Berri guztiak

Artikoa eta klima aldaketa

Nolatan Artikoan? Zer du hark berezi?

Bada Geologia hasi nuen UPV/EHUn eta orduan deskubritu nuen itsasoa iraganean zelakoa zen ikertuz klima aldaketa estudiatu nezakeela. Ildo horretatik segitzeko, masterra Bordeleko Unibertsitatean egin nuen Paleozeanografian. Hasiera batean nire asmoa Bizkaiko Golkoarekin edo Marokoko Atlantikoko kostaren eboluzio ozeanografikoarekin zer ikusia zuen masterreko lana egitea zen, baina azken momentuan eta kasualitatez Kanadako Artikoa aztertzeko sedimentu batzuk eman zizkidaten eta horrela bukatu nuen Artikoratzen.

Ez dakit zer izan zuen lan horrek erabat engantxatu ninduela. Esan bezala, nik nire istorio pertsonalarekin hurbiltasun gehiago zuen kokaleku bat ikertu nahi nuen, baina Artikoa ikertzen hasteak ate berriak ireki zizkidan. Ordura arte, Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan zen nik iparraldearen nuen erreferentzia bakarra: paisaia izoztuak, txuriak, oso lasaiak, ezezagunak eta batzuetan ilunak eta besteetan argiz beteak. Gaur nire bizitza horrelako paisaietan jorratzen da eta asko gustatzen zait. Hori maila pertsonalean. Zientziari dagokionez, Artikoa oso berezia da. Askok pentsatzen dute hemen goian ez dela inor bizi, hartz polar gutxi batzuk eta bertan gertatzen denak ez diola inori eragingo (eta hori guztiz okerra da!). Gainera, Lurra ez dago guztiz deskonektatuta dauden konpartimentuetan antolatuta eta horren ondorioz, Artikoan aldaketa klimatikoaren ondorioz ematen diren aldaketak, munduko beste puntan izango dute eragina, zirkulazio atmosferikoa eta ozeanikoa direla eta.

“Iraganari begira geroa ulertzeko” horrela diozu zure twitterreko profilean. Esaldia zure tesiarekin lotuz, zer esango zenuke? Azterturikoak zer ulertzen lagunduko digu?

Groenlandiako izotzean gordetako gasen ikerketari esker, badakigu Azken Izotz Aroan (izotz aroa izan arren) bat-bateko beroaldiak eman zirela. Bat-bateko beroaldi horietan atmosferako tenperatura 5 °C eta 16,5 °C bitartean igotzera heldu zen hamarkada gutxi batzuetan, gaur egungo berotze-tasarekin alderagarria dena. Periodo horiek progresiboki hoztu egiten ziren, hotza eta egonkorra zen hotzaldi batekin bukatuz. Ziklo horiei Dansgaard-Oeschger ziklo deritze. Bada, azken 120 mila urteetako tenperatura atmosferikoen grafikak zerra hortzen forma hartzen du, erakutsiz, besteak beste, gure planetaren klima ez dela oso egonkorra.

Itsaso Nordikoetan ozeanoaren zirkulazioan oso garrantzitsua den itsas hondoko ura sortzen da. Gaur egun, bertara Atlantikoko ur bero eta gaziak hegoaldetik sartu egiten dira. Ur bero eta gazi horiek (termino erlatiboetan), hoztu egiten dira iparraldera zirkulatzen dutelarik ur polar hotzarekin nahasteari esker. Groenlandiako itsasoan (Itsaso Nordikoen iparraldean) nahastu eta sortu berri diren ur hotz eta gazi horrek dentsitate altua izango du, eta horren ondorioz hondoratu egiten da, berriro hegoalderantz abiatuz. Imajinatu dezazun, aireportuan dauden maleten zinta bezalakoa da hau. Demagun maletek beroa irudikatzen dutela. Zinta hori gero indartsuago mugituko bagenu iparraldetik, gero eta maleta gehiago mugituko genituzke hegoaldetik iparraldera. Ba hau berdina da eta honek erakusten du klimak eta ozeanoak duten lotura: gero eta ur hotz eta gazi gehiago sortu iparraldean (honek zintaren indarra determinatuko du), gero eta bero gehiago garraiatuko da hegoaldetik iparraldera (hau da, gero eta maleta gehiago garraiatuko dira).

Konfigurazio hori ez da horrelakoa izan beti. Orokorrean Izotz Aroetan eta Dansgaard-Oeschger hotzaldietan itsas hondoko ur gutxiago sortzen da, ozeanoaren zirkulazioa ahulduz. Beroaldietan eta gaur egun berriz, zirkulazioa indartsu egon ohi da eta hala, bero gehiago garraiatu ohi da iparraldera. Itsas hondoko tenperaturak zeharka esan ahal digu zer motako ura dagoen itsas hondoan. Nire tesian Itsaso Nordikoetan eta Barents Itsasoan itsas hondoko tenperaturen bilakaera ikertu dut azken Izotz Aroan, Lurraren historiaren azken 60 mila urteetan. Helburua Dansgaard-Oeschger zikloetan itsasoan gertatzen zena hobeto ulertzea izan da. Zergatik iraganean? Iragana ikertu dezakegulako Lurraren artxibo sedimentarioak aztertuz eta horrek pistak eman ahal dizkigulako Lurraren egoera naturalaren inguruan. Hortik dator iragan ikertzen dugula, etorkizuna pixka bat hobeto ulertzeko. Oraina eta etorkizuna guztiz ulertzeko baina, gizakion eragina gehitu behar diogu ekuazioari, eta hori Lurraren historian berria da. 

Iparraldeko laginak ikertu dituzue. Lagin horiek eta Itsaso Nordikoaren hegoaldean daudenak zertan bereizten dira? Zergatik Iparraldekoak aztertzeko hautua?

Itsaso Nordikoak oso leku interesgarria dira lehenago esandakoagatik. Hegoalde leku egokia da zenbat ur sartzen den eta zenbat ur irteten den ikertzeko. Iparraldean Fram Itsasartea dago eta honek konektatzen ditu Itsaso Nordikoak eta Ozeano Artikoa. Bertan ematen diren uren trukea ikertzea ere oso interesgarria da. Ozeano-Klima puzzle osoa eraiki ahal izateko, pieza guztiak dira beharrezkoak eta hegoaldean askoz lan gehiago daude iparraldean baino.

Hegoaldean lan gehiago egotearen arrazoia da bertaratzea errazagoa dela, besteak beste. Proiektu hau hasi arte, iparraldean lan bakarra zegoen itsas hondoko tenperaturak berreraikitzeko (metodo geokimiko independenteak erabiliz). Ikertu gabe dauden leku eta gauza asko, diru eta azpiegitura faltagatik izaten dira, ez ezagutza edo interes faltagatik. Horregatik da hain garrantzitsua zientzian dirua jartzea.

Urtez ibili zara ikertzen. Urte guzti horietan ikertutakotik zer azpimarratuko zenuke? Zertan jarriko zenuke enfasi edo arreta berezia?

Doktoregoa hasi nuenetik, inoiz bukatuko ez den ikasketa prozesu bat hasi dudala ikusi dut.

Ikerketari dagokionez, gehien azpimarratuko nukeena da gauzak ahalik eta osotasun gehienarekin ikertzearen beharra da, eta hori zaila (gehienetan ezinezkoa) da. Lehen esan dudan bezala Lur planeta ez dago konpartimentu bereizgarrietan bananduta eta konturatzen zara zeinen garrantzitsua den beste leku batean gertatzen ari zena/dena ikertzea, zurean gertatzen ari zena/dena ulertzeko. Hau da, Artikoko geologia ikertzeko ez da nahikoa Artikoko geologia ulertzea. Horregatik da garrantzitsua taldean lan egitea eta zure ikerketako mugetatik haratago begiratzen saiatzea, besteak beste.

Ikerketa munduari dagokionez ere gauza asko ikasi ditut. Ikerketa pertsonek egiten dugu eta zientzia objetiboa dela esaten duenak ez du egia esaten. Konturatzen zara zeinen hierarkizatuta dagoen akademia eta zelan jendartean ematen diren aurreiritzi eta edonolako dinamika berdinak, akademian ere erreproduzitu egiten diren. Hori eta zeinen gutxi zaintzen dugun ikerlarion osasun mentala; zorionez gero eta gehiago hitz egiten da honi buruz, baina ez da nahikoa.

Egindako tesian hiru artikulu zientifiko aurkeztu dituzu. Modu sinple eta laburrean, zer ondorioztatu duzu?

Dansgaard-Oeschger zikloetan, atmosfera “bat-batean” (denbora geologikoari dagokionez) berotu eta progresiboki hoztu egiten zen ziklo horietan, itsas hondoko tenperatura ere aldatu egiten zen. Gure emaitzek erakutsi dute Atlantikoko ur beroak (5-6 °C) 1200 m-ko sakonerara hel zitezkeela hotzaldietan. Beroaldietan berriz, gaur egun bezala, itsas hondoan tenperatura hotz mantentzen zen. Honek bi zirkulazio mota ezberdintzera eramaten gaitu: 1) gaur egungoa, non itsas hondoko ur hotza sortzen den zirkulazio ozeanikoa indartsu dagoelako eta ondorioz beroa hegoaldetik iparraldera garraiatu egiten den, eta 2) hotzaldietan ematen zena, non itsas hondoko ur hotzik ez zen apenas sortzen eta Atlantikoko ur beroak itsas hondoa “har” zezakeen.

Zelan da posible Atlantikoko urak hain sakonera handietara iristea eta bidean berorik ez galtzea atmosferara? Azken artikuluan itsas izotzaren eboluzioa aztertzen dugu. Oraindik publikatu gabe dago eta lanean gabiltza, baina ikusten dugu oso erlazio estua dagoela itsas izotzaren eta itsas hondora iristen diren ur beroen artean. Itsas izotz estalkia askoz zabalagoa zen hotzaldietan eta horrek seguruenik Atlantikoko uren bero-galtzea ekiditen zuen. Posible da, itsas izotzaren eta Atlantikoko uren sarreraren arteko oreka faktore garrantzitsua izatea bat-bateko berotze atmosferikoetan. Oraindik inork ez daki zehazki zelan zen posible atmosfera era naturalean (giza aktibitaterik gabe) hain arin berotzea eta seguruenik ozeanoren dinamikak horretan asko lagundu zuen.

Bukatzeko, Artikoko sedimentuetan gas hidrato izeneko substantzia bat aurkitu daiteke: gasa (gehienetan metanoa) barnean “harrapatuta” duen izotzaren antzeko substantzia. Gas hidratoak tenperatura oso baxuan eta presio altuan dira egonkor eta horregatik Artikoko itsas hondoa oso leku egokia da horiek mantentzeko. Baina zer gertatuko litzateke itsasoko tenperatura igo ezkero? Galdera hau ikertzaile askok planteatzen dute gaur egungo aldaketa klimatikoa dela eta ez dela. Jakinda hotzaldietan hainbeste igo zela itsas hondoko tenperatura, guk horri ere begiratu diogu eta ikusi dugu gas hidratoen disoziazioa azken Izotz Aroa bukatu zenetik lotuta egon daitekeela zeharka itsas hondoko tenperaturen igoerarekin Barents Itsasoan (400 m-ko sakonera maximoa duen itsaso batean).

Lan sakon hori burutzen ari zinela, buruan ondo grabatuta dituzun momentuak edo bizipenen bat konpartitu nahiko zenuke?

Espedizioak dira gehien gogoratuko ditudan momentuak. Gogorra da etxetik urrun egotea, internetik gabe, lanez gainezka… baina ederra da Artikoan nabigatzeko zortea izatea. Gogoratzen dut itsas izotza lehenengo aldiz ikusi nuenean. Banekien existitzen zela, baina surrealista iruditzen zitzaidan ni bertan egotea, hain latitude altuan, ezerezaren erdian eta izoztutako itsas urez inguratuta 4000 m-ko ur zutabe baten gainean flotatzen.

Zure tesian, etorkizuneko proiekzio-klimatikoen ziurgabetasunak handiak direla aipatzen duzu. Zer dela eta? Ziurgabetasun horri egoki erantzuteko zer da beharrezkoa eta aproposena?

Datuak biltzea etengabe. Ziurgabetasunak handiak dira oraindik gauza asko ulertzen ez ditugulako. Gainera, proiekzioek funtzionatu egin dezaten “balidatu” egin behar dira. Ni ez naiz horretan aditua, baina erraz esateagatik, balidazio horiek egiten dutena da modelo klimatikoa ezaguna den erregistro baten kontra ebaluatu. Hau da, nik badakit tenperatura horrenbeste aldatu egin zela X urtetik Y urtera neurketak ditudalako, ba horren gainean frogatuko dut nire modeloa. Nire modeloak erregistro hori “imitatzea” lortzen badu pentsa dezaket etorkizuneko proiekzioak ere funtzionatu dezakeela. Beraz honek funtzionatu dezan lehenengo pausua da iraganeko erregistro luze eta fidagarria izatea, modelo klimatikoak horiekin alderatu ahal izateko. Arazoa izan ohi da iraganeko erregistro asko errorearekin datozela. Gure kasuan esaterako, gure itsas hondoko tenperaturak ± 1 °C-ko errorea dute.

Azken boladan irakurritako artikulu zientifiko askotan aipatzen da proiekzio klimatikoek Artikoa gehiago urtzea aurreikusten dutela. Honen harira, zeure ibilbide eta jakintzatik zer duzu esateko?

Ez da bakarrik proiekzioek izotz estalkiak are gehiago murriztea aurreikusten dutela, aldaketa horiek gertatzen ari dira gaur jada eta datu guztiek berdina erakusten dute.Ez dugu zertan itxaron proiekzio dramatiko horiek heltzen direnean zerbait egiteko.

“Think global, act local” filosofiari tiraka, Artikoan gertatzen dena ez da Artikoan bakarrikgeratzen, ezta?

Ez. Lehen azaldu bezala, sistema klimatikoa bat da eta ez hori bakarrik, baina jendartea ere erabat konektatuta dago gaur egun. Askotan aldaketa klimatikoaren eta Artikoaren inguruan hitz egitean burura datorkigun irudia izotz bloke baten gainean dagoen hartz polar gaixoarena da. Baina hori ez da aldaketa klimatikoak izango duen ondorio bakarra. Aldaketa klimatikoak, izotzaren urtzeak eta gizakion eraginak kliman eta ingurunean aldaketak eragingo ditu (eragiten ari da jada) poloetan eta baita poloetatik urrun bizi diren komunitateetan, jaten dugun janarian, gure eguneroko bizimoduan eta beste hainbeste gauzetan. Estrategikoki oso ideia ona da aldaketa klimatikoa deshumanizatzea eta hartz polar bat jartzea irudi bezala, baina ez da justua, urrun sentiarazten gaituelako eta daukagun ardura kentzen laguntzen duelako (“hau ez da hemen gertatuko den zerbait, urrun tokatzen zait, nik ez dut zerikusirik”) baita gure eragiteko motibazioa txikitzen duelako (“hartz gixajoa baina bera da biktima bakarra”). Agian sinplistegia da nire irakurketa, baina ados nago gure auzo eta herrietan gauzak aldatzeko ikuspegi globala izan behar dugula, eta mundua aldatzeko gure auzo eta herrietatik hasi behar garela.

Zure ikerketa soziologiarekin lotuz, Zygmunt Bauman soziologoaren esanetan generazio likidoaren zati omen gara. Zeure begiekin ere Artikoko izotza urtzen ikusiko zenuen, solidotik likidora, itsas-maila ere igotzen. Inflexio puntu konplexu batean gaudela uste duzu? Zer duzu gehitzeko?

Irakurri behar izan dut pixka gizarte likidoaren inguruan galdera honi erantzuteko (bai, zientzialariok ez dakigu dena eta askotan Wikipedia da lehenengo begiratzen dugun orria). Irakurri dut ezegonkortasuna, ezjakintasuna eta indibidualismoa direla nagusi generazio likidoan. Klimara eramanda, klima beti izan da ezegonkorra, aldatu egin da Izotz Aro eta aro beroagoen artean. Lehen ikusi dugun bezala Izotz Aroek ere izan zituzten ia bat-bateko beroaldiak eta denbora eskala txikiagoetan oszilazio klimatikoek klima urte, sasoi eta aste gutxietan alda dezakete. Klima gero eta ezegonkorragoa da faktore naturalei giza aktibitatea gehitu behar diogulako eta horrek ez jakina zaigun leku batera garamatza. Baina aldi berean, inoiz baino hobeto dakigu, zientziari esker, gure ekintzen arabera zenbat igo daitekeen gure Lurraren tenperatura. Gure esku dago bide bat edo bestea hartzea. Gure esaten dut pluralean, eta ez nire. Askotan klima aldaketaren aurrean zer egin dezakegun irakurtzen dugunean, denak dira ekintza indibidualak. Ondo dago eta beharrezkoa da norberak maila pertsonalean hobetu ditzakeen gauzak hobetzea, baina ez da nahikoa. Kolektiboki aldatu behar dugu, ardura nagusia indibiduoetan jartzeari utzi eta goian daudenei kontuak eskatzen hasi.

 Gaztetasunetik eta zeure jakintzatik, klima aldaketaren desafioaren aurrean zein hausnarketa pertsonalari emango zenioke bide?

Nik zientzia naturalen ikuspegitik irakurtzen dut klima aldaketa lanean nagoenean. Baina ni bigarren generazioko immigrantea naiz, nire aita marokoarra delako, eta ni neu immigrantea izan naiz Italian, Frantzian, Kanadan eta gaur egun Norvegian. Beraz kostatzen zait aldaketa klimatikoan pentsatzea modu zientifikoan esklusiboki.

Nik pribilegio asko ditut, besteak beste, pasaporte europarra dudalako eta nahi dudan lekura mugitu naitekeelako arazo handirik gabe. Baina zer gertatuko litzateke pasaporte hau ez banu eta nire herrialdean aldaketa klimatikoaren ondorioz bertan bizitzea posible ez balitz? Nora eta nola egin dezakezu alde? Badira pertsona migratu, errefuxiatu eta asilo eskatzaile asko jada beste hainbeste arrazoirengatik eta orain klima aldaketa ere arrazoi horietako bat da. Paradoxa da aldaketa klimatikoa gehiago sufrituko duten pertsonek, ez dutela ardura handiena klima aldaketa eragiten. Beraz aldaketa klimatikoaren gai hau tratatzeko neurketa eta datu guztiz objektiboen beharraz gain, justizia klimatikoa eta soziala ere behar dugu.

28 urte ditut eta ez daukat gogo handirik mundua sutan ikusteko zahartzen noan heinean. Agian pixka bat naïve naiz, baina konfiantza dut gauzak hobeto egin ditzakegula eta garaiz gaudela etorkizun ona eta justua eraikitzeko planetarentzat eta planetan bizi garen guztiontzat.