Berri guztiak

Daniel Sorando: “Gazteak, emantzipatzea lortzen dutenean, tranpa batean erortzen dira”

Hizlariaren iritziz, gazteek alokairu pribatuaren bidez baino ezin dute gaur egun emantzipatu, eta horren ondorioz, haiek pobretu ahala etxejabeak aberasten dira.

Daniel Sorando Soziologian doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta, gaur egun, Zaragozako Unibertsitateko Gizarte eta Lanbide Zientzien Fakultateko irakaslea da. TopaGune Ikastaroa: Gazteen emantzipazioa hiru zutabe hauetatik abiatuta: etxebizitza, formakuntza eta lana ikastaroan parte hartu zuen, Espainian gazteek etxebizitzari dagokionez duten egoerari buruz hitz eginez.

Zer gai jorratu duzu zure hitzaldian?

Gaur, etxebizitzaren egoeraren inguruan hitz egin dugu, nola Espainian gaur egun etxebizitza tranpa bat den, baliabide ekonomiko gutxiago dituzten gazteentzat batez ere. Europako beste herrialdeetan ez bezala, emantzipatu nahi bazara alokairu pribatura jotzera behartzen zaituen sistema batean bizi gara. Beste herrialde batzuetan, hipotekatzeko edo alokairu publikora jotzeko aukera duzu. Gure gizartean, pertsona gazte gisa alokairu pribatuaren aukera duzu soilik, eta jabeen aurrean botererik gabe uzten zaituen merkatu bat da hura. Horrek pertsona asko haien gurasoen etxetik joan ezin izatea azaltzen du, eta hori egiteko ahalmena dutenak baliabide ekonomiko handiagoko familiako gazteak bakarrik izatea.

Zeintzuk dira gazteentzako emantzipatzea hain zaila izatearen arrazoiak?

Arrazoi nagusia politikoa da. 2008an Espainian egon zen krisiaren ondorioz, etxebizitzaren merkatua kaltetua irten zen. Ordutik, hori konpontzeko etxejabeei mesede egiten dien ekonomia politika batzuk aplikatu dira. Merkatu berri bat eraiki zen, errentagarritasuna alokairu pribatuan oinarritzen zuen markatu bat.

Hau politika eta arau konkretuak aplikatuz lortzen da eta gazteek emantzipatzeko duten zailtasuna ulertzeko hauek azaltzea ezinbestekoa da. Izan ere, egoera azaltzen ez badugu, jendeak gazteen errua dela pentsatu ohi du, alferrak direla eta anbiziorik ez dutela. Baina, errealitatea gauzak zailtzen dizkien sistema baten biktimak direla da, egoera haien gurasoek izan zutena baina zailagoa da, baita familia diruduneko gaztena baino ere, noski.

Zeintzuk dira etxebizitza inbertsio ondasun bezala erabiltzearen ondorioak?

Ondoriorik nabarmenena emantzipazioaren batezbesteko adinaren gorakada da. Espainian batezbesteko hau 30 urtetik gorakoa da, Europan 26 urte ingurukoa den bitartean. Gainera, 15-29 urte bitarteko emantzipatutako gazteen ehunekoari dagokionez, Espainian gutxieneko historikoetan gaude, %15. Errealitate honek Euskadin ere eragina du, bertan ehuneko hau are baxuagoa baita. Beraz, honen emaitza gazteek haien baitan garatu ezin dituzten bizitza asmoak dira.

Gainera, emantzipatzea lortzen dutenean, tranpa batean erortzen dira, izan ere, pertsona gazte hauek ez dituzte soldata oso altuak izaten, eta etxejabeei haien soldaten zati garrantzitsu bat ordaintzera behartuta daude. Etxejabeak, normalean, adinari dagokionez, zaharragoak izan ohi dira, haien bizitzetan zehar etxebizitza ezberdinen jabetza lortzen joan direnak. Beraz, diru baliabideen transferentzia bat gertatzen da, klase-ertaineko gazteen aldetik klase maila altuagoko eta adin zaharragoko pertsonetara.

Zergatik da tranpa bat etxebizitza?

Etxebizitza sistemaren tranpa bihurtu da, gazteak txirotzen ditu alokairuaren edo hipotekaren zama dela medio, eta bereziki alokairuan harrapatzen direnean. Alokairurako gastatu behar duten diru kopuruaren batezbestekoa, hipoteka batekoa baino nabarmen handiagoa da. Gauza da gazte gehienek ez dutela hipotekatzeko ahalmena. Era horretan, askotan, haien soldaten ia erdia ordaindu behar dute alokairurako. Bitartean, diru hori etxejabeen poltsikoetara doa, alokairuengatik jasotako dirua kenduta ere, seguruenik, biztanle arrunt batek baino soldata altuagoak dituzten etxejabeen poltsikoetara. Horrela, etxebizitzak klase ertaineko gazteak txirotzen ditu, diruaren hainbesteko beharrik ez duten pertsonak aberasten diren bitartean. Ondorioz, ezberdintasun egoera areagotu egiten da eta gazteak ziurgabetasunean murgiltzen dira, izan ere, ezin dute izan etxebizitza duinik, eta hori behar-beharrezkoa da haien bizitza-proiektua antolatzeko.

Zergatik pribatizatu dira etxebizitza sozial gehienak?

1952. urtetik gaur egunera arte ia zazpi milioi etxebizitza sozial eraiki dira Espainian. Gauza da, ohiko politika etxebizitza hauek bertan bizi zirenei saltzekoa izan dela. Honekin, bi efektu eragin dira. Alde batetik, etxebizitza hauen jabeak kontserbadoreagoak bilakatzea, izan ere, etxejabe zarenean zerbait daukazu kontserbatzeko eta horrek politika jakin batzuen aldeko posizioa hartzera eramaten zaitu, etxebizitzara irisgarritasun unibertsala izatea ezinezkoa egiten duten politikak. Beraz, bestalde, gobernuak uko egin dio etxebizitza baten beharra duten horiei bizileku duin bat bermatzeko aukera ematen zion erraminta bat izateari, hau da, etxebizitza sozialari. Gaur egun, aipatutako ia zazpi milioi etxebizitza sozial horietatik, 300.000k soilik jarraitzen dute publikoak izaten. Etxebizitza baten beharra duten biztanleak 300.000 baino gehiago dira.

Zergatik ez da dirurik inbertitzen arazo hau konpontzen? Konponbiderik du? Baikorra zara?

Etxebizitzaren egoera Espainian oso zaila da gazteentzat, baina ez da kasualitate bat. Sozial, politiko eta ekonomikoki produzitutako etxebizitza da, gizarteko zati baten mesederako baina beste batzuen kalterako egina. Hau da, Espainian ez da baliabiderik ezta aurrekonturik inbertitzen alokairuaren merkatu pribatuak errentagarritasun handia galduko lukeelako. Gazteek, etxebizitza bat bilatzerako garaian merkatu pribatuaren eta sozialaren artean aukeratzeko gai izango balira, merkatu pribatuak sozialarekin lehiatu beharko luke, gazteentzako errentagarriagoa izan dadin etxebizitza pribatura jotzea sozialera jotzea baino.

Hala ere, gaur egun aukera hori ez da existitzen. Gazteek soilik alokairuaren merkatu pribatura jo dezakete. Ondorioz, jabeek nahi duten prezioa eska dezakete. Horrela, jabe eta maizterren arteko botere ezberdintasun egoera batera iristen gara, eta aldaketa bat sustatuz soilik lortuko dugu hain oinarrizkoa den eskubide hau lortzea, hau da, gazteek etxebizitzara irisgarritasun duina izateko eskubidea.