Toutes les nouvelles

Lourdes Iscar: “laneko erizaintza osasun publikoaren eta laneko osasunaren arteko zubia da”

Iscar-ek langileak zaintzea ezinbestekoa dela nabarmendu du eta, horregatik, laneko erizaintzari eta medikuntzari merezi duen garrantzia eman behar zaio.

Lourdes Íscar Reina Osalaneko (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) zuzendari nagusia da. Joan den irailaren 1ean Miramar Jauregian izan zen, Osalanek  eta EHUko María Isabel Bilbao Bengoechea Laneko Medikuntzako eta Erizaintzeko Katedrak lankidetzan antolaturiko “Laneko erizaintza 2025” Uda Ikastaroaren harira. Jardunaldian zehar, Íscarrek azpimarratu zuen beharrezkoa dela osasun-espezialitate hau ikusgai egitea, eta gaineratu zuen Osalanetik aktiboki ari direla haren aitortza eta gizartean zabalkundea sustatzen.

Zer da laneko erizaintza eta zertan datza laneko sanitario baten lana?

Hasteko, laneko erizaintza laneko arriskuen prebentzio funtzioetan zentratzen da. Hau jakitea oso garrantzitsua da, izan ere, laneko arriskuen prebentzioa enpresa batzuek bideratzen dute, prebentzio zerbitzuak deitzen diren erakunde berezi batzuek eta laneko erizainek, laneko medikuek eta prebentzio teknikariek osatzen dituzte.

Osasun-langileak (laneko erizain eta medikuak) eta teknikariak haien artean elkarlanean aritu behar dira. Prebentzio teknikariek lanpostuak aztertzen dituzte, arrisku posibleak aurkituz eta, osasun-langileak pertsonen osasunerako gertatzen diren arazoak detektatzen dituzte eta arriskuekin lotzen dituzte. Beraz, amaierarik gabeko kate bat da, eta batzuek eta besteek haien artean elkarlanean jardun behar dute.

Zein da Uda Ikastaro honen helburua?

Uda Ikastaro hau Osalanen eta María Isabel Bilbao Bengoechea Laneko Medikuntzako eta Erizaintzeko Katedraren arteko erlazioaren sorreraren ondorioz jaio da. Bere helburu nagusia laneko medikuntzaren eta erizaintzaren disziplina ezagutzera ematea da. Kasu honetan, ikastaroa laneko erizaintzan zentratzen da osasun arloko adarretako bat aukeratu behar genuelako. Gaur egun oso ezezaguna den disziplina bat da, erizaintzako graduko ikasleen artean ere ez dute espezialitate honen berri. Beraz, helburua disziplina ezagutaraztea da.

Nola eman daiteke ezagutzera disziplina hau eta zergatik da garrantzitsua merezi duen ikusgarritasuna edukitzea?

Legearen arabera, prebentzio zerbitzu guztiek laneko erizain eta medikuen errepresentazio izan behar dute, langile kopuru jakin batekin. Hau legearen araberakoa da. Baina, horrez gain, ezinbestekoa da langileen osasuna zaintzea. Laneko erizaintzak langileen osasuna bermatzen du, osasun publikoaren eta laneko osasunaren arteko zubi gisa dihardu eta, horregatik, garrantzitsua da merezi duen ikusgarritasuna izatea.

Zer falta zaio sektoreari baldintza optimoak izateko eta nola lortu daitezke?

Ezagutza eta zabalkundea falta zaizkio. Osalanen lanean gogor ari gara disziplinak ezagutza irabazi dezan, ez erizaintzako ikasleen artean soilik, gizarte osoan baizik. Ulertu behar dugu pertsona bat lanera joaten denean, minik sufrituko ez duela bermatuko duen jendea existitzen dela, laneko erizain eta medikuak, hain zuzen.

Horretan lan egiten ari gara katedraren bidez, unibertsitateetara joaten gara graduko ikasleen artean ezagutzera emateko, ikastaro hau bezalakoetan parte hartzen saiatzen gara eta “unidades docentes” izenekoetan parte hartzen dugu. Espezialitate honetan sartzeko modua dira horiek, MIR (laneko medikuntzarako) eta EIR (laneko erizaintzarentzako), hain zuzen. Espezializatu ahal izateko azterketa bat, oposaketa bat gainditu beharra dago. Espezialitate honen berri ez baduzu, ezinezkoa da EIRa egin ahal izatea.

Beraz, espezialitate hau ezagutzera emateko helburuarekin, orain egiten ari garena gizartera eta hiritargora iristen saiatzea da. Eskola eta unibertsitateetara joaten ari gara laneko erizaintzaren eta medikuntzaren inguruan hitz egitera.

Zure ustez, espezialitatea ezaguna eginez gero, ikasleen interesa areagotuko da espezialitatea aukeratzerako garaian?

Lortu behar dugun lehenengo gauza hiritargoak lanpostuetako prebentzioa eskatzea da, hau da, hori zen den ulertzea. Nire ustez gaur egun prebentzio kultura eskasa dugu, baina irisgarritasuna behar dugu, lanera joateagatik min hartu dezakegula onartu behar ez dugula erakutsi behar dugu. Ez naiz gaixotu behar lanera joateagatik, ez naiz lesionatu behar.

Orduan, hasiera hori oinarri bezala hartuta, beste guztia segidan doa; nork hatzen du ardura hori? Ba atzetik dagoen pertsonal guztiak, hau da, laneko erizainak, laneko medikuak eta prebentziorako teknikariak. Hiru sektore hauetan eskasia nabaria dago. Beraz, uste dut ezinbestekoa dugula iristea, kaleak laneko osasuna eskatu dezan.

Zure ustez etorkizunera begira espezialitatea joera positibo bat jarraitzen ari da? Nola ikusten duzu espezialitatearen etorkizuna?

Espezializazio honetako formakuntzaren arazoa aldatzen ibili dela da. Hasieran, borondatezko ikastaro bat zen eta burututakoan espezializatzea lotzen zenuen. Orain, azterketa bat gainditu beharra dago, EIRak, beraz, baldintza gehigarri bat du. Baina ez laneko erizaintzarako soilik, erizain batek aukeratu dezakeen edozein espezializaziorako baizik. Gizartea aldatzen joan da ere zentzu horretan, titulazioak lortzeko azterketa bat gainditu behar izatea gero eta ohikoagoa da.

Hori ona da? Nire ustez bai, espezializazio puntu handiago bat ematen diolako, pisu handiagoa ematen dio lehen ikastaro sinple bat zen horri. Gauza da formakuntza hauek hasi genituen pertsonak urteak betetzen ari garela eta, horregatik, azken urteetan lanean ari gara trantsizio bat egon dadin eta etorkizun batean generazio txandakatze bat egon dadin.

Zerbait gehitu nahi zenuke?

Uste dut promozioaz hitz egitea garrantzitsua dela, laneko erizaintzak eta medikuntzak gizartean duten paperaz hitz egitea. Ez dezagun inoiz onartu lanera joateak ondorio gisa zerbait pairatzea izan behar duela. Hori ezin dugu onartu; ez guk administrazio publiko gisa, noski, ezta hiritargoak ere. Hiritargoak argi izan behar du lanera joateak zure osasuna bermatu behar duela eta, posible bada, hobetu.