Zabaldu da UPV/EHUko Uda Ikastaroetan izena emateko epea
UPV/EHUko Udako Ikastaroek ezagutzaren aldeko apustu garbia egiten dute, gizartea eraldatzeko motor gisa. 44. edizioan, elkarbizitza, demokrazia, parte-hartzea, kolektibotasunaren zentzua eta talde-lana bezalako gai nagusiak nabarmenduko dira.

Uda Ikastaroen 44. edizioaren aurkezpena izan da gaur Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan. Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak 2025eko edizioari buruzko argibideak eman dituzte.
Ekainaren hasieratik irailaren amaiera bitartean 152 Uda Ikastaro eta 14 workshop programatu dira. Eskaintza kopuruaren araberako hurrenkeran, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan izango da jarduera multzorik handiena. Hirietatik harago, Uda Ikastaroak lurraldean zehar ibiltari izateko helburua oinarri, Ataun, Auritz-Burguete, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Miñao Gutxia, Mutiloa, Lekeitio, Lesaka, Oñati, Zerain eta Zubietara hedatuko da eskaintza.
Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko errektoreak nabarmendu duenez, "bizi ditugun garaiotan geroz eta garrantzia handiagoa hartzen du ezagutzaren aldeko apustuak. Are gehiago, apustu horrek markatzen du diferentzia. Eta oinarri zientifikoa duten egiaztatutako datuak ere ezbaian jartzen diren garaiotan, inolako oinarririk gabeko argudioak bolo-bolo zabaltzen diren egunotan, ezinbestean jarraitu behar dugu ezagutzan sakontzen”.
UIK, ezagutzaren dibulgazio eta gogoetarako elkargunea
UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) urte luzetako eskarmentuari eta jakintzaren esparruan lanean ari diren mota guztietako erakundeekin eta norbanakoekin eraikitako elkarlanari esker, Uda Ikastaroak gizartearen erronken inguruko dibulgazio, eztabaida eta gogoetarako erreferentziazko elkargune bihurtu dira, eta kalitatezko formazio programa eskaintzen da urtero.
Aliantzak estrategikoak dira UIKrentzat, eta, zentzu horretan, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta BBVA Fundazioak proiektuarekiko duten konpromiso sendoa.
Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak argi adierazi du, “BBVA Fundazioarentzat, UPV/EHUren Uda Ikastaroak babestea gizartearentzat funtsezkoak diren balioak ordezkatzen dituen espazio baten aldeko apustua da: pentsamendu kritikoa, ezagutzarako sarbide berdintasuna eta herritartasun prestatu, informatu eta parte-hartzaile baten sustapena. Aurten, 44. edizioarekin, berriro erakusten da UIKk ez duela soilik zerbitzu publikoarekiko bokazioa mantentzen, baizik eta urtez urte berrasmatzen dela, gure garaietako erronka nagusiei erantzuteko. Iraunkortasuna, elkarbizitza, adimen artifiziala eta hezkuntzaren eraldaketa dira oraina eratzen duten eta gure etorkizun komuna baldintzatuko duten gai nagusietako batzuk”.
Idoia Otaegui UIKko Zuzendari akademikoaren hitzetan “ezagutzaren aktibistak aurrez aurre elkartu nahi ditugu eta informazio objektibo, erreal eta kritikoaren aldeko pausoa emateko gonbidapena egin nahi dugu, kontuan hartuz ezagutzaren alde norbanakook egiten ditugun apustu pertsonalek kolektibo osoan eragiten dutela. Horixe da aurtengo kanpainako irudiarekin eta mezuarekin aditzera eman nahi duguna. Zentzu horretan, asmo handiko programa garaikidea prestatu dugu eta hausnarketa eta eztabaida interesgarriak eragingo direla uste dugu pertsonalki eta kolektiboki, gizarte gisa, aurrera egiteko”.
Ziklo estrategikoetan ardaztutako programa
Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak, eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa zein Zientzia eta Teknologiari dagozkionak.
Elkarbizitza, garaiko erronka nagusia
Bizi dugun garai geopolitikoaren isla, zehar lerroan edo modu nabarmenduan elkarbizitza, demokrazia, parte-hartzea, kolektibitatea eta talde lanaren balioak nabarmenduko dira, oro har, 2025eko Uda Ikastaroetako edukietan. Era berean iraunkortasunak eta Adimen Artifizialak gogoeta eta eztabaida gai garrantzitsu izaten jarraituko dute.
Jarraian dituzue 2025eko edizioa osatzen duten ziklo nagusiak eta bakoitzean topa daitezkeen ikastaroei buruzko laburpena.
Kultura eta arteari loturiko hezkuntzak norbanakoei edozein diziplinatan funtsezkoak diren sentikortasuna, berrikuntza eta pentsamendu kritikoa garatzeko aukera ematen diela argi du UIKk, eta hala nabari da aurtengo ikastaroen eskaintzan. Hizkuntza aniztasunak garapen jasangarrian, bereziki Euskadin, duen zeregina aztertuko da adibidez Kultura, Euskara eta Garapen Jasangarria: Etorkizun Komun Baterantz ikastaroan. Artista esanguratsuei eskaini ohi zaien tartean, Koldobika Jauregiren heriotzaren urteurrenean, artistaren ibilbide artistikoa, soziala eta kulturala aztertuko dira. Era berean, Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenean, haren lanaren inguruko gogoeta egiteko parada izango da, eta Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, sortzailearen musika ondarea eta nortasunari buruzko diziplina anitzeko esplorazio sakona eskainiko da.
Kultura eta artearekin batera, ondareari eta arkitektura zein hirigintzari loturik hainbat ikastaro izango dira eta, ziklo paralelo gisa, hizkuntzalaritza eta literaturari loturiko eskaintzan, HIGA- Hizkuntza Gutxituetako Gazteen Topaketa; Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen 1992ko Europako Gutuna ezagutzera emateko Uda Ikastaroa eta Mariasun Landa eta Luisa Etxenike idazleen eskutik literatur sormena lantzeko ikastaro bana izango dira besteak beste.
Gizarte gaiei buruzko Uda Ikastaro eskaintza zabala izango da: bizi dugun gatazka giroari lotuta, gaur egun bakea nola ulertzen den eztabaidatuko da Bakearen eta Europar Batasunaren paperaren ikuspegiak mundu multipolar batean izeneko ikastaroan; aldi berean, Europar Batasunak gaur egungo nazioarteko sisteman bakea eraiki eta sustatzeko duen edo izan beharko lukeen zereginari buruz gogoeta kritikoa egingo da. Hari berari jarraiki, Gaza eta Kolonbia: Gosea gerrarako arma eta elikaduraren segurtasuna bakerako faktore Uda Ikastaroan, gatazkaren eta gosearen arteko harremanaren garrantzia eta dinamikak aztertuko dira, baita elikadura segurtasunak bakearen eraikuntzan egiten duen ekarpena ere; gazteen emantzipazioari lotuta, etxebizitzaren, formakuntzaren eta lanaren ardatzak landuko dira, eta feminismoaren begiradatik, antropologia feministaren aitzindarietako bat izan zen Maria Dolores Juliano Corregido gizarte antropologo argentinarrak gizarteko sektore baztertuetako emakumeekin egindako ikerketetan oinarrituriko ikastaroa izango da. Era berean, askoren artean, etxeko eta zaintzako lanaren baldintzei buruz hausnartuko da, eta eskubideak bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko estrategia publikoak aztertuko dira.
Osasun arloko etengabeko prestakuntzak aurrerapen mediko berrietara egokitzeko eta denboran zehar bizi-kalitatea hobetzeko aukera eskaintzen du. Aurtengo Uda Ikastaroetan sendagai eta kontsumo desegokiko droga gisa fentaniloaren inguruko ezagutzan sakonduko da; zaintza aringarriak garatzeak ekarriko dituen onurak azaleratuko dira; suizidioaren gaia ikusarazteko eta prebenitzeko eta, aldi berean, doluari aurre egiteko estrategiak aztertuko dira; eta, beste ikastaro askoren artean, emakumearen osasun mentala, nutrizionala eta fisikoa bermatzeko kirolak duen funtsezko funtzioan sakonduko da.
Ziklo paralelo gisa, psikologia eta psikiatria alorreko ikastaroak izango dira: Neuropsikiatriako Espainiako Elkartearen (AEN) 2025eko Mendeurreneko XXIX. Kongresua izango da, adibidez, Konplexutasunaren Paradigma izenburupean. Biltzar honen helburua buruko sufrimendua duten pertsonekiko ulermenean eta elkartasunean sakontzea da.
Etengabe hezten jarraitzeko eskaintza oparoa dute eskura hezkuntzako profesionalek: haurrak zein gazteak naturan hezteko prozesuan, dimentsio eta testuinguru anitzetan, bidelagun izateko gakoak eskainiko dira; heziketa fisikoaren baitan egoera motor kooperatiboek eta ikaskuntza kooperatiboak ikasleen jokabide motorrean, giza harreman positiboetan eta inklusioan duten ekarpenaren garrantzia landuko da; hezkuntza inklusiboari dagokionez, aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleei zuzendutako lanbide heziketaren inklusio ereduak, erronkak eta aukerak aztertuko dira; pisuaren estigma, aniztasuna, onarpena eta gorputzaren ahalduntzea landuko da Gorputz aniztasuna, bizikidetzarako gakoa ikastaroan; gazteak konfiantzatik, segurtasunetik eta errespetuz euren sexualitatea bizitzeko prozesuetan laguntzeko beharrezko gakoak emango dira; eta, besteak beste, Adimen Artifizialaren aplikazio etikoetan eta erreminten aukeretan sakonduko da.
Zuzenbidean ikasketa jarraitua ezinbestekoa da etengabeko aldaketa legal eta sozialetara egokitzeko. Norabide horretan antolatu dira Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroak non gaurkotasun handiko gaiak jorratuko diren. Era berean, Europar Batasunaren proiektuak gaur egun dituen erronka nagusiak aztertuko dituen ikastaroa eta Europar Batasuneko eta estatukideetako zuzenbidearen esparruan, Migrazio eta Asilo Itun berriaren edukia eta garrantzia aztertuko dituen ikastaroa izango dira. Bestalde, autogobernuaren bilakaera eta egungo egoera eztabaidagai izango da; eta Euskal Herriko eta Europako parlamentuak XXI. mendeko erronken aurrean jarri, haien erronken agenda aztertu, eta jardunbide egokiak partekatzeko solasgunea eskainiko da.
Gaurkotasun handiko beste zenbait gai ere landuko dira: neuroeskubideek berekin dakartzaten ondorioak kritikoki aztertuko dira; Compliance programa sendo eta eraginkorrak ezartzeko behar diren tresna eta estrategiak ezagutzera emango dira, edo, askoren artean, Adimen Artifizialari dagokionez giza eskubideak eta datuen babesa izango dira aztergai. Ziklo paralelo gisa, kriminologiari buruzko ikastaro eskaintza interesgarria izango da.
Askotariko ikuspegiak landuko dira ekonomia eta enpresari dagokionez. Ikuspegi kritiko batetik, erreprodukzio sozialeko sistema gisa dituen kontraesanak ulertzeko kapitalismoaren dimentsio ezberdinak aztertuko dira. Enpresa txiki eta ertainei zuzendurik erresilientzia eta lehiakortasun handiagoarekin egokitzeko estrategiak eta irtenbide irisgarriak aztertuko dira, bereziki euskal ekonomiaren sektore estrategikoei dagokionez, hala nola automobilgintzari, makina-erremintari, altzairuari, ardoari eta txakolinari; ehungintzaren industrian, oro har, eta modarenean bereziki, berrerabilpenean eta birziklapenean dauden erronka nagusiak eta ekonomia sozial eta zirkularrerako trantsizioa bultzatzen duten irtenbideak aztertuko dira; ekonomia eta enpresari buruzko ikastaroen artean, bestetik, hiri inguruneetatik harago FABLABek duten garrantzia nabarmendu nahi da, landa eremuen eta hiriaren periferiako garapen jasangarriari nola lagun diezaioketen erakutsiz.
Zientzia eta teknologiako aurrerapenek berebiziko garrantzia izango dute Uda Ikastaroetan. Adimen Artifizialak (AA) eskaintzen dituen aukerak eta dituen arriskuak leku nabarmena izango du 2025eko edizioan. AAk desgaitasunen bat duten pertsonen bizitzan duen eginkizun eraldatzailea aztertuko da; enpresan berrikuntzarako AA Sortzailea hainbat sektoretan erabiltzeko tresnak eta ezagutzak eskainiko dira; eta, besteak beste, AA Sortzaileak eta beste teknologia emergenteek komunitate zaurgarrietan duten eraginean sakonduko da.
Mugikortasunari loturiko bi ikastaro izango dira, hiri-logistika eredu eraginkorragoak eskaintzen dituzten teknologia eta adibide berriei buruz eztabaidatuko da batetik, eta, bestetik, hirietako bizi-kalitatea hobetzeko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planen egungo egoerari buruzko ikuspegi integral eta eguneratua eskainiko da. Bestelako alorrei dagokionez, Quantum Computing ikastaroan konputazio kuantikoko oinarri eta aurrerapen teknologikoen ikuspegi integrala hizpide izango da; eta hondamendi naturalen ondorioak prebenitzeko edo arintzeko informazio sistemen arloan dauden tresnak aztertuko dira, adibidez.
Iraunkortasuna gai ardatza da gizartean eta interes nagusi gisa zein zehar lerroan hausnarketa gai nagusietako bat izango da Uda Ikastaroetan. Hainbat ertzetatik helduko diogu gaiari: klima-aldaketaren aurrean eta bero-boladen aurrean hiriak egokitzeko irtenbide berritzaile eta iraunkorrak aztertuko dira; nekazaritzan klima aldaketara egokitzeko erronka nagusiei buruz hausnartuko da; Euskadiko ingurumenaren egoera ezagutarazteko Ingurumena Neurtzeko Eskola Aurreratua izango da; klima- eta ingurumen-aktibismorako komunikazio estrategikoaz aritzeko aukera izango da, eta beste ikastaro askoren artean, lehen sektoreari dagokionez kontsumoaren eta ingurumen inpaktuaren arteko harremana nolakoa den azaleratuko da.
UIKk iraunkortasunarekiko konpromiso sendoa du, eta ikastaroez gain, 2020. urtean abiatu zen Donostia Sustainability Forum (DSF) foro iraunkorraren baitan jarduera irekiak izango dira interesatu ororentzat.
UIK munduan
UIKrentzat, ezagutzaren transferentzian nazioarteko ikuspegia funtsezko estrategia da. Atzerriko aditu eta ikasleen parte-hartzeak balio erantsia ematen diote UIKren jardunari, eta helburu hori oinarri duten ikastaro ugari aurkezten dira aurtengo programazioan. Nazioarteko harremanei buruzko zuzenbideko ikastaroak izango dira; demokraziaren berrikuntzan sakontzeko nazioarteko adituen ekarpenak jasoko dira; Europako deportazio nazien esparruei buruzko ikastaroan nazioarteko begirada eskainiko da; hiri jasangarriak eraikitzeko ereduei buruzko nazioarteko topaketa ospatuko da eta, askoren artean, diasporako euskal gazteei zuzendurik euskal dantzaren ezagutza teoriko eta praktikoan sakontzeko aukera emango da. Era berean, HIGA hizkuntza gutxituetako hiztun gazteentzako nazioarteko bost eguneko topaketa izango da, hizkuntza horiek biziberritzea eta mundu mailako hizkuntza komunitate ezberdinen arteko elkarlana sustatzea du helburu.
Uda Ikastaroez gain, UIKk urte osoan zehar ikastaro espezializatuak antolatzen ditu, eta udaldian, nazioarteko aditu ugari bilduko dituzten jarduerak eskainiko dira.
Gainera, Baionan ospatuko den Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen laugarren edizioa ospatuko da, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko bost unibertsitate publikoekin eta tokiko erakundeekin elkarlanean. Europako beste euroeskualdeetan bezala, ezagutza partekatzeko eta lurraldearen kohesioa indartzeko bide berriak irekitzea du xede, etorkizuneko erronkei elkarlanean erantzuteko.
Parte-hartzea sustatuz
Ikastaro gehienak aurrez aurreko formatuan eskainiko dira, eta kasu askotan, online zuzenean parte hartzeko aukera ere izango da. Formatu tradizionalez harago, metodologia parte-hartzaile berritzaileak erabiliko dira hogeitabost Uda Ikastaro baino gehiagotan. Horien artean, bost ikastaro Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker garatzen den TopaGune proiektuaren barruan kokatuko dira.
Zenbait ikastarotan, gainera, esperientzian oinarritutako ekimenez gozatzeko parada izango da, Koldobika Jauregi artistari buruzko ikastaroaren kasuan, adibidez, Ur mara Museoa ezagutzeko aukera izango da. Artea eta astronomia izenburupean garatuko den ikastaroan izango diren saio praktikoetan, ikasleek astrolabio bat eraikitzen, planisferio bat erabiltzen eta aplikazio astronomikoak erabiltzen ikasiko dute; teleskopio bat nola erabili ere erakutsiko da, eta eguzki-behaketa egingo da.
Matrikulazio epea zabalik
- Matrikulazio epea zabalik da dagoeneko, eta ikastaro bakoitza hasi arte izena-emateko aukera izango dute interesatuek.
- Epea: maiatzaren 8tik ikastaro bakoitza hasi arte.
- Izen-ematea: www.uik.eus
- UPV/EHUko Uda Ikastaroei buruzko informazioa: www.uik.eus
Prezioaren murrizketei dagokionez, ikastaroetan matrikulatzerakoan zein ostatuari dagokionez, kolektibo mota ezberdinei zuzenduriko hainbat motatako beherapenak daude. Informazio orokorraz gain, gomendagarria da ikastaro bakoitzaren jarduera fitxa zehatza kontsultatzea.
18 eta 25 bitarteko gazteei Uda Ikastaroetan murgiltzeko erraztasunak emate aldera eskaintza berezia izango dute. Ekainaren 30a baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro gehienetan.