu egin ditzake. Inteligentziarekin bridatutako sentimenduak oso onuragarriak izan daitezke.
Beraz, egia da gizakiak ez garela logikoak, logikoak ez diren erreakzioak izan ohi ditugulako, baina arrazionalak gara. Batzuetan, logikoak ez garela esaten dugunean, arrazionalak ez garela pentsatzera jotzen dugu. Nire ustez bagara arrazionalak eta gure emozioekiko kontrola izan dezakegu. Gaina pasioak izatea positiboa da, aberastu egiten gaituzte, makinetatik bereizten gaituzte, hain zuzen. Beraz, oso izenburu iradokitzailea dela iruditzen zait.