Toutes les nouvelles

Pazientzia eta epe luzeko begirada: Daniel Innerarityk demokrazia berritzeko eta bizirik mantentzeko proposatutako giltzak

Filosofo eta saiakeragile bilbotarrak ohartarazi du gaur egungo gizartea abiaduraren logikan murgilduta dagoela, bai politikan bai akademian, eta arazoei aurrea hartzeko gaitasuna ahultzen ari dela.

Daniel Innerarityk (Bilbo, 1959), filosofia politikoko katedradunak, EHUko Ikerbasque ikertzaileak eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendariak, joan den ekainaren 30ean parte hartu zuen EHUko 45. Uda Ikastaroen inaugurazio ofizialean. “Demokraziaren etorkizuna / El futuro de la democracia” hitzaldian nabarmendu zuen demokraziaren etorkizuna ez dagoela aurrez idatzita; aitzitik, gizarteek etengabe eraldatzen ari den mundu batera egokitzeko duten gaitasunaren araberakoa izango dela. Hitzaldiarekin batera, Innerarityk UIKri eskaini dion elkarrizketa honetan demokraziaren eta gizartearen etorkizunaz hausnartu du.

Zergatik uste duzu gaur egun etorkizunaren auzia demokraziek duten erronka nagusietako bat bihurtu dela?

Demokraziaren etorkizunaz hitz egiten dugunean, gakoa “demokraziaren” hitzak duen esanahian dago. Nire ustez, hiru zentzu nagusi ditu.

Lehenik eta behin, demokraziak etorkizunik ba ote duen galdetzen dugunean, zer etorkizun du demokraziak? Kasu horretan, gobernatzeko modu horren aurrean gero eta oldarkorragoa den mundu batean demokraziaren biziraupenaz ariko ginateke.

Bigarrenik, demokrazietan etorkizuna nola kudeatzen den dago jokoan. Hori denboraren politikekin lotuta dago. Gaur egungo ingurune politikoa epe laburraren menpe bizi da, eta horrek iraunkortasun arazoak, klima aldaketa eta antzeko erronkak ekartzen ditu. Testuinguru horretan, demokraziak ez du etorkizuna behar bezala kudeatzen, eta horregatik sarritan alderatzen da erregimen autoritarioekin; izan ere, hauteskunderik ez dagoenez, haien norabide politikoa egonkorragoa dela ematen du. Hor dago erronka handietako bat.

Eta hirugarrenik, demokraziak eskaintzen digun etorkizunaz ari gara. Etorkizun hori sinesgarria al da? Partekatua? Berdintasunezkoa? Gaur egun dagoen gatazka sozial sakonenetako bat, ziurrenik, etorkizuna bere alde dutela sentitzen dutenen eta etorkizuna guztiz eskuragaitz ikusten dutenen artekoa da.

Prest al dago demokrazia gero eta konplexuagoa den mundu bat kudeatzeko, ala bere burua berrasmatu behar du eraginkorra izaten jarraitzeko?

Nire tesia ukaezina iruditzen zaidan egiaztapen batean oinarritzen da. Demokrazia duela 300 urte inguru diseinatu zen, gaur egungoa ez den mundu baterako. Hiri-estatuen, hiri txikien edo inperioen mundua zen hura; kulturalki eta erlijioz askoz homogeneoagoa, eta teknologikoki oso sinplea. Adibidez, klima aldaketarik ere ez zen orduan.

Nire ustez, irtenbide bakarra demokrazia bera konplexuago bihurtzea da. Hau da, demokrazia hobea izango da gaur egun baino balio sorta zabalago batek hartzen badu parte bertan.. Horrek ikertzaileei zein agintari politikoei eskatzen die gaurko mundurako guztiz egokiak ez diren kontzeptuak berriz pentsatzea, eta aztertzea nola mantendu eta nola eraldatu behar diren subiranotasuna, ordezkaritza edo parte-hartzea bezalako kontzeptuak.

Kontzeptu horiek askoz errazago funtzionatzen zuten gaur egungoa baino sinpleagoa zen mundu batean. Gaur, ordea, elkarrekintzez, mendekotasun gurutzatuez, gatazka berriez eta teknologia oso sofistikatuez osatutako errealitate batean bizi gara.

Hori da gure belaunaldiak eta ondorengoek aurrean duten zeregina.

Nola berreskura dezake demokraziak berehalako erantzunak eskatzen dituen herritarren konfiantza, deliberazioari eta adostasunari uko egin gabe?

Demokrazia erabaki politikoak hartzeko sistema bat da, eta bere izaeragatik bera da motela. Zergatik? Erabaki bat zilegi izan dadin, guztien interesak ordezkatu behar dituela ulertzen delako, eraginpeko guztiei ahotsa emanez eta eztabaida publikoaren bidez.

Prozesu horrek denbora eskatzen du. Laburtu daiteke, bide azkartuak erabil daitezke, baina politikak beti du geldialdiaren, motelaldiaren eta elkarrekin hausnartzeko denbora hartzearen osagai bat.

Gaur egun, demokraziek aurrean dituzte azkartasuna agintzen duten gobernu ereduak, eta urrats horiek guztiak saihestu nahi dituztenak. AEBetako teknooligarkek, Elon Musk bezalakoek, diote demokrazia ez dela gure arazoak konpontzeko tresna egokia, hain zuzen ere bere moteltasunagatik. “Estatua” hitza burokraziarekin eta astuntasunarekin lotzen dute.

Zati batean arrazoia dute, baina ez erabat. Oso azkar iritsi nahi dute helmuga batera, eta baliteke helmuga horretara iristeak merezi ez izatea. Funtsezko auzia da guk geuk erabakitzea gure norabidea; hara iristeko erabiltzen dugun metodoa bigarren mailako kontua da.

«Orainaren inguruan sekulako zurrunbiloa dago,

baina etorkizunari aurrea hartzeko ahalegina oso urria da»

Zeintzuk dira, zure ustez, gaur egun gure demokraziak sendotzeko premiazkoenak diren erreformak edo aldaketak?

Demokrazia berritzeko funtsezko elementua etorkizuna da. Hau da, denboraren ikuspegi lasaiagoa eta epe luzera begirakoa txertatzea. Gaur egun baino aurreikuspen handiagoz jokatzea.

Denborarik gabeko demokrazian bizi gara: eragile politikoek abiadura ikaragarrian jarduten dute, eta gaiak bata bestearen gainean pilatzen dira etengabe. Orainaren inguruko mugimendu eta zalaparta handia dago, baina etorkizunari aurrea hartzeko ahalegina oso urria da.

Mende honetan bizi izan ditugun azken krisiak gogora ekartzen baditugu, guzti-guztiek ezustean harrapatu gaituzte, eta prestaketa eskasarekin gainera; neurri handi batean, ez genituelako aurreikusi. Hala gertatu zen bai krisi ekonomikoarekin, bai pandemiarekin.

Ez da irtenbide bakarra, baina bai nagusiena: etorkizunak demokrazietan pisu politiko handiagoa hartzea.

Zer eginkizun izan behar dute unibertsitateek demokrazia sendoago bat eraikitzeko?

Unibertsitateok baliabideak eta pazientzia behar ditugu. Ezagutzaren alorrean eskaintzen ditugun emaitzak ezin dira etengabeko presiopean lortu; konfiantza eta denbora eskatzen dituzte.

Gaur egun, unibertsitatea bidegurutze batean dago adimen artifizialaren ondorioz; izan ere, badirudi hipotesiak eztabaidatzeko eta egiaztatzeko orain arteko moduak zaharkituta geratzeko arriskua dagoela.

Une honetan geure buruari galdetu behar diogu irakasten dugunak benetako balioa duen ala ez, eta, batez ere, nola irakatsi behar dugun ezagutzak dagokion erdigunea izaten jarrai dezan. Horretarako ere denbora behar da.

Baliabideak eta ahalegin intelektuala inbertitu behar ditugu gizarteak gugandik zer espero duen hausnartzeko; epe laburreko erantzunak baztertu, eta gure gizartearentzat deserosoak izan daitezkeen galderak ausardiaz planteatzeko.

Zer esango zenieke gero eta atxikimendu politiko txikiagoa eta ezkortasun handiagoa sumatzen duten herritarrei?

Helburuak bide autoritarioen bidez lortu nahi dituztenek erreakzio sendoak piztu dituzte dagoeneko mundu osoan, bai estatuen barruan, bai nazioartean. Erreakzio horiek zaildu egingo diete nahi duten guztia lortzea.

Horrek erakusten du badagoela erresistentzia bat diskurtso eta jardun autoritarioen aurrean.

«Demokrazia egon dadin,

erabakien egile garela sentitu behar dugu»

Zer eginkizun izango du adimen artifizialak etorkizuneko demokrazian? Indartu dezake, ala arriskua dago deliberazioa eta herritarren parte-hartzea ahultzeko?

Adimen artifizialak bi bidetatik eragiten dio demokraziari. Alde batetik, elkarrizketan eragiten du; hau da, eztabaida publikoaren antolaketan eta garapenean. Bestetik, erabakiak hartzeko moduan ere badu eragina.

Demokraziak bi zutabe horiek behar ditu. Batetik, kalitatezko elkarrizketa eta eztabaida publikoa. Eta, hain zuzen ere, puntu horretan adimen artifizialak, sare sozialek eta digitalizazioarekin lotutako fenomeno guztiek izaera anbibalentea dute. Alde batetik, eztabaida publikoa horizontalago bihurtu dute, edonork parte hartzeko aukera duelako; baina, aldi berean, horrek nahasmena areagotu du, eta gorroto-diskurtsoak, desinformazioa eta gezurrezko albisteak ugaritu dira.

Demokraziaren eztabaida publikoa sendotzeko erronka hori gainditu behar dugu, parte-hartzearen demokratizazioak ekarri duen irekitasunari uko egin gabe.

Beste auzia erabakiak hartzearena da. Demokrazia benetakoa izan dadin, erabakien egile garela sentitu behar dugu.

Azken batean, demokrazia autogobernuaren sistema bat da. Horregatik, galdera nagusia honako hau da: nola egotzi diezaiekegu zilegitasun demokratikoa gero eta neurri handiagoan automatizatuta dauden erabakiei? Hor dago benetako erronka. Ez dago erantzun bakar edo sinplerik; egoera bakoitzaren arabera, erantzun sofistikatuak eta bereiziak behar dira.

Badira arazo batzuk zeinen konponbidea makinen esku uztea komeni baita: datu kopuru handiak kudeatu behar direnean, egoerak anbiguotasunik ez duenean eta irtenbideak argiak edo bitarrak direnean. Horrelako kasuetan, arrazoizkoa da algoritmoek lan hori ondo egingo dutela pentsatzea.

Baina badira bestelako arazoak ere. Arazo konplexuak dira, askotan zehazki zertan datzan ere ez dakigunak, edo irtenbide bakarra ez dutenak, anbiguotasunez beteriko egoerak. Halakoetan, gizakiok izan behar dugu azken hitza eta azken erabakia. Makinek lagundu diezagukete, baina azken erantzukizuna gurea izan behar da.

Azken batean, etorkizunean ez da gizakien eta makinen arteko lehia izango. Gaur egun, adimen artifizialaren inguruko eztabaida politikoak gizakiak elkarren aurka jartzen ditu, teknologia horri eman nahi zaizkion erabileren inguruan. Azkenean, gizakien eta makinen arteko hibridazio batera iritsiko gara. Benetako galdera ez da hori saihestu daitekeen ala ez, baizik eta nola diseinatu hibridazio hori zilegi, eraginkor, demokratiko eta bidezkoa izan dadin, eta ez gaitzan behartu gizakien edo makinen artean aukeratzera.