Toutes les nouvelles

Rebecca Von Hellfeld: “Lehorreratutako ugaztunen segimendua egitea funtsezkoa da ozeanoen osasuna ebaluatzeko”

Erresuma Batuan itsas ugaztunen osasuna monitorizatzeko sareek kontserbazio-politikak indartzeko eta itsasoen kudeaketa hobetzeko duten garrantzia azpimarratu zuen Rebecca Von Hellfeldek Donostia Sustainability Forum-en baitan eskainitako hitzaldian. CSIP eta SMASS sareetatik jasotako datuek basa-bizitzaren babesa sendotzeko eta erabakiak ebidentzian oinarrituta hartzeko balio izan dutela azaldu zuen, eta Erresuma Batuko esperientzia izan arren, eredua nazioartean ere aplikagarria dela nabarmendu zuen. Von Hellfeld Aberdeengo Unibertsitateko (Eskozia) ikertzailea da; Ingurumen Zientzietan eta Enpresa Kudeaketan lizentziatua da Londresko Unibertsitatean, Erasmus Mundus masterra egin zuen EHUn eta doktorea da Heidelbergeko Unibertsitatean.

Denbora luzeko jarduerak

Hasteko, zehatz-mehatz deskribatu zuen Erresuma Batuko bi segimendu-programen lana. Lehena Ingalaterra eta Galesko Zetazeoen Lehorreratzeen Ikerketa Programa (CSIP) da eta bigarrena Itsas Animalien Lehorreratzeen Eskoziako Plana (SMASS). Erakunde horiek Erresuma Batuko kostaldeko lehorreratze guztiei erantzun eta horien berri ematen dute, animalien azterketa zehatzak eginda. Rebeccak oso datu interesgarriak eman zituen. SMASSek 30 urte baino gehiago daramatza martxan (90eko hamarkadatik) eta 20.000 lehorreratze baino gehiago erregistratu ditu orain arte. 200.00 lagin baino gehiago ditu artxiboetan. Harrigarria!

Lehorreratzeak harrigarriak dira eta enpatia sentiarazten digute, batez ere gure hondartzetan edo labarretan dozenaka edo ehunka animalia hiltzen direnean. Dena den, ez dira gure kostetako irudi tragikoak soilik; mezulari garrantzitsuak ere badira. Rebeccak gertaera horien alde positiboa aipatu zuen. Hau da, lehorreratutako gorpuek zer esaten diguten entzun behar dugu, funtsezkoa baita ozeanoen osasuna babesteko eta itsasoarekin harreman jasangarriagoa eraikitzeko. Azken hamarkadetan gauzatutako jarduerei esker, Erresuma Batuko sareek artxibo baliotsua dute. Laginen artxiboaren bidez (Biospecimen Bank ere deitua), animalien portaerari buruzko gai asko argitu ditzakegu: non bizi diren, zerk eragin zuen haien osasunean, eta, kasu askotan, zergatik/nola hil ziren.

“Itsasoaren zaintzaileak”: ozeanoaren osasunaren ebaluazioa

Itsas ugaztun lehorreratuek zer esaten diguten entzutea funtsezkoa da ozeanoen osasuna babesteko eta itsasoarekin harreman jasangarriagoa eraikitzeko. Hitzaldiaren izenburuan Rebeccak “itsasoaren zaintzaileak” erabili zuen. Zergatik? Animaliok kutsaduraren, klima-aldaketaren, arrantza-jardueren eta beste hainbat giza presioren baterako ondorioak islatzen dituztelako.

Horrez gain, lehorreratzeei buruzko datuak ingurumen-gai zabalagoen inguruko froga baliotsuak dira. Erregistratutako espezie kopurua edo motak aldatzea edo espezie horiek dauden lekuak aldatzea hainbat gauzaren adierazle izan daitezke: ozeanoen baldintzak aldatu direla, gaixotasunak zabaldu direla edo giza inpaktuak areagotu egin direla (esaterako, katramilatzeak, itsaspeko zarata edo kutsadura kimikoa). Kasu batzuetan, lehorreratutako animaliak arazo emergenteen lehen seinaleak dira: gaixotasun berriak edo itsasoen berotzeak itsas bizitzan dituen ondorioak.

Lehorreratzeetan eragina duten ingurumen-faktoreak

Klima-aldaketa osasun-egoeran edo biztanleriaren osaeran gertatzen diren aldaketen bidez ebalua daiteke, ekosistemaren aldaketak baldintzatzen baitituzte horiek. Azken hamarkadetan, itsasoaren azaleko tenperaturak gorantz doaz Ipar Atlantikoan. Bada, 2023ko tenperaturak 1981-2016ko batezbestekoa baino 2-4 ºC beroagoak dira! Zer esan nahi du horrek 8-9 ºC-ko eremuan bizitzera ohituta dauden itsas ugaztunentzat? Estres termikoaren ondorioz, blubber (ehun-geruza) delakoak bero mantentzen ditu. Aldiz, hotz mantendu behar badute (batez ere aktibo daudenean) energia gutxiago erabiltzen dute beste prozesu biologiko batzuetan, hala nola ugalketan eta immunitate-sistema. Estres termikoak harrapakinak gutxitzea edo beste latitude batzuetara migratzea eragin dezake. Hori dela-eta, elikadura eskasagoa da, eta horrek, berriro ere, eragina du ugalketan eta kumeen biziraupenean. Muturreko baldintzetan, heriotza ere eragin dezake. Ur bero horiek, gainera, faktore potentziala izan daitezke ugaztunen osasunean eragina duten patogeno eta parasitoen prebalentziaren handiagotzean. 

Rebeccak nabarmendu zuenez, nekropsietan lortutako ehunen analisiak eginda, hainbat kutsatzaileren (plastikoak, metalak, kutsatzaile organiko iraunkorrak eta emergenteak) presentziari buruzko informazioa lortu, eta elikadura sarearen bidez kutsadura nola pilatzen den ikus dezakegu. Adierazi zuen informazio hori guztia garrantzitsua dela gaur egungo ekoizpena edo hondakinen kudeaketa ingurumenaren aldetik jasangarria den ebaluatzeko. Analisietatik ateratako emaitza nagusiek erakusten dute Erresuma Batuko kutsatzaileen kudeaketan ondorio larriak daudela, eta horiek itsas ingurunean sartzea galarazteko beharra indartzen dute, mailek jaisten jarraituko dutela bermatzeko.

Hona hemen giza jardueren eta itsas ugaztunen arteko beste interakzio batzuk: urpeko hazkuntzako soketan katramilatzea (ganba, otarraina eta karramarroa, moluskuak, etab.), itsasontzi-kolpeak (arrantza eta merkataritzako ontziekin) eta trauma akustikoa. Rebeccaren arabera, analisi horiek guztiei esker, giza jarduerak muga ekologikoak zer alderditan gainditzen dituen identifikatu dezakete legegileek. Zientzialariaren aholkuei jarraikiz, sokak askatzeko modua aldatu zuten Eskoziako zenbait nekazaritza-enpresak, eta, hala, asko murriztu da katramilatzeek itsas ugaztunengan duen eragin ekologikoa.

Ikaskuntza nagusia

Itsas ugaztunen lehorreratzeen kontzeptua eta kontserbazio-neurriak aplikatu eta itsas ugaztunen babesa hobetze aldera horietatik lortu daitekeen informazioa baliagarria da munduko beste hainbat tokitako beste sare batzuetarako. Estrategia ona da gure itsasoetan zer gertatzen den hobeto ulertzeko eta ozeanoek zer-nolako osasuna duten jakiteko.

Konferentzia osoa