Berri guztiak

Badira gas naturalaren aldeko erronka bertan behera uzteko alternatibak?

Testuinguru horretan, askotariko argudioak azaldu eta kontrajarri ziren, gas naturalak euskal enpresei eskaintzen dizkien aukeretatik eta gas naturalak berriztagarrirako trantsizioan duen paperetik hasita, alderdi kritikoagoetara, non zalantzan jartzen baitira gasaren mega-azpiegiturak finantzatzeko bitartekoak, baita haien inpaktuak ere igarotzen diren lekuetatik. Ikastaroan erakunde hauetako ordezkariak izan genituen: EEE, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU), Valladolideko Unibertsitatea, Observatori del Deute en la Globalització (ODG), Re:Common, eta Energiaren Behatoki Kritikoa.

Euskal Herriko Unibertsitateko Lourdes Bouzas irakasleak eman zion hasiera saioari, gas naturala ateratzeari, garraiatzeari eta banatzeari lotutako printzipio teknikoei buruzko aurkezpen batez, eta horren laguntzaz geroko eztabaidaren oinarri teknikoak finkatu ziren. Ondoren, Iñigo Capellán-Pérez Valladolideko Unibertsitateko ikertzaileak gas naturalak klima aldaketan dituen inpaktuei buruzko azken aurkikuntza zientifikoak izan zituen hizpide. Nabarmendu zuenez, gas naturalaren erabilerak CO2 emisioak gutxitzen baditu ere, berriki eginiko azterlanek metano galeren efektua aztertu dute hornidura kate osoan. Analisien arabera, metanoaren inpaktua klima aldaketan CO2-rena baino 86 aldiz handiagoa da, 20 urteko epemuga batean, eta, hori dela eta, hura ateratzean, garraiatzean eta banatzean dauden isuriak direla eta, inpaktuak orain arte uste zena baino askoz ere handiagoak dira.

Alfons Pérezek, Observatori del Deute en la Globalització ODGko kideak, ikuspegi kritiko batez, gasaren mega-azpiegituren atzean dauden finantzaketa bitartekoak azaldu zituen, baita energia azpiegiturak egiteko askotan dauden interesak ere, eta Italiako Re:Common GKEko kide Elena Gerebizzak ikuspegi hori berretsi zuen. Elenak, kontakizun baten modura, azpiegiturak zeharkatzen dituen herrialdeetan Gasaren Hegoaldeko Korridorearen eraikuntzak dituen inpaktuak azaldu zituen, eta inbertitzaileen inpunitatearen berri eman zuen, tokiko komunitateetan sortutako kalteen aurrean.

Etenaldiaren ondoren, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko energiaren arloko zuzendari Jorge Fernandezek hartu zuen hitza. Hitzaldian, gasaren inpaktuak oso ikuspuntu desberdin batetik aztertu zituen. Gas naturala Euskadiko prozesu industrialen lehiakortasuna eta efizientzia areagotzeko aukera modura aurkeztu zuen. Ikuspegi hori berretsi zuen EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak. Trantsizio energetikoan gas naturalaren beharra defendatu zuen Iñigok, berriztagarriek gaur egun ezin baitiote erantzun energia eskaerari. Goizean defendatutako bi jarrerak aurrez aurre jarri ziren gero, mahai inguru batean. Eztabaida aberasgarri bat eman zen, non hizlariek beren ikuspegiak azaltzeko aukera izan baitzuten, eta bertaratutakoei mikrofonoa ireki zitzaien, parte har zezaten. Eztabaidaren zati handi batean, gas naturalaren aldeko erronka bertan behera uzteko alternatibak aurkitzeari buruz hitz egin zuten; batzuentzat gaur-gaurkoz bideragarria ez bada ere, beste batzuek defendatu zuten gas naturalaren aldeko erronkak aukera kostu bat duela berriztagarrien garapenean eta akats bat dela, beraz, epe ertaineko estrategia batean.

Arratsaldeko saioari hasiera emateko, José Luis Velascok hartu zuen hitza, Energiaren Behatoki Kritikoko kideak. José Luisek Espainiako gas sistemaren ezaugarri nagusiak azaldu zituen, baita sistema horren ahalmen eta muga nagusiak ere, trantsizio energetikoan gasak bete beharreko paperari erreparatuta. Ikastaroari amaiera emateko, mahai inguru politiko bat egin zen, eta bertan, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten 5 taldeetatik 4 taldetako kideek eztabaidatu zuten, euskal trantsizio energetikoan gas naturalak izan dezakeen eginkizunari buruz.

Ikastaroa baliagarria izan zen Euskadiko errealitate energetikoaren alderdi nagusietako bat den gas naturala lehen lerrora ekartzeko, eta hainbat elementu eman ziren, gas horrek berriztagarrirako trantsizio batean bete dezakeen paperari buruzko eztabaida informatu baterako.