08.Eka.2021

Adimen artifizialik gabe ezingo diogu klima krisiari aurre egin

Nuria Oliver MITeko doktorea (Massachusetts Institute of Technology) eta Unidad ELLIS  (Alacanteko Laboratorio Europeo de Aprendizaje y Sistemas Inteligentes) Fundazioko sortzaileetako bat.  

"IAren eta krisi klimatikoaren arteko elkarguneak ugariak dira. Planetako klima eta hondamendi naturalak modelatzetik eta iragartzetik hasita. Elkarreragin estua ere bada energia berriztagarrien eta IAren artean. Iragarpen onak izatea funtsezkoa da haize- eta eguzki-energiarako. IAren tekniken bidez, eskaria aurreikusi daiteke eta, horrela, sare elektrikoaren eraginkortasuna optimizatu, sarean gainkargarik egon ez dadin. Bestalde, doitasunezko nekazaritza bezala ezagutzen den mugimendu erraldoia dago. Mugimendu horretan lurzoruaren, klimaren, uraren edo lurzoru horretako labore historikoen ezaugarrien arabera  laborantza optimizatzen da". Nuria Oliver esatera ausartu denez, "Adimen artifizialik gabe ezingo diogu klima krisiari aurre egin. Bere baitan ez da irtenbidea, baina krisiari aurre egiteko erabiltzen ditugun irtenbide eta teknologia gehienen parte izango da".

"GJHak zailagoak izango dira IArik gabe"

Nuria Oliverrek gogora ekarri duenez, 17 helburuak zehaztu ziren aldi berean, Nazio Batuen Erakundeak txosten bat eskatu zuen "Datuen balioa axola duen mundu batean" gaiari buruz. 2016an adostutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) onartzean, mundu mailako mugimendu bat garatu zen, datuek helburu horiek bi modutan lortzen nola lagun dezaketen azaltzeko. Lehenik eta behin, helburuak lortzen ari garen hobeto neurtu ahal izateko.  "Pobrezia desagerrarazteko 1. helburua betetzen ari den ala ez baieztatzeko, ez da bideragarria planetako 7.000 milioi biztanleri galdetzea. IAren teknikei esker, munduko pobrezia zenbatetsi daiteke energia kontsumoari, telefonia mugikorreko sarearen erabilerari eta abarri buruzko hainbat datu iturritatik. Gauza bera gertatzen da gainerako helburuekin".

Neurtzeaz gain, helburuak lortzea bizkortu nahi da. Baina nola? Lehen helburuaren kasuan, adibidez, gainbehera seinaleak ematen hasten diren eskualdeak goiz detektatzen lagunduz, prebentzioz jokatu ahal izateko eta okerrera ez egiteko.

Nuria Oliverrek berak lan egin du bankuko konturik gabeko herritarren finantza inklusiorako hainbat proiektutan (1.000 milioi pertsona baino gehiago barne hartzen dituenak).  “Krediturik gabe nekez egin dezakete aurrera, baina pertsona gehienek mugikorra dute eskura. IAren algoritmoak erabiliz, 'Kreditu arriskuko ereduak' egin daitezke, finantza-erakunde baten aurrean fidagarriak direla frogatzeko eta, horrela, kreditua modu onuragarriagoan lortzeko. Lan horrek Mahindra enpresa erraldoi teknologikoa inspiratu zuen Yabx finantza inklusio enpresa sortzeko".

IA garrantzitsuegia da interneteko handien esku uzteko

Hamarkada bat daramagu egiaztatzen IAren nonahikotasun gero eta handiagoa eta inguratzen gaituen errealitatea, eta gauzak modu eraginkorragoan egiteko aukera ematen digu. "IAren algoritmoek pertsonen bizitzan eragin zuzena duten esparruetan erabakiak hartzeko prozesuan sartzen diren heinean (diagnostiko medikoak, kredituak ematea, epai judizialak edo langileak onartzeko prozesuak), ezinbestekoa da arautzea. Araurik gabe, ez dago bermerik algoritmoek diskriminatzen ez dutenik edo gardenak direnik. Europako Batzordeak IA erregulatzeko proposamena argitaratu du, eta EBko gobernuek eta Europako Ganberak berak onartzeko zain dago. Horren bidez, "diskriminazio kasuak edo gizakiaren manipulazio potentziala desagerrarazi" nahi dute”. "Gakoa inplementazioan eta gainbergiratzean izango da, eta ez betetzearen ondorioak zehaztean. Oso zeregin konplexua, algoritmoek gure gizarteko esparru guztietan eragina dutelako" esan zuen Nuria Oliverrek, Massachusettseko MITeko IAn doktorea eta Alacanteko ELLIS (Laboratorio Europeo de Aprendizaje y Sistemas Inteligentes) fundazioaren sortzaileetako batek .

Gainera, IAren algoritmoak softwarea dira, eta etengabe eguneratu eta hobetu daitezke ziklo oso laburretan. Datozen hilabete eta urteak erabakigarriak izango dira araudi horren eragina egiaztatzeko.

Ideia horiek guztiak aurkeztuko dira UPV/EHUko Uda Ikastaroetako  "Inteligencia Artificial para el Bienestar y Sostenibilidad de las Sociedades” ikastaroan. Klima Aldaketarako Euskal Ikerketa Zentroak (BC3k) antolatu du ikastaroa, Matematika Aplikatuko Euskal Zentroarekin batera (BCAM).

 IAren alborapenak, besteak beste, horiek trebatzeko erabilitako datuengatik izan daitezke, errealitatean dauden alborapenak izan ditzaketelako. Justizia Algoritmikoa (Algorithmic Justice)  deiturikoan zentratutako ikerketa-eremu bat dago, IAren algoritmoek diskriminazioa ez sustatu eta murrizteko eta, aldi berean, "Performancea, erabilera egokia" maximizatzeko. Alacanteko Ellis unitatearen ikerketa ildoetako bat da. Nuria Oliver bertan zuzendari zientifikoa da, eta unitateak ezizena Instituto de Inteligencia Artificial Centrado en la Humanidad  du. “Duela urtebete sortutako irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, mundu mailako ikerketak egiteko gizakien eta IAren elkargunean ”. Espainiako ELLIS unitate bakarra da. ELLIS adimen artifizialeko ikerkuntzako bikaintasun sare europarra da, eta datuetan oinarritutako ikaskuntzan oinarritzen da.

Nuria Oliver enpresen eta gobernuen arteko datu trukeari (B2G) buruzko Europako Batzordeko goi-mailako adituen taldeko kidea izan da. "Orain erakunde pribatuek zaintzen dituzten datu ezberdinek balio handia dute guztion onerako". Taldeak 2020ko otsailean zenbait gomendio aurkeztu zizkion Europako Batzordeari. "Pandemiarekin datu horien balioa berretsi ahal izan da". Nuriak hogei ikerlari inguru dituen taldea zuzentzen du Valentzian 2020ko martxotik, pandemiaren testuinguruan erabakiak hartzeko adimen artifizialaren eta datuen zientzien erabileran laguntzeko. Lehenengo lan ildoa giza mugikortasuna eskala handian modelatzea da; izan ere, gizakitik gizakira transmititzen den gaixotasun infekzioso bat — koronabirusa — ez da pandemia bihurtzen mugitzen ez bagara. Horregatik, konfinamendu-neurriak eta mugikortasuna neurtu ahal izatearen garrantzia. Garrantzitsua da konfinamendu-neurriek funtzionatzen duten ala ez neurtzea, eta murrizketa hori pandemia kontrolatzeko nahikoa den ebaluatzea.  Lan hori egiteko, gure herrialdeko hiru telekomunikazio-enpresa garrantzitsuenen telefonia mugikorreko antenetatik eratorritako datu anonimizatuak eta agregatuak aztertu ziren, INEk partekatzen dituenak.  Valentziako Erkidegoa eskualde pilotutzat hartu zen 2020ko udaberrian. Datu horiek publikoki eskuragarri daude INEren webgunean 2020ko udatik . "Gizartearen onerako lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da, gaur egun oso ohikoa ez dena."

Europako Batzordeari egindako gomendioen artean datuak partekatzeko pizgarriak zeuden: datuen koordinatzailearen figura sortu eta trebatzekoak; enpresa pribatuentzako negozio-eredu jasangarriak kontuan hartzekoak, datu horien erabileraren larritasunaren, eraginaren edo premiaren arabera.

Nuria Oliverren ustez, "Konpainia teknologiko handiak badakite beren datuek guztion onerako duten balioaz, eta gehienek erabilera horretarako proiektuak dituzte, duela 5 urte existitzen ez zirenak. Facebook, Microsoft edo Google GJHetara bideratutako datuen erabilera aztertzen ari dira.

Baina, era berean, ezin dugu ahaztu "egunero erabiltzen ditugun zerbitzuekin, adimen artifizialeko algoritmoekin elkarreragiten dugula, era guztietako gauzak gomendatzen dizkigutenak.  Modu subliminalean daude, gure portaeran eragiten eta manipulatzen dute, giza autonomiaren printzipioan eragin zuzena dute, eta printzipio horren arabera, gizakiok gure ekintzetatik eta pentsamenduetatik aske egon beharko genuke.

Ideia hori azpimarratuz, Nuria Oliverrek argi eta garbi bereizten ditu publizitate tradizionala eta publizitate hiperpertsonalizatua. “Nik ikusten dudana, nik bakarrik ikusten dut, eta optimizatuta dago niretzat, nire profil demografikoaren, nire interesen, gustuen eta jokabidearen arabera ere. Ez da iragarki bat nire hiriko publizitate hesi batean edo erosten dudan egunkarian. Algoritmoek nire ahuleziak identifikatu eta aprobetxa ditzakete, ni horretaz jabetu gabe".