Berri guztiak

Biktima izateak ez dakar beti erasotzaile izatea

Argi utzi zuen haurtzaroan edota gaztaroan biktimizazioa edo esperientzia bortitzak izateak ondorioak sortu ohi dituela. Garapenaren biktimologia izena du horrek, eta biktimaren bizitza-garapenean esperientzia lazgarriek zer ondorio duten ikustean datza. “Garrantzitsua da horren jakinaren gainean egotea, balizko ondorioak gutxitu ahal izateko.” Biktima izateak erasotzaile bihurtuko duela esatea arriskutsua da, baina argi dago banakoaren garapenean eragina izan dezakeela.

Bestalde, honako ebidentzia hau plazaratu zuen: “biktima izan direnek berriz ere biktima izateko probabilitate handiago daukate”. Azkenaldian buruturiko ikerlanek frogatu dute hori, genero-indarkeriaren alorrean, non biktima izaera lege-erreformen araberakoa den, eta, oro har, haurtzaroan bizitako erasoen kasuan. Ez da guztiz argia, baina hainbat azalpen eman daitezke. Biktimaren nortasuna ez da guztiz osatua egoten haurtzaroko eta nerabezaroko biktimizazioa gertatzen denean eta, hortaz, eragin emozionala handiagoa da. Zerbait bortitza bizitzen dugunean, batez ere ingurukoengandik, hau da, maitatu beharko gintuzkeen baina min egiten digutenengandik, zauria uzten du horrek. Neurozientziaren eta epigenetikaren alorretako ikerlanek neuronen arteko konexioetan eta gure erreakzionatzeko moduan ere eragina izan ohi duela ikusi dute. Trauma hori bizitu ez duen pertsonak ezberdin jokatuko du biktima izan den haurrarekin alderatuta. Oraindik ikertzen diharduten kontua da, baina, dirudienez, biktima gertaturikoaren inguruko arrazoiak bilatzen hasten da eta, gainera, bere buruari egotzi ohi dio errua. Ez da ezeren errudun, baina bere buruari botatzen dio errua inkontzienteki. Halako traumak norberarekiko eta ingurukoekiko mesfidantza sortzen du. “Maite nauen pertsona bat niri edo amari min egiteko gai izan bada, beste edonori edozer egiteko gauza izango da!” Hori etorkizunarekiko mesfidantza bihurtzen da, etorkizunaren itxaropenarekiko mesfidantza.