Berri guztiak

Carme Colomina: “Ez daukagu gatazka jakin batzuetan bitartekari gisa jarduteko autoritate aitortua duen erakunderik”

Ikertzaileak Europar Batasuna bezalako instituzioak ikuspegi globalean boterea galtzen ari direla nabarmendu du, eta hegoalde globala gorantz doala.

Carme Colomina Donostiako Miramar Jauregira gerturatu zen Demokrazia birpentsatzea eta eraikitzea eraldatzen ari den nazioarteko ordenaren testuinguruan izeneko Uda Ikastaroko hizlari gisa, Incertidumbre Global: “Perspectivas geopolíticas en un mundo fragmentado” deritzon hitzaldia emateko. CIDOBeko (Barcelona Centre for International Affairs) ikertzaile seniorra da, Europar Batasunean, desinformazioan eta politika globalean espezializatua, baita editorea eta Argitalpen Kontseiluko kidea ere.

Zertan datza zure ponentzia?

Nire ponentziak geopolitika berrien ondorioz bizitzen ari garen eraldaketak helarazi nahi zituen; nola aldatzen joan den Estatu Batuen nazioarteko boterea, Txina ez ezik, hegoalde globaleko beste hainbat potentzien gorakada ere nola ematen ari den, Indiaren papera, nola Europar Batasuna galduta dagoen aldaketa guzti hauen barruan eta Estatu Batuekin izandako erlazio tradizionalen hausturaren ondorioz, etab.

Guzti hau aldatzen ari da, ez geopolitika eta nazioarteko harremanak soilik, baita geoekonomia ere. Potentzia berrien agerpenaren ondorioz, harremanak eta fluxu komertzialak hegoalde globalera joateko joera hartzen ari dira. Adibidez, pandemiak eragindako zaurgarritasun egoeraren ondoren, balioen kateak moztu egin dira. Ondorioz, aliantza berriak eraikitzeko beharra dago.

Zergatik ari gara bizitzen hegoalde globaleko hainbat herrialdeen gorakada eta potentzia ziren hainbat herrialdeen beherakada?

Askoz ere dibertsifikatuagoa dagoen mundu batean bizi gara, hau da, gero eta aktore gehiagoren parte hartzea dago eta aliantza berriak eraikitzeko beharra. Hazkunde bat bizi duten herrialdeak daude, Brasil edo India bezalakoak; ez aktore erregional moduan soilik, Europar Batasunerako oso garrantzitsu bilakatu diren aktore gisa baizik, izan ere, EBk dibertsifikatzeko beharra du. Hegoalde globaleko herrialde hauek etorkizunean potentziak izango dira eta batzuk jada badira potentzia. Beraz, oreka tradizionalean aldaketa bat dago; iparraldeko gainbehera bat dago, hegoaldearen aldekoa dena. Errealitate berri honetara egokitzeko beharra dago.

Horrek, adibidez, aliantza berriak osatzeko beharra azaltzen du; nola India elkartze askeko akordioak sinatzen ari den Erresuma Batuarekin edo Latinoamerikako hainbat herrialdeekin; horrek EBk Mercosur-ekin duen akordioa berresteko beharra azaltzen du, Mexiko, Kanada edo Japoniarekin zituen akordio bilateralekin egin duen moduan; nola India eta Txina bezalako herrialdeek, orain dela bost urte arazo militarrak zituztenek haien mugetan, haien harremanak normalizatu dituzten; nola Txina eta Estatu Batuen eta Europar Batasunaren eta Errusiaren arteko harreman bilateralak murriztu diren, baina, aldiz, aktore guzti hauen arteko harremanak ugaritu egin dira. Beraz, askoz ere konplexuagoa da mundua gaur egun.

Zer eragin du trantsizio demografikoak guzti honetan?

Europar Batasunak mundu berri honetan kokatzeko duen beharraren aurrean, arazoetako bat trantsizio demografikoa bezalako barne-trantsizioak dituela da. 1900. urtean, europarrak mundu osoko biztanleriaren %25-a ziren; 1970ean %15 izatera pasa ziren; gaur egun %6-a gara eta 2030erako %4-a izatera pasako gara. Beraz, Europa etengabe txikiagotzen eta zahartzen ari den kontinente bat da; batez besteko adina ere handitzen doa. Honek ondorio geopolitikoak ditu lider izan nahi duen lurralde batentzat, Europa geopolitikoa izan nahi duen lurralde batentzat, baina munduko zati oso txiki bat errepresentatzen duenarentzat. Ondorio sozial eta geoekonomikoak ere baditu. Europako ongizate estatuaren inpaktuan ikusi da, izan ere, gainbehera nabarmena bat bizi du azken urteetan. Honek Europar Batasunak bere eredua birpentsatzera eraman du.

Zaurgarritasun kontzientzia horren barruan, Europar Batasuna bere DNA eraldatzen ari da, bere bizilagunen aldetik sentitzen duen larrialdi eta mehatxu sentsazioaren ondorioz. Maila ekonomikoan eta lehiakortasunean birpentsatzeko beharra duen Europar Batasun bat da gaur egungoa, baina esan beharra dago bere botere biguineko izaera aldatzen ari dela, hau da, ahalmen ekonomikoan oinarritzen zen botere izaera. Orain, berrarmatze prozesu batean murgildu da, botere gogor batean bilakatzeko prozesuan, erakunde gisa inoiz definitu ez duen ezaugarri bat eta, beraz, erakundearen DNA edo oinarrizko izaera guztiz eraldatuko duena. Ikusiko dugu ea zein eragin izaten dituen berehalako etorkizunean.

Nola eragiten du iritzi publikoan herritarrok daukagun informatzeko moduak? (Gaur egun arruntagoa da sare sozialen bidez jasotzea informazioa eta ez hainbeste objektiboagoak izan ohi komunikabide tradizionalen bitartez).

Digitalizazio prozesu honek arlo geopolitikoan eta sozialean bi eragin nagusi ditu. Lehenik eta behin, prozesu guzti honetan, plataforma teknologiko nagusiak gatazka askotan epaile eta eragile diren aktore internazional bilakatu dira. Adibidez, Ukrainako gerran duten garrantzian ikusi dugu. Epaile eta eragile dira datuen erabileraren bidez, zaletasunen, gustuen, joeren, beharren eta kontsumitzen dutenaren ezagutza izatearen bidez herritarrekiko sekulako boterea dutelako. Datu horien analisia gobernuek duten ezagutza baino askoz ere handiagoa da. Beraz, plataforma digital handi hauen aldeko botere-simetria oso argia dago.

Gainera, digitalizazio prozesu honek komunikabideen krisia ekarri du, eta errealitatea interpretatzeko monopolioaren jabe zirenena; alderdi politikoak, akademia, adituak edota sindikatuak. Guzti hau algoritmikoki kontrolatuak dauden plataforma erraldoi hauetan mugitzen den informazioaren alde. Plataforma hauek agenda propioa ere badute, eta ez gara kontziente jasotzen dugun informazioaren kontrolaren atzean dauden hierarkiez. Gainera, elkarrizketa publiko guztia hartu duen espazio bat da, gure bizitza hartu duena, gure aisialdia eta gure kontsumoa eta agenda, interes eta etekin pribatuen baitan mugitzen den espazio bat da. Halaber, gero eta toxikotasun maila altuagoa bereganatzen joan da, hau da, gero eta kontzientzia gutxiago dugu informazioaren inguruan dugun kontrol faltaz, zer den egia eta zer ez bereizteko dugun gaitasun faltaz. Eta plataforma hauek inguratzen duten errealitate honen baitan eraikitzen dugu gure iritzia.

Zergatik ematen zaie hainbesteko garrantzia Gaza edo Ukrainako gatazkei (garrantzi hori izatea merezi dutela argi badago ere) eta ez hainbeste ahaztutako gatazkak izenekoei (Sudanen kasua, adibidez)?

Gatazka kopuruen gorakada bat bizitzeaz gain, azken urtean munduan dauden gatazken kopurua %20 igo da, inpunitate maila ere nabarmen igo delako. Gainera, mundu mailako instituzioen desegite prozesu bat bizitzen ari gara. Nazio Batuek, adibidez, gatazka jakin batzuetan esku-hartze gaitasuna galdu du. Bestalde, Afrikan zehar zeuden behaketa-misioen erretiratzea edo gabezia ikusten ari gara. Ez da soilik Sahel-ean gertatzen ari, baita Etiopian ere. Beraz, gero eta neurri handiago batean, gatazkak inongo zaintzarik edo behaketarik izan gabe garatzen dira, hau da, gobernu ugariren zigorgabetasuna areagotzen da, gardentasun faltarekin eta komunikabideen interesaren gabeziarekin batera. Ondorioz, giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten gero eta herritar gehiago daude munduan zehar, gerren efektuak, biztanleria mugimenduak eta horrelakoak pairatzen dituztenak. Guzti honek ere harreman publikoetan garrantzi handia hartzen du.

Zure ustez, Gazakoa bezalako gatazkak gelditzeko botere nahikoa duten erakunde edo gobernuak daude? Hala bada, zergatik ez da ezer egiten gatazka hauei amaiera emateko?

Oso zaila dela uste dut. Nazio Batuak da munduko herrialde guziak errepresentatzen dituen erakunde bakarra, eta zaharkitzen ari da. Guztiz zingiraturik dagoen segurtasun kontseilu bat du, gatazka jakin batzuetan pisua izateko ahalmena izango luketen ebazpenik argitaratzeko gaitasunik ez baitu. Azken aldian, batzar nagusitik ateratako erabakiek segurtasun kontseilutik ateratakoek baino esangura handiagoa dute.

Europar Batasuna ere gainbehera bat bizitzen ari da eta gero eta gaitasun gutxiago du munduan gertatzen denean eraginik izateko. Bere burua gero eta geopolitikoago bezala definitzen duen heinean, orduan eta botere gutxiago izaten ari da mundu mailan. Ukrainan nola baztertua izan den ikusi dugu, eta nola Gazan aktore izateari uko egin dion. Tradizionalki Europar Batasuna ez zen soilik emaile nagusia kasu hauetan, beti laguntza politika bat mantendu izan du, adibidez Palestinako autoritate nazionalarekiko, gaur egun galdu dena. Gauza bera gertatzen ari da, adibidez, Afrikako herrialde ezberdinetan zituen errepresentazio- edo bake-misioekin.

Beraz, momentu honetan gobernantzaren eta segurtasun kolektiboko markoaren krisi sakon bat daukagu. Gainbehera nabarmen batean gaude. Ez dugu aukerarik; momentu honetan, nazioarteko sistemaren desegite egoera honetan, ez dago gatazka jakin batzuetan esku hartzea izateko gaitasuna duen instituzio edo erakunderik.