Berri guztiak

Askatasunaren errespetua eta borondate pertsonalaren autonomia gaixotasunean zehar eta heriotza-prozesuan ere mantendu behar dira

Hiltzearekin erlazionaturiko guztia kezka eta eztabaida iturri da. Izan ere, beti esan ohi da medikuntzaren eta zientzien aurrerapenek bizitza bera eta bizi-funtzioen mantentzea luzatu dituztela orain dela urte batzuk pentsaezina zitekeen eran. Hori, ordea, lehen mundua deritzonean gertatzen da. Aldi berean, gaitasun teknologiko horri beste elementu batzuk gehitzen zaizkio: populazioaren zahartzea eta gaixotasun kronikoen igoera, dela endekapenezkoak dela itzulezinezkoak, sendaezin bilakatzen dira, eta bizi pronostiko laburrarekin eta sufrimendu pertsonal eta familiarrarekin lotzen dira, teknifikaturiko osasun-arretaren testuinguruan.

Halaber, gurea bezalako jendarte demokratikoan, aipaturikoarekin batera, banakoaren askatasuna eta pertsona bakoitzaren borondatearen autonomia mantendu behar dira gaixotasunaren tenorean eta baita hiltzeko prozesuan ere. Autonomia pertsonalak erlazio klinikoa errotik aldatzen du, eta uste dugu pertsona bakoitzarekin aplikatu beharko litzatekeela eta, horretarako, ordenamendu juridikoak zehaztu eta babestu behar duela, bizi-proiektu oro eta heriotza duinaren proiektu guztiek babesa jaso dezaten. Ondorio horretara helduta, ikusten dugu hori guztia ez dela lan makala.

Oinarri intersubjektiboak biltzen dituzten arauak dira, zeinek hiltzen garenean egin behar eta egin behar ez dena arautzen duten, baimenduta dagoena eta ez dagoena definitzen duten, arreta-zerbitzuak proiektatzen dituzten… Eskubide eta betebeharrak biltzen dituzten arauak, hiltze-prozesu orotako pertsona guztiak zaintzen dituztenak dira herritarren bizi-proiektu ezberdinak babestu behar dituztenak eta gure askatasun eta parekidetasuna ziurtatu behar dutenak. Segurtasun juridikoa emateaz gain, etika zibilaren eta herritarren formakuntza eraikitzeaz arduratu behar dute. Haatik, oso ondo dakigu arau horiek ez direla inoiz perfektuak izango.

Uda Ikastaro honek bizitzaren amaieran banakook ditugun eskubideak ditu hizpide. Positiboa eta erabilgarria da eskubide horiei buruz hausnartzea, hiltzea kontu pertsonala eta soziala baita: denok hilko gara eta denok gure erara egin nahi dugu, instituzioek eta gure senide, lagun eta profesionalek babestuta. Horregatik, beharrezkoa da betebehar eta eskubideei buruz hitz egitea, guri laguntzeko daudelako hor. Eskubide esplizituak behar ditugu, artatzen gaituzten profesionalentzat erabilgarriak direnak eta baita lege-marko demokratiko bat, giza baliabideak eta beharrezkoa materialak ere. Arau horiek galarazi beharko lukete norbait babesik gabe, arretarik gabe edo abandonatua egotea, baita abusua pairatzea ere. Arauek sinpleak eta argiak izan behar dute, batere korapilatsuak eta ahalik eta koherenteenak. Errealitatera egokitu behar dute, eta ahalik eta hobekien egiteko, heriotzak pizten duen kezka horren baitan, asko pentsatu, entzun, ikasi, hitz egin, sentitu, lagundu eta hausnartu behar da. Etika behar dugu instantzia kritiko moduan. Marko bat da, ikastaroaren izenak dioen bezala, baina, guztiaren gainetik, sostengu eta oinarria da, gizaki moduan sor dezakegun egitura.